IGERIKETA
Javier Saez: “Nazioarteko Federazioan sarrera eskatzeko asmoa dugu”
Igeriketa Federazioko Presidente Javier Saezekin elkarrizketa, Euskal Selekzioaren ofizialtasun eskaeraren harira
Euskadiko Igeriketako Federazioko Presidentea den Javier Saezekin egon gara hizketan. Caracasen orain 63 urte jaiotako Bilbotar honek (11 urtez geroztik bizi da Bilbon) denbora luzea darama igeriketa munduan. Lehenik waterpoloko jokalari gisa, gero entrenatzaile, lanbidez ere tokatu zaio kirol honetan aritzea eta egun Euskadiko federazioko presidentea da.
Nazioarteko Federazioan sarrera eskatzeko asmoa dutela aditzera eman digu, horretarako giroa egon badagoelako eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituztelako. Ea bada, itxaropen faltsurik sortu nahi ez badute ere, motzean poz bat ematen diguten Euskadiko Igeriketako Federaziokoek. Arreta haundiz jarraituko dugu EH Kiroleko kideok gai honen inguruko bilakaera.
Jakin izan dugu berriki bilera bat izan duzuela Igeriketaren nazioarteko ofizialtasuna eskatzeko FINA-n (Federation International of Natation)
Bai batzar informatibo bat izan genuen Euskadiko Federazioko aretoetan gure kirolari, entrenatzaile eta abarrek gai honen inguruko zalantzak argitzeko aukera izan zezaten.
Davis Salinas, Eusko jaurlaritzako aholkulari juridikoa etorri zen eta informazioa emateaz gain, zalantzak argitu zituen.
Zer da zehatz mehatz egiteko asmoa duzuena?
Hasteko gure federatuak ondo informatzea da egitera goazena. Batzar bat egin genuen eta ondo informatu ginen batzuk, baina asistentzia guk nahi baino txikiagoa izan zen. Bide horretan jarraituko dugu. Oso inportantea baita ondo jantzita hartzea erabakia, eta denak ondo informatuak izatea.
Bestalde, ez dugu espektatiba faltsurik sortu nahi. Bide bat egiteko giroa eta jarrera ikusten dugu gure igerilari eta kirol honetako partaideen artean, baina zuhurtziaz jokatu nahi dugu.
Dena den gauzak bere bidetik badoaz, berandu baino lehen beste batzar bat egingo dugu eta han aztertuko dugu nazioarteko Federazioan (FINA-n) sarrera eskatu ala ez.
Zer giro ikusten duzu?
Nik jarrera ona ikusten dut, baina badaude beldur batzuk ere bai, batez ere Espainiako federazioak har dezakeen jarreraz, baina esan dudan bezala, ondo informatuko gara, zuhurtziaz jokatuko dugu eta ni itxaropentsu nago.
Gainera, esan zaigunez NIFA-ko estatuetan badago artikulu bat non kirol herrialde denak kide izateko eskubidea duten. Kirol herrialde zer den ere definituta dute eta guk betetzen ditugu baldintza horiek. Izan ere, kirol eskuduntzak izan behar dira eta Euskadiko Erkidegoak baditu kirol eskuduntzak. Beraz, baldintzak betetzen ditugula esaten digute aholkulari juridikoek.
Orain nazioartean euskal selekzio gisa jokatzen al duzue ofizialki?
Bai, igeriketako hiru proba jokatzen diren nazioarteko txapelketa batean jokatzen dugu. Bartzelonan, Monakon eta Cannet-en jokatzen da proba hau eta ofiziala da, han ateratako markak nazioartean homologatzen baitira.
Hegoaldeko igeriketa txapelketa guztiak ezerezean geratu dira
19-20 denboraldi honetako Hego Euskal Herriko lehiaketa guztiak bertan behera uztea erabaki da, edozein kirol-modalitatetan
Mikel Bildosolak 100 metro libreko Europako errekorra hautsi du
35 eta 39 urte bitarteko 100 metro libreko kategorian lortu zuen errekorra, igerileku motzean, bere marka 50.18tik 50.15era jaitsiz
Euskal Selekzioak parte hartuko duen Waterpolo EU Nations txapelketan aldaketak izan dira
Emakumezkoen txapelketa astebete atzeratu da eta gizonezkoetan lau selekzio gehio arituko dira