EUSKAL PILOTA
Iruñeak irabazi du aurtengo Nafarroako Herriarteko Txapelketa
Nafarroako Pilota Federazioak antolatuta, herriarteko pilota txapelketaren 51. edizioak badu irabazlea. Iruñeak eta Doneztebek abuztuaren 22an, larunbatean, Labriten jokatu zuten final handia eta bertan iruindarrak nagusitu ziren.
Alebinen arteko norgehiagokarekin abiatu zen finala. Alde batetik Julen eta Mikel Salaberria aritu ziren Doneztebeko taldean eta bestetik, Ibai Olza eta Mikel Laso Iruñeakoan, azken hauek nagusitu zirelarik 8-18ko markagailuarekin (0-2, 2-2, 5-3, 6-4, 7-5, 7-7, 8-16, 8-18).
Infantiletan, Doneztebeko Beñat Apezetxeak eta Intza Garañok, Andoni Sarasibar eta Daniel Santxez iruindarrei 18-3 irabazi zieten (7-0, 7-1, 10-2, 11-3, 18-3), hortaz berdinduta gelditu ziren Iruñea eta Doneztebeko taldeak.
Gaztetxoen arteko norgehiagoka ikusgarria izan zen. Hasieran Laso eta Igoa (Iruñea) 0-6 aurretik zihoazten baina Telletxeak eta Loiartek (Doneztebe) ez zuten amore eman eta berdintzea lortu zuten (10-10). Handik aurrera aldiz, iruindarrak izan ziren jaun eta jabe, 11-22ko markagailuarekin garaipena eskuratuz (0-6, 4-6, 5-7, 6-8, 8-8, 9-8, 9-9, 10-10, 11-21, 11-22).
Azkenik, senior kategoriako lehian, Mata eta Iruritak (Iruñea), 8-22 irabazi zieten Doneztebeko Barandiaran eta Gorritiri (0-3, 1-3, 2-5, 3-8, 4-9, 5-11, 6-12, 7-16, 8-17, 8-22).
Aurtengo Nafarroako Herriarteko Txapelketa
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketak 51. edizioa duen honetan, orotara zazpi herri aritu dira txapela eskuratzeko lehian: Doneztebe, Baztan, Leitza, Lizarra, Ultzama, Larraun eta Iruñea.
Covid19 gaitzaren ondorioz, aurten ez da ligaxkarik izan, kanporaketak baizik, eta lau kategoriatan jokatu dituzte partidak: alebin, infantil, junior eta seniorrak.
Txapelketa sistemari dagokionez, iazko txapeldun izateagatik Doneztebe zuzenean finalerdietarako sailkatua zegoen eta gainontzeko sei herriek jokatu izan dituzte final laurdenetako kanporaketak, zozketaz egokitutako herrian.
Finalaurdenetan hiru kanporaketa jokatu ziren guztira. Iruritako Aranbia pilotalekuan jokatutakoan, Leitza eta Baztanek 2-2 amaitu zuten baina tantoen kopuruari erreparatuta baztandarrak sailkatu ziren. Lizarra eta Ultzamaren arteko lehian ere bina garaipen lortu zuten bi herriek, baina Lizarrakoek bi tanto gehiago egin zituzten, hurrengo fasera txartela eskuratuz. Eta azkenik, Lekunberrin jokatutako lehian aldiz, Iruñeak lau partidak irabazi zizkion Larrauni.
Emaitza guzti hauen ondorioz beraz, Herriarteko finalerdiak zehaztuta geratu ziren: joan den urtean txapeldun izateagatik, zuzenean finalerdietarako sailkatua zegoen Doneztebek, Lizarraren aurka aritu zen eta bigarren lehia Baztan eta Iruñearen artekoa izan zen.
Aurreneko finalerdian, Iruñea eta Baztanen arteko lehia eman zen, eta jokoan zeuden lau partidak irabazita, Iruñeak lortu zuen finalerako sailkapena. Bigarren finalerdia, berriz, Doneztebek eta Lizarrak jokatu zuten. Bina partida irabazi zituzten baina, tantoak kontuan hartuta Malerrekakoak gehiago izan ziren.
Eta azkenik, abuztuaren 22ko finalean, Iruñea eta Donezteberen arteko lehia eman zen eta iruindarrek jantzi zuten txapela.
Erremonteko Master UTS txapelketaren finalerdiak jokatu dira
Urrizak Endikari 30-28 eta Barrenetxea IV.ak Ansari 30-25 irabazita, otsailak 8an jokatuko den finalerako sailkatu ziren
Emakume Master Cup txapelketa Antzuolan
Larunbatean lau partida jokatu zituzten, bi 16 urtez azpikoak eta bana pilota goxoarekin –promoziokoa– eta mistoarekin.
Emakume Master Cup Txapelketa Antzuolan
Txapelketaren aurre-kanporaketako bigarren jardunaldiko partidak izango dira larunbatean, Antzuolako Udal Pilotalekuan