HERRI KIROLAK/HARRIA
Jokin Eizmendik irabazi du Gorostidi Harriaren txapelketa
Pasa den igandean, Adunako Udalak eta zenbait eragilek antolatuta, Gorostidi Harriaren XIV. Txapelketa jokatu zen herriko frontoian, 18:00etan hasita.
Puntako zortzi harri-jasotzaile aritu ziren txapelaren bila: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Sergio Mielgo, Iñigo Izagirre eta Pablo Azpiazu.
Egin beharreko lanak, bost harri ezberdin altxatzea: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra. Bi aldiz jaso behar zuten harri bakoitza eta behin harri bat ukituz gero, hori bi aldiz jaso arte ezin zuten beste harri bat jaso.
Hamar jasoaldi azkarren egiten zituenak eramango zuen txapela, eta halaxe lortu zuen Jokin Eizmendik jasoaldi guztiak minutu bat eta 40 segundoko denboran burututa. Orain arte, Adunako proban jaun eta jabe izan den Irigoien izan zuen atzetik. Honek, ordea, baliogabeko altxaldi baten ondorioz, hamaika segundo beranduago bukatu zuen.
Hirugarren postuan sailkatu zen Urra, bi minutu eta hiru segundoko denborarekin. Laugarren, berriz, Paulo Azpiazu, hiru minutu eta hamar sengundoko denborarekin. Jon Unanuek eskuratu zuen bosgarren postua, lau minutu eta segundo bateko denborarekin, eta seigarren geratu zen Iruretagoiena, sei minutu eta bost segundoko denbora eginda.
Gorostidi Harria Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero; aurten, bi izan dira. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin jasotzea, eta bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuekin jasotzea, azken hau jasotzea ere lortu zuelarik Eizmendik.
SAILKAPENA
- Jokin Eizmendi 1:40
2. Aimar Irigoien 1:51
3. Mikel Lopetegi 2:03
4. Paulo Azpiazu 3:10
5. Jon Unanue 4:01
6. Sergio Mielgo 5:22
7. Hodei Iruretagoiena 6:051
Zortzinakako sokatira txapelketako jardunaldia bihar Dulantzin
600 kiloko gizonezkoak eta 500 kiloko emakumezkoak lehiatuko dira Euskal Herriko sokatira txapelketan
Euskal Herriko Sokatira Txapelketa Idiazabalen
Beti-Gazte sokatira taldeak, 640 kilotan gizonezkoak eta 540 kilotan emakumezkoak, izan ziren txapeldunak Idiazabalen
Marka saiakera egingo du Izeta IV.ak otsailaren 8an Zarautzen
Izeta IV.ak 100 kiloko kopari eta 125ko kubikoari guztira 150 jasoaldi ematen saiatuko da eta Ostolaza 75 kiloko errektangularrarekin arituko da