EUSKAL SELEKZIOA/FUTBOLA
Joseba Etxeberria: “Teknikoki jantzia, eta euskal futbolaren ezagupen sakona izan behar du”
Joseba Etxeberriak (Elgoibar, 1977) ez du aurkezpenik behar. Athleticen Iribar eta Rojo ondoren, partida gehien jokatu duen hirugarren jokalaria da (514), baina entrenatzaile bezala ere ibilbide mardula du, oraindik gaztea den arren. Athleticeko kadeteak entrenatzen hasi zen, gero jubenilak, Baskonia, Amorebieta, Tenerife, eta egun Bilbao Athleticeko entrenatzailea da. Entrenatzailea izateaz gain, Euskal Selekzioarekin izandako konpromisoagatik elkarrizketatu dugu.
Nola gogoratzen duzu zure ibilbidea Euskal Selekzioan?
Sentipen eta oroimen ugari ditut. Baina bat aipatzekotan, Caracasen jokatu genuen partida aipatuko dut. Munduan zehar, Euskal Selekzioa ordezkatzen, Amerikako Kopa antolatzen zuen selekzioaren aurka, kriston giroa zegoelarik, 1-4 irabazitako eguna…
Zeintzuk dira selezionatzailearen eginkizunak?
Informazio asko batu behar da, lana ondo egin nahi bada. Bertako taldeak jarraitu behar dira, baina hemengo taldeetatik kanpo jokatzen ari diren jokalariak ere jarraitu behar dira. Bitarteko gutxi dago, baina ahal den moduan, lan hori ondo egin behar da. Egun telebistak asko laguntzen du, eta gainean egon beharra dago.
Bestalde, jokalariak persona arruntak dira eta pertsona gisa ere zaindu egin beha dira. Tarteka kanpoan jokatzen ari diren eta jarraipena egiten zaien jokalariei bisita egin behar zaie. Eurekin egon, zaindu.
Ze staff behar du Euskal Selekzioko entrenatzaileak?
Gutxienez lehen eta bigarren entrenatzailea, prestatzaile fisikoa eta atezainen entrenatzailea. Gero aurkaria aztertzeko analista bat beharko da. Selekzio ofizialek bitarteko gehiago dituzte, baina gureak beharko luke gutxienez hori.
Urte guztiko plangintza beharko litzateke?
Urte osokoa ez dakit, baina teknikoki ondo egin behar dira gauzak. Lagunarteko partidak diren arren, seriotasunez hartu behar dira. Adibidez, Gabonetako ohiko partida hartarako liga hasieran hasi beharko litzateke lanean. Jokalariek jarratitzen, ereduak aztertzen… eta urtean bizpahiru partida jokatuko balira, gutxienez urteko 3/4etan lanean aritu beharko luke.
Euskal Herrian lurraldetasun afera ere badugu! Nola gainditu?
Azpimarratu nahi dut jokalariek betidanik izan duten jarrera eredugarria. Nafarroatik, Iparraldetik, leku guztietatik, izugarrizko jarrera izan dute beti Euskal Selekzioan parte hartzeko. Orain Osasunan euskaldunak egotea staff teknikoan ere gauzak errazten ditu, baina oztopo administratibo edo politikoak ez daude gure esku.
Bukatzeko, zein da zure ustez, Euskal Selekzioko entrenatzaileak izan behar duen profila?
Tekniko ona izan behar du. Lagun arteko partidak izan arren ere guk serioski hartu eta landu behar ditugu. Baina hori ez da nahikoa. Euskal futbola bere osotasunean, barru barrutik ezagutu behar du, eta zaletuekin uztartua behar du.
Esan behar da Euskal Herrian izugarrizko entrenatzaileak ditugula. Asko lehen mailan entrenatzen ari dira, baina bigarren eta beste lerroetan ere izaugarrizko entrenatzailak daude, teknikoki oso ondo prestatuak, komunikatzaile onak barrura begira, eta baita gizarteari begira ere. Badugu non aukeratu, alajaina.
IRITZIA/ELKARRIZKETAK
Euskadiko Futbol Federakundeak aparteko batzarra egingo du Euskal Selekzioaz erabakiak hartzeko
Abenduaren 12an egingo du EFFak Euskal Selekzioaren ofizialtasunari buruzko batzarra, Durangoko San Agustin Kultur Gunean, 18:30etan. Eskabidea egitera animatu nahi ditugu batzarkide guztiak
Jon Redondo: «TASeraino lagunduko diegu nazioartean lehiatzea eskatzen duten federazioei»
Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariari elkarrizketa, Euskal Selekzio nazionalen norabideaz
Jon Torner: “Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan”
Partida irabazteko ez da nahikoa jokalariek golak sartzearekin