EUSKAL PILOTA
Iruñeak irabazi du aurtengo Nafarroako Herriarteko Txapelketa
Nafarroako Pilota Federazioak antolatuta, herriarteko pilota txapelketaren 51. edizioak badu irabazlea. Iruñeak eta Doneztebek abuztuaren 22an, larunbatean, Labriten jokatu zuten final handia eta bertan iruindarrak nagusitu ziren.
Alebinen arteko norgehiagokarekin abiatu zen finala. Alde batetik Julen eta Mikel Salaberria aritu ziren Doneztebeko taldean eta bestetik, Ibai Olza eta Mikel Laso Iruñeakoan, azken hauek nagusitu zirelarik 8-18ko markagailuarekin (0-2, 2-2, 5-3, 6-4, 7-5, 7-7, 8-16, 8-18).
Infantiletan, Doneztebeko Beñat Apezetxeak eta Intza Garañok, Andoni Sarasibar eta Daniel Santxez iruindarrei 18-3 irabazi zieten (7-0, 7-1, 10-2, 11-3, 18-3), hortaz berdinduta gelditu ziren Iruñea eta Doneztebeko taldeak.
Gaztetxoen arteko norgehiagoka ikusgarria izan zen. Hasieran Laso eta Igoa (Iruñea) 0-6 aurretik zihoazten baina Telletxeak eta Loiartek (Doneztebe) ez zuten amore eman eta berdintzea lortu zuten (10-10). Handik aurrera aldiz, iruindarrak izan ziren jaun eta jabe, 11-22ko markagailuarekin garaipena eskuratuz (0-6, 4-6, 5-7, 6-8, 8-8, 9-8, 9-9, 10-10, 11-21, 11-22).
Azkenik, senior kategoriako lehian, Mata eta Iruritak (Iruñea), 8-22 irabazi zieten Doneztebeko Barandiaran eta Gorritiri (0-3, 1-3, 2-5, 3-8, 4-9, 5-11, 6-12, 7-16, 8-17, 8-22).
Aurtengo Nafarroako Herriarteko Txapelketa
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketak 51. edizioa duen honetan, orotara zazpi herri aritu dira txapela eskuratzeko lehian: Doneztebe, Baztan, Leitza, Lizarra, Ultzama, Larraun eta Iruñea.
Covid19 gaitzaren ondorioz, aurten ez da ligaxkarik izan, kanporaketak baizik, eta lau kategoriatan jokatu dituzte partidak: alebin, infantil, junior eta seniorrak.
Txapelketa sistemari dagokionez, iazko txapeldun izateagatik Doneztebe zuzenean finalerdietarako sailkatua zegoen eta gainontzeko sei herriek jokatu izan dituzte final laurdenetako kanporaketak, zozketaz egokitutako herrian.
Finalaurdenetan hiru kanporaketa jokatu ziren guztira. Iruritako Aranbia pilotalekuan jokatutakoan, Leitza eta Baztanek 2-2 amaitu zuten baina tantoen kopuruari erreparatuta baztandarrak sailkatu ziren. Lizarra eta Ultzamaren arteko lehian ere bina garaipen lortu zuten bi herriek, baina Lizarrakoek bi tanto gehiago egin zituzten, hurrengo fasera txartela eskuratuz. Eta azkenik, Lekunberrin jokatutako lehian aldiz, Iruñeak lau partidak irabazi zizkion Larrauni.
Emaitza guzti hauen ondorioz beraz, Herriarteko finalerdiak zehaztuta geratu ziren: joan den urtean txapeldun izateagatik, zuzenean finalerdietarako sailkatua zegoen Doneztebek, Lizarraren aurka aritu zen eta bigarren lehia Baztan eta Iruñearen artekoa izan zen.
Aurreneko finalerdian, Iruñea eta Baztanen arteko lehia eman zen, eta jokoan zeuden lau partidak irabazita, Iruñeak lortu zuen finalerako sailkapena. Bigarren finalerdia, berriz, Doneztebek eta Lizarrak jokatu zuten. Bina partida irabazi zituzten baina, tantoak kontuan hartuta Malerrekakoak gehiago izan ziren.
Eta azkenik, abuztuaren 22ko finalean, Iruñea eta Donezteberen arteko lehia eman zen eta iruindarrek jantzi zuten txapela.
Mickael Massonde zuraidarrak irabazi du Iparraldeko Trinketeko nagusien finala
Bigarren mailari dagokionez, Asier Aspuru da Ipar Euskal Herriko zilarrezko kategoriako txapeldun berria
Juaneneak irabazi du finalerdietako ligaxkako lehenengo partida
Bere garaipen boladari jarraipena emanda, Barrenetxea IV.aren aurka jokatutako partidan 21-30 nagusitu zen saldiastarra
Olharan eta Lopez, Grand Slameko finalistak
Erkiaga-Aimar bikoteari 15-14, 10-15 eta 5-2 irabazita