MENDIA
Iruñeko Mendi Tourraren 7. edizioan 10 pelikula eta egunean bi saio
Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Iruñeako Golem Baiona zinemetara itzuliko da otsailaren 21, 22, 23 eta 24an. Mendi Tourrak 7. edizioa ospatuko du Nafarroako hiriburuan. Mendi zinemagintzaren urteroko hitzordua bilakatu da, eta saioetara bertaratzen direnek gaitegi horretako pelikula onenekin eta berrienekin gozatuko dute berriro.
Mendi Tour 2022 zirkuituan jada Donostian, Zangotzan, Leioan, Vigon, Canet d’en Berenguerren eta Ataunen eskaini diren aurreko saioetan ikusle anitz batu dira emanaldietara, mendiko zinemagintzak tiradizo handia duela eta inspirazio iturri dela erakutsiz.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute programazioa. Erakusten diren jardueretan, denetik: izotz eta haitz eskalada, mendiko eskia, ur lasterretako kayaka, glaziarren esplorazioa, zaldiz zeharkaldiak… Eta munduko hainbat bazterretara bidaiatu liteke: Himalaya, Mongolia, Islandia, Patagonia, Alpeak, Montana, Siurana, Baltzola edota Pagasarri.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioko 10 film eskainiko dira. Azpimarratzekoa da horietatik 6 Mendi Film jaialdian saritutakoak direla, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Iruñeako aurtengo programazioak, ikusleen gozamenerako.
Egun bakoitzeko bina saio eskainiko dira, arratsaldeko 17:30ean hasita lehena, eta iluntzeko 20:00etan bigarrena, bietan pelikula berdinak emango direlarik. Sarrerak on-line eskura daitezke golem.es webgunean nahiz mendifilmfestival.com webguneko esteketan, eta baita zinemetako leihatilan bertan ere. Lau eguneko bonoak 20€ balio du, eta egun bakoitzerako sarrerek berriz 6€. Kontutan hartu behar da ere, aretoko edukiera mugatua izango dela, eta osasun-prebentzioko neurriak hartuko direla aretora sartzerakoan.
Mendiko zinemagintza onenaren urteko hitzordua Iruñean otsailaren 8tik 11ra
Mendi Film Bilbao-Bizkaiko hamaika pelikulla eta hiru euskal ekoizpen eskainiko dira
Mendi Tour otsailean
Iruña, Gasteiz, Santutxu, Zangotza, Leioa eta Eskoriatzan izango dira emanaldiak
Alaia Juaristi eta Jon Erguin, Iraupen Eskiko Euskadiko Txapeldunak
Bestalde, Euskal Mendizale Federazioak bertan behera utzi du 2021eko mendiko eskiko Euskadiko Kopa