“Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan””
JON TORNER ZABALA
Kazetaria
argia.eus
Harmailetako animoek ez dute oihartzunik bulegoetan
15.132 ikusle bildu ziren urriaren 12an Gasteizko Mendizorrotza futbol estadioan, Euskal selekzioak duela bi urte San Mamesen jokatutako partidan bezainbeste. Orduko hartan baino giro askoz ere hobea zegoen halere harmailetan, nabarmen biziago zeuden animoak. Txaloak beraz zaleentzat, duela bi urte hilzorian ikusten genuen proiektuarekiko ilusioa pizteagatik.
Venezuelaren aurkakoa FIFA datetan jokatu da, eta horrek ere lagundu du, oihartzun handiagoa lortzeaz gain, bide ematen duelako aurkari indartsuagoen aurka jokatzeko eta erakusteko Euskal selekzioa gai dela eurei irabazteko.
Izan da, dena den, nabarmendu dutenak zale batzuen “jarrera gaitzesgarria”, tartean hainbat hedabidek, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ere, txio pare batean: “Harmailak ia beteta. Lastima batzuek erakusten duten errespetu falta. Lan asko egin beharko da nazioartean onar gaitzaten eta jokabide batzuek ez dute laguntzen. Eskerrak jokalariei [1]. Ez dut gogoko Euskal Selekzioa aldarrikatzeko Espainiako banderak erretzea, arerio politikoa iraintzea, gure ikurrak ez errespetatzea, Ajuria Eneara petardoak botatzea eta kirolarekin zerikusirik ez duten kontuak kirol aldarriekin nahastea [2]”.
Ez, mesedez, ez dut gehiago entzun nahi politika eta kirola ez direla nahasi behar. Ez dugu berriro azalduko lelo horrek ezkutatzen duen mezu/borondate engainagarria. Horren ordez, administrazioak azaldu beharko luke zer egin eta egingo duen euskal selekzioa ofiziala izan dadin. Agian sukalde-lan gogor eta zikinetan dabiltza murgilduta (FIFA datetan jokatzea ahalbidetu izanak demostratuko lukeena neurri batean), baina ematen duen itxura da ez dela nahikoa egiten.
Jon Redondok, Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, urte hasieran Diario Vascok plazaratutako elkarrizketan zioen Gabonetako partidek ez dutela zentzurik, eta administrazioak ez duela horretara bueltatzeko asmorik. Bost nazioen balizko txapelketaz mintzo zen, eta adierazi zuen nazioartearen aitortza lortzeko “herrialde serioa garela eta talde indartsua dugula” erakustea ezinbestekoa dela, eta Euskal Federazioari dagokiola nazioartekoari eskatzea barnean hartzeko.
Ez da bide samurra, ertz ugari baititu auziak, Mendizorrotzara joan ziren Nafarroako zaleek Arabara sartzean ikusi zuten “Euskadi” ongietorri kartelak azaleratzen duen moduan, baina, partida irabazteko ez da nahikoa jokalariek golak sartzearekin.
Beste domina bat euskal taldeentzat Mundialaren bigarren jardunaldian
Erandioko Goiherri taldeak brontzea lortu du 23 urtez azpiko 600 kiloko mailan
Silvia Triguerosek irabazi du Tor des Geants lasterketa
Abadiñarra proba hiru aldiz irabaztea lortzen duen lehen emakumea bihurtu da
Sokatira Mundialaren lehen jardunaldia jokatu da Getxon
Euskal tiratzaileek hiru domina irabazi dituzte taldekako lehen jardunaldian, denak Laukizko Gaztediren eskutik