EUSKAL PILOTA
Jon Tambourindeguy eta Ibon Aldazabal sailkatu dira finalerako
Asteartean jokatu zen Grand Slam Txapelketako bigarren finalerdia, Donibane Lohitzuneko Campos Berri pilotalekuan, Jon Tambourindeguy-Ibon Aldazabal eta Alex Hormaetxea-Julien Ihitsiague bikoteen artean.
Jon Tambourindeguy bidartetarra eta Ibon Aldazabal berriatuarra nagusitu dira bi jokoak irabazita (15-11 eta 15-8). Bikote aurkarian Lekerika zen jokatzekoa baina arrazoi pertsonalak tarteko, Internationaux 2020 sailkapeneko bosgarren postuan geratu zen Julien Ihitsaguek jokatu zuen bere ordez finalerdi honetan.
Finalerdiaren emaitza ezustekoa izan da, Internationaux Txapelketen hasieran inork gutxik aurreikusiko baitzuen Tambourindeguy-Aldazabal bikoteak Grand Slameko finala jokatuko zukeenik.
Batetik, berriatuarra ukabilean mina hartuta Master txapelketetako bat jokatzeari uko egin behar izan ziolako, hartara Grand Slamerako sailkapena lortzeko gauzak asko zaildu zitzaizkiolarik. Baina Etxetoren lesioak aukera berri bat eman zion eta laugarren Masterra jokatzeko izendatu zuten, Hormaetxearekin batera lehenik finalerdian Olharan eta Etcheverry gainditu zituztelarik, finalean ere Beaskoetxea-Lekerika bikotearen aurka garaipena eskuratu zutelarik.
Bestetik, Tambourindeguyren kasuan, aurreneko lau aurrelarien artean sailkatzea zaila zuen zinez, kontutan hartuta gainontzeko lehiakideen maila: Goikoetxea, Beaskoetxea, Erkiaga, Olharan, Hormaetxea, Barandika, Olha eta anaia duen Patxi Tambourindeguy. Baina Jonek eta Lekerikak sekulako erakustaldia eman zuten hirugarren Masterrean, lehenik Barandika eta Aimarren kontra eta azkenik Goikoetxea eta Aldazabalen aurkako norgehiagokan. Oso fin aritu da orainarte eta horren ondorioz lehenengo lau aurrelarien artean lekua eskuratu zuen eta horrekin konformatu ez eta Grand Slameko finalerako txartela eskuratzea lortu du.
Finalerdiaren lehenengo jokoan, Tambourrek arazo asko izan zituen sakearekin baina Aldazabalen laguntzaz, bikote gorriaren alde erori zen garaipena (15-11). Hormaetxeak ez zuen aurreko partidetan bezala asmatu, eta nahiz eta Ihitsaguek maila ona erakutsi ezin izan zuten jokoa poltsikoratu.
Bigarren jokoan aldiz, gauzak errazagoak izan ziren gorrientzat, izan ere zazpi tantotako zuloa ireki zuten markagailuan, 11-4. Oso ondo aritu ziren bi bikotekideak eta urdinak aldiz etsipenean erori ziren eta ezin izan zuten markagailua irauli (15-8).
Gauzak horrela, datorren ostegunean, abuztuak 27, jokatuko da Grand Slameko final handia, bertan Tambourindeguy-Aldazabal eta Olharan-Lopez bikoteek indarrak neurtuko dituztelarik. Jaialdia iluntzeko 21:00tan hasiko da eta orainarteko partidetan bezala, 750 lagun bildu ahalko dira lehia bertatik bertara jarraitzeko.
Grand Slamerako sailkapena:
Aurrelariak
1- OLHARAN…………………… 8 puntu (+22)
2- TAMBOURNIDENGUY….. 8 puntu (+19)
3- HORMAETXEA……………. 8 puntu (+11)
4- ERKIAGA…………………….. 8 puntu (-9)
Atzelariak
1- LOPEZ………………………. 15 puntu (+44)
2- ALDAZABAL……………… 12 puntu (+26)
3- LEKERIKA………………….. 12 puntu (+22)
4- AIMAR………………………. 5 puntu (-2)
FINALERDIAK: Abuztuak 20 eta 25
FINALA: Abuztuak 27
Aurtengo denboraldiko Master Txapelketak
MASTER 1 Txapelketa: uztailaren 23tik 28ra (finalerdiak uztailaren 23an eta finala uztailaren 28an):
Txapeldunak: OLHARAN-LOPEZ
Txapeldunordeak: Erkiaga-Ihitsague
MASTER 2 Txapelketa: uztailaren 30tik abuztuaren 4ra (finalerdiak uztailaren 30ean eta finala abuztuaren 4ean):
Txapeldunak: BARANDIKA-LOPEZ
Txapeldunordeak: Erkiaga-Aimar
MASTER 3 Txapelketa: abuztuaren 6tik 11ra (finalerdiak abuztuaren 6an eta finala abuztuaren 11an):
Txapeldunak: J. TAMBOURINDEGUY-LEKERIKA
Txapeldunordeak: Goikoetxea-Aldazabal
MASTER 4 Txapelketa: abuztuaren 13tik 18ra (finalerdiak abuztuaren 13an eta finala abuztuaren 18an).
Txapeldunak: HORMAETXEA-ALDAZABAL
Txapeldunordeak: Beaskoetxea-Lekerika
Lehiaketa hauetan emaitza onenak lortzen dituzten bikoteek azken torneo batetan (Gran Slam izenekoa) neurtuko dituzte indarrak haien artean.
SLAM Txapelketa: abuztuaren 20tik 27ra (lehenengo finalerdia abuztuaren 20an, bigarren finalerdia abuztuaren 25ean eta finala abuztuaren 27an).
Janire San Sebastianek eta Naiara Fernandezek irabazi dute emakumeen II. pala txapelketa
Alaia Azkuek eta Kistiñe Astigarragak osaturiko bikoteari 22 eta 18 irabazita, Odieta pilotalekuan jokatutako finalean
Endikak 30-23 irabazi dio Barrenetxeari ligaxkako laugarren jardunaldian
Emaitza honekin, Urriza ia finalean da eta Juanenea eta Endikak jarraitzeko nahikoa dute puntua ez galtzea beraien arteko partiduan
Larunbatean hasiko da II. San Migel Xare Irekia
Xare modalitateko pilotari onenek parte hartuko dute irailaren 5ean hasi eta urriaren 3an amaituko den lehiaketan