EUSKAL PILOTA
Irurita Miguelenek irabazi du Baztan-Errekako 41. Laxoa Txapelketa
Pasa den larunbatean, abuztuak 7, jokatu zen 2021eko laxoa finala, aurten, iaz gertatu bezala, Arraiozko plaza izan zelarik aukeratua.
Pasatzen ari garen COVID egoera dela eta, aurtengo txapelketan ere aldaketatxo batzuk egin behar izan dira, eta azken urteetan baina txapelketa laburragoa izan bada ere, plazara gerturatu ziren ikusleek antolatzaileen ahalegina zein pilotariek emandako ikuskizuna zinez eskertu zuten.
Goizeko 10: 30etan hasi zen eguna, txapelketako hirugarren eta laugarren postuaren partidarekin, Oitz eta Doneztebe Apeztegiaren artekoa. Gero, arratsaldeko 5:30etan, jokatu zen final haundia. Aurtengoan ere Arraioz Sagardia eta Irurita Migelene aritu ziren elkarren aurka final honetan.
Aipatu bezala, hirugarren posturako borrokan Oitz eta Doneztebe Apeztegia aritu ziren nor baino nor gehiago. Oitzko taldea Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Aimar Saldias eta Laurendi Zelaietak osatu zuten, eta Doneztebe Apeztegiakoa, aldiz, Jon Apezteguia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Iban Santestebanek.
Euriaren ondorioz, partida atzerapenarekin hasi zen baina espero bezala partido ederra ikusteko aukera izan zen, 2 ordu pasa iraun zuelarik lehiak. Azkenean, Doneztebeko laukoak eskuratu zuen garaipena eta beraz hirugarren postua, Oizko taldeari 9-7 irabazita.
Arratsaldean jokatu zen Sagardia eta Migeleneren arteko finala. Migeleneren taldea Xabier Barberena, Gorka Urtasun, Egoitz Prim eta Jagoba Ramosek osatu zuten, eta Arraioz Sagardiako taldea Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Migel Maritorena eta Jon Gamiok.
Arraioz Sagardiak gorriz jokatu zuen, iaz lortutako txapela defendatuz. Sagardiaren ibilbidea oso sendoa izan da txapelketa guztian zehar. Ligaxkan ia partida guztiak irabazi zituen, finaleko arerioaren aurkakoak ezik. Hala ere, hamabi punturekin oso indartsu sailkatu ziren. Final laurdenetan Doneztebe Ameztiaren aurka jokatu zuten. Donezteben joaneko partida galdu arren, etxean ez zuten huts egin eta ez zuten ezustekorako aukerarik utzi. Finalerako azken pausuan Oitz izan zuten arerio. Bi taldeek lan bikaina egin zuten kanporaketa guztian, txapelketako kanporaketarik interesgarriena eskainiz. Arraioztarrek etxean emaitza ona lortu zuten, baina Oitzko plazan izerdi ugari bota behar izan zuten finalerako txartela lortzeko.
Irurita Migelenek urdinez jokatu zuen finala. Taldeak sasoi bikaina erakutsi du txapelketa guztian zehar. Ligaxkan partida guztiak irabazi zituen, baita Arraiozko plazan Sagardiaren aurka jokatutakoa ere. Azken fasean, bai final laurdenean baita final erdian ere, joaneko partidak Donezteben jokatu zituen. Joaneko 2 partidak irabazi zituen, horrela, kanporaketa ia – ia erabakita utziz etxean jokatu beharreko partidetarako.
Esan bezala, iazko finala errepikatzen zen eta pentsatzekoa zen joan den urteko emaitza bera errepika zitekeela, Arraiozek etxean jokatzen baitzuen aurtengoan ere. Hala ere, aurtengo emaitza ezberdina izan zen, Irurita Miguelenek eraman baitzuen partida eta txapela 9 eta 7ko markagailuarekin.
2021eko Laxoa Txapelketa
Guztira zortzi talde ariko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila: lau Doneztebekoak, bi Iruritakoak eta Arraiozko eta Oizko bana, launa taldeko bi multzotan banatuta arituko direlarik.
A multzoan Oiz (Aimar Saldias, Ioritz Zelaieta, Laurendi Zelaieta eta Iker Bereau), Doneztebe-The Moment (Pascual Bertiz, Julen San Miguel, Javier Bertiz eta Koldo Legarra), Doneztebe-Ameztia (Josu Juanena, Xabier Ibarrola, Unai Sapuppo eta Julen Etxebeste) eta Doneztebe-Titi (Unai San Miguel, David Mitxeo, Erik Garcia eta Joseba Bengotxea) ariko dira.
B multzoan, berriz, Irurita-Olari (Iñigo Dendarieta, Iñaki Azpiroz, Mikel Sagaseta eta Oinatz Jauntsarats), Arraioz-Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Miguel Maritorena eta Jon Gamio), gaur egungo txapelduna den Irurita-Miguelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Jagoba Ramos eta Egoitz Prim) eta Doneztebe-Apezteguia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Ibai Santesteban) ariko dira.
Final laurdenetan, bi multzoetako taldeak gurutzatuko dira ekainaren 26an eta uztailaren 3an (lehenbizikoak laugarrenen kontra eta bigarrenak hirugarrenen kontra); irabazleek finalaurrekoak jokatuko dituzte uztailaren 17an eta 24an eta finala Arraiozko plazan jokatuko dute abuztuaren 7an.
Zer da Laxoa?
Laxoa, gaur egun praktikatzen den Pilota modalitate zaharra dugu, eta beste batzuen aitzindari.
Garai batean eskuz jokatzen zen bote-luzea modalitatearen berdina da, larruzko eskularruz eta plaza handixeagoan praktikatzen dena orain.
Garai batean, artzainek mendiko pilotasoro edo soropiletan jolasten zuten. Gero, herrira jaitsi zirenean, joko hau zabaldu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Euskal Herriko kirol nagusia izan zelarik XIX. mendeko bigarren erdirarte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan (ospetsuak ziren Iruñeko San Fermin bestetan jokatzen ziren partidak), nahiz Gipuzkoa, Bizkaian eta beste zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak. XIX. mendearen erdialdean izan zuen bere garairik dizdiratsuena.
Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun osansuntsu dagoela esan dezakegu, azken lau hamarkadetan, urtero hutsik egin gabe, herrien arteko txapelketak, bai helduenak bai gazte eta gaztetxoenak, jokatu dira eta.
Arraioz nagusitu da promozioko laxoa txapelketan
Finalean Irurita eta Arraioz neurtu ziren eta lehia estu eta ikusgarri baten ondoren, arraioztarrak nagusitu ziren, 8-9
Xabier Azpirozek irabazi zuen Eguberrietako erremonte txapelketa
Lekunberriko atzelariak hiruko finalean Xanti Uterga doneztebarra eta Ion Etxeberria azpeitiarra gainditu zituen
Zabalik da Binakako Master txapelketarako izen emate epea
Nahi duten emakume guztiek har dezakete parte eta azken urteetan ohitura den bezala, txapelketa bi mailatan jokatuko da: pilota mistoa eta pilota goxoa