FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA

Juan Martinez de Irujok jarriko dio txapela larunbatean irabazleari

2017/08/08

 

 

Euskal tradizioan, garrantzia berezia dauka txapelak. Txapeldun hitza berak ere bertan dauka jatorria eta irabazleari txapela jarri ohi zaio. Beraz, berezkoa behar du izan, Euskal Herriko Txapelketan ere, irabazleak txapela jasotzea eta hau jartzeko nor hobeto gure artean egon den txapeldun handienetako bat baino. Horregatik, larunbateko partidaren amaieran irabazleari Juan Martinez de Irujok jarriko dio txapela.

Esku huskako pilotari handiak aurten hartu du erretiroa, bihotzean aurkitu zioten gaitz bat dela eta. 14 urte eman ditu profesional moduan eta bera da hiru txapel nagusiak (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) urte berean janztea bi aldiz lortu duen pilotari bakarra. Guztira 13 txapel batu zituen eta bere jokatzeko eragatik esku huskako pilotara iraultza ekarri zuela esan daiteke.  Iberokoa futbol zalea ere badugu eta Barakaldon lehen pertsonan derbi polit bat bizitzeko prest agertu da, Euskal Herriko txapela nori jantzi behar dion jakin nahian.

Kalejira “Ofizialtasuna orain” lelopean

Bestalde, aipatu beharra dago, partidaren aurretik jai giroan murgildu nahi izan dutela Athletic eta Alaves zaleek eta hori dela eta, Herri Norte eta Iraultza 1921 taldeek kalejira bat antolatu dute, “Ofizialtasuna orain” lelopean, 18:00tan hasita Barakaldoko Bagatxa kaletik eta Lasesarre futbol zelairaino.

Share This