EUSKAL PILOTA
Juanenea eta Endika sailkatu dira finalerdirako
Juaneneak Endikari irabazi zion 29-30 eta horrenbestez biak sailkatu dira finalaurrekoetara. Barrenetxea IV.a aldiz txapelketatik kanpo gelditu da.
Pasa den larunbatean jokatu zen Kutxabank Torneoaren barruan finalerdietako ligaxkaren bosgarren partidua, eta Juaneneak lortu zuen garaipena, Endikari 29-30 irabazita. Emaitza honekin, biak sailkatu dira finalaurrekora, eta 2019ko txapelduna, Barrenetxea IV.a, txapelketatik kanpo geratu da. Gainera, Juaneneak, zortzi punturekin, finalera zuzenean sailkatzeko aukera du oraindik, azkeneko jardunaldian Urriza 16 tanto edo guxiagotan geratzen bada, datorren larunbatean Iruñeko aurrelariaren eta Barrenetxea IV.aren arteko partidan. Urrizak 17 tanto egingo balitu, berriz ere bi saldiastarrak aurrez aurre izango dira finalerdian.
Partida parekatua eta ikusgarria izan zen, zaleen gozamenarako. 17 tanto egin behar zituzten biek eta agian presio handirik gabe aritu zirenez askotariko jokaldiak egin zituzten: bi hormetara, dejadak, moztutako pilotak… Oraingoan sakea ez zen erabakigarria izan. Endikak bost tanto egin zituen eta Juaneneak hiru. Piloteoan aldiz, irabazleak 25 tanto egin zituen eta bost hutsegite, eta Endikak 19 tanto eta bi huts egin zituen.
Hala ere, norgehiagokaren lehen zatian Endikak eraman zuen partidaren gidaritza. Juanenea suspertu eta buelta eman zion gero eta 14na berdintzea lortu zuen, 10-4 atzetik joan ondoren. Juanenea aurrea hartzea lortu zuen ere (18-20) baina 21-24aren ondoren, zazpi tantoko partzial batek lau tantoko aldea eman zion Endikari, 24-28. Orduan, aurrelariak txanpona itzuli zion atzelariari eta 28-29 aurreratu zen 0-5eko beste partzial batekin, 29nako berdinketa ezarriz markagailuan. Hil ala bizi jokatu zuten beraz garaipena azkeneko tantoan, eta oraingoan Juanenearen alde erori zen txanpona.
Irailaren 5ko partiden emaitzak:
- Goikoetxea V.a-Arruarte 27 / Urrutia II.a-Zubiri 40
- Endika 29 / Juanenea 30
- Ansa II.a-Barrenetxea IV.a 40 / Urriza-Larrañaga 38
Hurrengo partiduak, irailaren 12an:
- Zaldua II.a-Aizpuru III.a vs Urrutia II.a-Labaka
- Barrenetxea IV.a vs Urriza
- Ansa II.a-Larrañaga vs Juanenea-Endika
Buruz Buruko Txapelketa
Finalaurdenetako fasea, Juanenea, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izango da eta abuztuaren 13an, ostegunean, hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera pasako da eta gainontzekoak kanporatuak izango dira.
Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den pelotaria, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira, eta laugarren geratzen dena txapelketatik at geratuko da. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak.
Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da irailaren 26an jokatuko den finalean. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuen artean irailaren 19an jokatuko da.
Partida guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligaxketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu batuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra lortuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik behera puntu bat kenduko da sailkapenean.
Profesionalak ez diren pilota txapelketa guztiak bertan behera
Federazioek antolaturiko txapelketa ofizialak eta bestelako lehiaketa pribatuak eten dira. Pilota profesionalak momentuz aurrera egingo du
Abian da 4 1/2ko Eskuz banakako Emakume Master CUP txapelketa
Pasa den igandean eman zitzaion hasiera txapelketari, Larrabetzun, Santurtzin eta Zaragozan jokatutako aurrekanporaketekin
Bizkaia 2 taldeak irabazi du Euskal Herriko Bote Luzeko txapelketa
Bosgarren edizio honetako finalean, Bizkaia 1 taldeari erraz nagusituta (12-2)