“Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan””
JON TORNER ZABALA
Kazetaria
argia.eus
Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan
15.132 ikusle bildu ziren urriaren 12an Gasteizko Mendizorrotza futbol estadioan, Euskal selekzioak duela bi urte San Mamesen jokatutako partidan bezainbeste. Orduko hartan baino giro askoz ere hobea zegoen halere harmailetan, nabarmen biziago zeuden animoak. Txaloak beraz zaleentzat, duela bi urte hilzorian ikusten genuen proiektuarekiko ilusioa pizteagatik.
Venezuelaren aurkakoa FIFA datetan jokatu da, eta horrek ere lagundu du, oihartzun handiagoa lortzeaz gain, bide ematen duelako aurkari indartsuagoen aurka jokatzeko eta erakusteko Euskal selekzioa gai dela eurei irabazteko.
Izan da, dena den, nabarmendu dutenak zale batzuen “jarrera gaitzesgarria”, tartean hainbat hedabidek, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ere, txio pare batean: “Harmailak ia beteta. Lastima batzuek erakusten duten errespetu falta. Lan asko egin beharko da nazioartean onar gaitzaten eta jokabide batzuek ez dute laguntzen. Eskerrak jokalariei [1]. Ez dut gogoko Euskal Selekzioa aldarrikatzeko Espainiako banderak erretzea, arerio politikoa iraintzea, gure ikurrak ez errespetatzea, Ajuria Eneara petardoak botatzea eta kirolarekin zerikusirik ez duten kontuak kirol aldarriekin nahastea [2]”.
Ez, mesedez, ez dut gehiago entzun nahi politika eta kirola ez direla nahasi behar. Ez dugu berriro azalduko lelo horrek ezkutatzen duen mezu/borondate engainagarria. Horren ordez, administrazioak azaldu beharko luke zer egin eta egingo duen euskal selekzioa ofiziala izan dadin. Agian sukalde-lan gogor eta zikinetan dabiltza murgilduta (FIFA datetan jokatzea ahalbidetu izanak demostratuko lukeena neurri batean), baina ematen duen itxura da ez dela nahikoa egiten.
Jon Redondok, Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, urte hasieran Diario Vascok plazaratutako elkarrizketan zioen Gabonetako partidek ez dutela zentzurik, eta administrazioak ez duela horretara bueltatzeko asmorik. Bost nazioen balizko txapelketaz mintzo zen, eta adierazi zuen nazioartearen aitortza lortzeko “herrialde serioa garela eta talde indartsua dugula” erakustea ezinbestekoa dela, eta Euskal Federazioari dagokiola nazioartekoari eskatzea barnean hartzeko.
Ez da bide samurra, ertz ugari baititu auziak, Mendizorrotzara joan ziren Nafarroako zaleek Arabara sartzean ikusi zuten “Euskadi” ongietorri kartelak azaleratzen duen moduan, baina, partida irabazteko ez da nahikoa jokalariek golak sartzearekin.
Denboraldi berriko lehen euskal titulua aurkeztuta
FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA Uztailaren 13an aurkeztu zen Euskal Herriko gizonezkoen Lehen Txapelketako finala. Lasesarre futbol zelaiko berdegunean, abuztuaren 12an, arratsaldeko 19:30tatik aurrera finala jokatuko den tokian bertan izan ziren Jose...
Abuztuaren 12an jokatuko dute Athleticek eta Alavesek gizonezkoen Euskal Herriko Txapelketako finala
FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA Gizonezkoen Euskal Herria Txapelketako lehen edizioko finalak badauka data dagoeneko: abuztuaren 12an jokatuko dute Athleticek eta Alavesek txapelaren bila, Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian, arratsaldeko 19:30tatik aurrera....
Reala finalera, Gasteizko Aurrera 12-0 gainditu ondoren
FUTBOLA/EUSKAL HERRIA KOPA > realsociedad.eus: Finalera Nesken taldeak Eukal Herriko Kopako finalerako txartela lortu zuen atzo Aurrera Vitoria 12-0 garaitu ostean. Partida Bergaran jokatu zen eta lehen unetik txuri-urdinek bere nagusitasuna erakutsi zusten....