HERRI KIROLAK/HARRIA

Izeta IV.a eta Udane Ostolazaren errekor saiakerak Zarautzen

by | 2020/02/07

Argazkia: ataria.eus

Bi marka saiakera ikusteko aukera izango da otsailaren 8an Aritzbatalde kiroldegian, 18:00etan hasiko den herri kirol jaialdian.

 

Bata, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’ zarauztarrak egingo du, eta bestea, Udane Ostolaza oriotarrak. Udanek 14 urterekin 75kg-ko harria ofizialki jasotzen duen lehen emakumea izango litzateke eta Hodeiek, orain arte inork egin ez duen marka bat ezarri nahi du.

Bi harriri 150 jasoaldi segidan egiten ahaleginduko da Hodei Iruretagoiena, ‘Izeta IV.a’(Zarautz, 1985). Horietako 100, esku batekin egingo ditu. 100 kiloko kopa esku bakarrarekin 100 aldiz altxatzea izango du erronka eta, jarraian, 125 kiloko kubikoa 50 aldiz jaso beharko du. Marka saiakera egunean Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aita izango du alboan erlojuarekin, eta osaba Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a harria hartzen.

Helburua ez da lana denbora jakin batean betetzea, baizik eta marka egitea denbora albo batera utzita, hau da 150 jasoaldiak egitea. Aurtengo denboraldiko bere helburu nagusia saiakera hau izango da eta honen ondoren martxoan lehiatuko den Zarauzko Bi Harri Txapelketarako prestatzen hasiko da, bertan aurreko bi edizioetan txapela jantzia duelarik.

Udane Ostolaza 14 urteko harrijasotzaile oriotarrak ere errekor saiakera egingo du, 75 kiloko errektangularrarekin. Hilabete eta erdi prestaketa lanetan pasatu ondoren, bere helburua harria behin jasotzea da, baina gauzak ondo joan ezkero bigarrenez jasotzen ere ahaleginduko litzateke.

Zazpi urterekin hasi zen Ostolaza harria jasotzen, 13 urterekin 68 kiloko errektangularra, eta 14 urterekin 63 kiloko kubikoa eta 50 kiloko bola jaso zituelarik. Marka horiek, ordea, ez dira ofizialak.  Aurten 15 urte beteko dituenez, federazioko lizentzia eskuratuko du eta Zarautzen errekorra lortzekotan bere lehenengo marka ofiziala izango da.

Aritzbataldeko ikuskizuna ez da errekor saiakerekin amaituko. Horien ostean, harri-jasotze erakustaldia egingo dute Mikel Lopetegi Urra, Aimar Irigoien, Unax eta Jakesek. Era berean, Arria V.ak eta Txapartegik pentatloiko probak egingo dituzte.