“TASeraino lagunduko diegu nazioartean lehiatzea eskatzen duten federazioei”
JON REDONDO
Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria
Elkarrizketa | berria.eus
Argazkia: Endika Portillo | FOKU
Jon Redondo. Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria
«TASeraino lagunduko diegu nazioartean lehiatzea eskatzen duten federazioei»
Bospasei federaziok nazioarteko erakundeetan sartzeko bidea has dezaketela aurreratu du Redondok, eta Jaurlaritzak lagunduko diela. 2020rako «mundu mailako» pilota txapelketa bat diseinatzen hasia da: «Pilotak merezi duen txapelketa».
Elkarrizketa: Imanol Magro Eizmendi | berria.eus
Lanpetuta dabil Jon Redondo (Orio, Gipuzkoa, 1979). Azken asteak bileraz beteak izan ditu, eta gai asko ditu mahai gainean: selekzioak, txirrindularitza, dopina… Hala ere, tarte bat egin du agendan bere bulegoan solasaldi luze bat egiteko.
Aste batzuk pasatu dira gizonezkoen euskal futbol selekzioaren azken lagunartekotik. Badirudi zaletasuna pixka bat piztu dela.
Uste dut itxura hobea eman dugula. Nahiz eta 15.000 lagun egon, estadioaren %70 bete genuen, eta horrek badu bere balioa. Hilzorian genuen paziente bat gela arruntera eraman dugu. FIFA datetan ligak gelditu egiten dira, eta gure selekzioa partida ofizial zerrendetan agertzen da. Kokatzeko aukera ematen dizu horrek, gerora atzerriko talde hobeak ekartzeko. 2014an esan genuen Gabonetako partidaren formatua agortuta zegoela, zaleei zerbait erakargarria eman behar zitzaiela, eta FIFA leihoek horretarako bidea ematen dute.
FIFA datetan jokatzeak nahikoa berme ematen al dio partidari?
FIFA datetan jokatzea gutxienekoa da. Orain, partidak mantendu beharko genituzke, baina aurkari hobeekin, hori da erronka. Buelta batzuk eman behar zaizkio formatuari: lau selekzioren arteko txapelketa bat… Aurtengoa baino zerbait hobea egin behar dugu, bestela ez baita erakargarria izango gure zaleentzat, hori da gutxieneko kirol maila.
Hauek dira FIFA daten abantailak: atzerrian ari diren jokalariei deitu ahal izatea eta aurkari hobea aurkitzea. Azken partidan ez zen lortu ez bata eta ez bestea.
Ez da erraza, jakinda hainbat aurkarik ez dutela euskal selekzioaren aurka jokatu nahi. Ez gara selekzio ofiziala, baina bai oso ona. Irabaziz gero, ez dio protagonismo handirik emango aurkariari, baina, galduz gero, entrenatzaileak egurra jasoko du. Kasu zehatzak izan ditugu selekzio indartsuekin, non hautatzaileak ez duen nahi izan gure aurka jokatu.
Udan beste partida bat joka daitekeela argitaratu da, eta Eskozia aipatu. Zer dakizue?
Federazioarekin biltzekoak gara egoera aztertzeko. Oraingoz, ez dugu informazio zehatzik horren inguruan. Gu torneo motzaren aldekoak gara, baina aurkari on bat lortzea zaila bada, pentsa hiru.
Duela urte eta erdi esan zenuen ofizialtasunaren gaia «epel» ikusten zenuela. Eta orain?
Euskal selekzioaren gaia, agian, ez dago lehen lerroan. Giroa epel dago, baina arlo askotan.
Zeinen errua da? Edo zeren ondorioa?
Errua ez da hitza. Gizartea ere aldatu egin da: globalizazioa, oro har ondo bizi gara, beste lehentasun batzuk daude… Euskal selekzioa ez da lehentasuna. Baina guk lan egin behar dugu administraziotik, gobernu abertzale bat garen heinean, berriz ere nahia pizteko.
Jaurlaritzak babes juridikoa eskaini zien ofizialtasunaren bidea hasi nahi zuten federazioei. Sokatiraz gain, beste norbaitek jo al du ate hori?
Jo baino gehiago, gu joan gara federazioengana. Bere garaian, agiri bat aurkeztu genuen ofizialtasunaren inguruko bide juridikoak plazaratuz. Ikusita giro epela zegoela, gu joan gara federazioengana.
Zertarako, zehazki?
Nazioarteko hainbat federazioren arautegiak hartu ditugu, eta «zailtasun gutxien» jar zitzaketenak aztertu. Ofizialtasunari buruz hitz egitean, lehenbizi esan behar da euskal federazioak ofizialak direla, hala ageri dira estatutuetan, baina guk eskatzen dugu nazioarteko federazioko kide izatea, eta nazioartean lehiatu ahal izatea.
Zein federazioren arautegia aztertu duzue?
Futbola tartean dago, esanguratsu moduan, eta, horrez gain, halterofilia, surfa, boxeoa, igeriketa, errugbia, atletismoa…
Eskaera beti federazioak egin behar du?
Nazioarteko federazioak elkarte pribatuak dira, eta kideak, federazioak. Eskaera federazioak egin behar du. Gobernuak lagundu dezake, bide horretan bultzada eman, baliabide juridikoak jarri… Baina eskaera federazioak egin behar du. Federazioek batzarrak dituzte, eta beren estatutuetan jartzen du batzarrean onartu behar duela pauso hori. Gobernua ari da zenbait federaziorekin aztertzen, batzar hori nola gorpuztu ikertzen, eta bide juridikoak eta agiriak prestatzen lagundu die. Uste dut hemendik sei hilabetera albisteak izango ditugula, hainbat federazio pauso hori ematera baitoaz eta emana izango baitute.
Zabaldu da futbolekoa izango dela pausoa ematen lehenbizikoetakoa. Zertan da gaia?
Futbolean bi bide erabili behar dira ofizialtasuna lortzeko. Bat praktikoa da, zelai gainean egiten dena, ofizialtasunaren aldeko pultsu horri bizirik eutsi, eta aurkariek ezagut zaitzatela. Eta gero eskaera ofiziala egin behar da: alegia, bulego lana. Guk federazioari esan genion bazela garaia pauso hori eman eta FIFAra eskari ofiziala egiteko. Iaz, guk gomendatuta, federazioak urteko batzarreko gaien artean sartu zuen. Gai ordena iritsi zenean, erabaki zen bozkatu aurretik informazio gehiago behar zela, eta gai hori mahai gainean gelditu zen.
Aurten, federazioarekin bildu garenean, lortu dugu hiru jardunaldi informatibo egitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioetan, federazioa osatzen duten klub guztiek zalantzak argitu zitzaten. Jaurlaritzak kirol gaietan aditua den abokatu bat eraman zuen, eta zalantzak argitu zituen. Zalantza askorik ez zen plazaratu. Eta bertan federazioak esan zuen jardunaldiak bukatzean ezohiko batzar bat egingo zuela, eta batzar horretan gai hau bozkatuko zela. Onartzen bada, eskaera ofiziala egingo du FIFAra.
2017an eskaera bera egin zenuten, eta ez zen bozketara ere iritsi. Berriz ere gertatzeko arriskua al dago?
Kluben zalantzak argitzeko bilerak egitea eskatu zutelako gelditu zen bertan behera. Baldintza hori bete dugu, eta nik uste dut orain bozkatuko dela.
Onartuz gero, hurrengo pausoa Espainiako Federazioa da.
Bai. Hau berria da; bere garaian Gibraltarren eskaeraren ondoren sarturiko baldintza bat da [2013az geroztik, UEFAko kide da, TASek behartu zuelako]. Lurralde edo estatu ez den nazio batek eskaera egiten duenean, lehenbizi estatuko federazioari egin behar dio. Kasu honetan, Espainiakoari egin beharko litzaioke, eta, erantzunaren arabera, gero nazioartekora jo.
Pentsatzekoa da Espainiako Federazioak ezetz esango duela. Epai bide bat has daiteke hor?
Bai. Gibraltarren kasua da eredurik garbiena. Eskaera behin baino gehiagotan egin zuen, eta ezezkoak jaso; geldi egon beharrean, Kirola Arbitratzeko Epaitegira (TAS) joan zen, eta hark arrazoia eman zion. Egia da hartaz geroztik estatutuetan erraztasun gutxiago daudela, baina Gibraltar bere garaian lehen ezezkoaren ondoren geldirik egon izan balitz orain ez zen izango UEFAko kide.
Kirol zuzendaritza gisa federazioei epai bide osoan laguntzeko prest zaudete?
Bai, dudarik gabe. Nazio gisa lehiatzea eskatzen duten federazioen lagun izango gara bide guztian. Laguntza juridikoa emango diegu, ekonomikoa eta beste TASera joan eta defentsa egiteko. Eskutik joango gara. Bide hori egiteko konbentzitu baditugu, ez du logikarik bide horretan bakarrik uzteak.
Eta Espainiakoak ezetz esaten badu, Espainia eta Euskadiko federazioaren arteko harremanak modu berean jarrai dezake?
Bakoitzak bere bidea egin behar du. Nik eskatuko nioke bere eskumenek ematen diotena betetzeko. Onartu, eskaera egin Espainiakora, eta gero FIFAra. Bidea egin behar dugu. Oztopoak egongo dira, errealistak gara, eta badakigu zein egoeratan bizi garen. Ni ez nintzateke liskarraren bila hasiko, gure bidean zentratuko nintzake, eta, ahal den neurrian, TASera iritsi.
Oraintxe jokatu berri da Munduko Pilota Txapelketa, eta euskal selekzioaren gaia ia ez da aipatu ere egin.
Lehenbizi, hau da Munduko Txapelketari begira egin dugun hausnarketa: pilotak gehiago merezi duela. Ikuskizuna ez da izan pilotak merezi duen adinakoa, eta gobernutik ari gara gaia aztertzen. Olinpiar urteetara begira, txapelketa duin bat antolatu nahi dugu, modalitate guztietan munduko onenak bilduko dituena. Hurrengo urtean aurkeztu nahi genuke egitasmoa, 2020rako. Azken urteetan hiru bilera egin ditugu Xabier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidentearekin, eta, ikusirik ez duela baliabide askorik, gobernu gisa esan diogu laguntzeko prest gaudela. Gauza bakarra eskatu diogu: Euskadiko Federazioa kide izatea, ofizialtasuna lortzeko. Historiagatik, kirolagatik… merezi dugu, eta beti ezezkoa jaso dugu. Guk saiakera egin dugu, baina, ikusita hor ez dagoela konponbiderik, txapelketa horretan zentratu gara.
Munduko Txapelketa alternatibo bat da?
Nik esango nuke Munduko Txapelketa duin bat dela. Alternatibo hitza ez nuke erabiliko, asmoa ez delako dagoenaren alternatiba bat antolatzea, baizik eta gauza hobe bat antolatzea. Edozein pilotarik jokatu nahiko lukeen txapelketa bat antolatu nahi dugu. Hurrengo urtearen erdirako izango dugu diseinatua. Datak eta tokia oraindik lotzeko daude; gobernuak hartuko du ekimena.
«Biak ikusten ditugu begi onez, Murias eta Fundazioa»
Selekzioa ere izan zitekeen txirrindularitza talde bat. Jon Odriozola Muriaseko zuzendariak jendaurrean eskatu du Jaurlaritzaren babesa. Zeri buruz ari da?
Lehendabizi, aitortu behar da denboraldi oso ona egin duela. Euskaltel-Euskadi desagertu zenetik, basamortu moduko bat pasatu dugu. Oraingoz, horri buelta ematen ari da, ekimen pribatuaren ondorioz, eta badirudi futbolean aipatu dugun epeltasun hori txirrindularitzan berotzen ari dela. Iaz, gobernuak batzartu egin zituen Murias eta Euskadi Fundazioa, eta saiakera egin zuen proiektu amankomun bat izan zezaten, ikusten genuelako bien ideia antzekoa zela. Egia da, halaber, krisia dela-eta 2012an erabaki genuela kirol profesionalean dirurik ez genuela jarriko, eta, oraingoz, irizpide horri eutsi diogu.
Dirua jarri ez, baina errealitateak erakusten du erakundeek erraztu dezaketela babeslea lortzea.
Horrela izan daiteke, jakinda kirolean, krisiaren ondorioz, arazo larria dugula. Futbola alde batera utzita, beste kiroletan zailtasun handiak ditugu babesle pribatuak lortzeko. Guk Basque Team dugu goi mailako fundazio moduan, eta krisiaren aurretik bost babesle zituen, eta orain, bakarra.
Jaurlaritzak baten alde egin beharko luke? Espresuki adierazitako babes batek agian erraztuko luke babesle bat bilatzea.
Guk bi proiektuak ikusten ditugu begi onez. Bakoitzak bere bidea egin behar du. Ikusten dugu biek dituztela arazoak babesle publiko eta pribatuak aurkitzeko. Ikusi behar da egoera honek zein panorama uzten duen eta nola jokatzen duten biek.
Txirrindularitzan, Jaurlaritzaren lehentasuna probak erakartzea izan da. Tourra da asmorik handiena. Badago zerbait erreala?
Nire ustez, Vueltaren etapa antolatu zen zaleak zer moduz erreakzionatzen zuen ikusteko, eta hurrengoa Tourrarekin hitz egitea izango da. Bilboko alkateak ere aipatu du. Ez da erraza izango, baina harremana nahiko estua da Tourrarekin, eta hori landu egin behar da. Oraingoz, ez dago datarik.
Galdetu al duzue zenbateko kostua izango zukeen?
Oker ez baldin banago, Tourreko etapa bat ekartzea milioi bat eta milioi eta erdi euro artean dago, eta Tourraren irteera hartzea ez dakit lauzpabost milioi ez diren.
Probekin jarraituz, 2019an egongo al da Emakumeen Bira?
Gobernutik, Birako antolatzailearekin batzartu ginen, eta mahai gainean jarri ziguten errelebo baten beharra zutela. Beste proba batzuen antolatzaileekin hitz egin genuen, eta bilera batzuk hitzartu. Guk dugun informazioaren arabera, errelebo bat egongo da Biraren antolakuntzan.
Euskal Herriko Itzuliaren antolatzaileek hartuko dute Bira?
Egia esan, oraindik ez dakigu. Agian, Bizkaian dagoen antolaketa batek hartuko du. Bira World Tourrean mantentzen ahalegindu behar dugu.
Ez da hainbeste Jaurlaritzak asko egin zuela Itzulia salbatzeko.
Uste dut Itzuliaren garairik okerrenak pasatu direla. Etorkizuna nahiko baikorra da orain.
Eskatuko al diezue Ipar Euskal Herrira pasatzeko?
Haiek badakite gure nahia dela ahalik eta gehien zabaltzea, eta zazpi lurraldeetan egotea. Hor, egia da teknikoki arazo txiki batzuk egoten direla polizien artean, jendarmeak… Nafarroako pausoa finkatu zen, eta hurrengoak Ipar Euskal Herria izan behar du.
Alex Aranbururen garaipena Sestaon
Helmugarako hamar kilometroren faltan erasoa jo zuen ezkiotarrak eta Sestaora bidean abantailari eutsita garaipena erdietsi zuen
Alavesek [Asitor19] irabazi du FIFA 21 Euskal Liga
Aberri Egunean jokatu zen FIFA 21 Euskal Ligako finala. Garailea Asitor19 | Alaves izan da.
Eibar-Reala, apirilaren 26an
Gaueko 21:00etan hasiko da, Ipurua futbol zelaian. V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren hamazazpigarren partida izango da