«Ofizialtasunaren bidean?»
Joxe Mari Artola, Mikel Azkune eta Beñat Larrañaga
EFF zuzendaritzako kideak
euskadifutbol.eus
OFIZIALTASUNAREN BIDEAN?
Joxe Mari Artola, Mikel Azkune eta Beñat Larrañaga
Euskadiko Futbol Federakundea (EFF) zuzendaritzako kideak
Gutun hau sinatzen dugunok, Euskal Federazioko zuzendaritzara jauzia ematea erabaki genuen, batez ere, Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldarriarekin bat egiten genuelako, eta barrenetik, gure aletxoa jartzeko ilusioa genuelako.
Bistan da, azkenaldian gertatutakoarekin (TASera ez joateko erabakia), atsekabea zabaldu dela Euskal Herriko hainbat norbanako eta eragileren artean. Gauza asko entzun eta irakurri behar izan ditugu, UEFA zein FIFAren azken erantzunak jaso eta Javier Landeta presidenteak Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenen ondoren.
Esan diren gauza batzuekin ez gaude ados eta prozesu hau barrutik nola bizi izan dugun argitzeko beharra sentitzen dugu. Izan ere, gakoetako bat, prozesu honen kudeaketan dago eta esan beharra dago, gure ustez, ez dela batere egokia izan. Ikus ditzagun datu objetibo batzuk:
- 2020ko abenduan, Euskadiko Futbol Federazioak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ofizialtasun eskaera aurkeztu zuen UEFA eta FIFAren aurrean.
- UEFA eta FIFAren lehen erantzunak, ofizialtasun eskaera ukatuz, 2021 uztaila-abuztuan iritsi ziren.
- EFFko Zuzendaritza Batzordearen bilerarik ez zen burutu, urte horretako irailaren 14 arte.
- EFFko zuzendaritzako kideok, urriaren 19an jaso genuen abokatuen lehen txostena. Haien gomendioz, bi erakundeei errekerimendu bat egitea adostu genuen, baina inongo momentuan ez genuen bozkatu TASera joan bai ala ez. Gainera, UEFA eta FIFAren bigarren erantzunarekin, TASera joateko aukera izango genuela aipatu zitzaigun.
- 2022ko urtarrilean, UEFAren erantzuna jaso zen eta otsailean, FIFArena.
- 2022ko martxoaren 22an Zuzendaritza Batzordean, TASera joan edo ez bozkatzeko punttuan egon ginen, baina azkenean ez genuen bozketarik burutu.
Azken batzorde honen ondoren, EFFk, prentsa ohar bat publikatu zuen eta horren harira, komunikabideak zein eragile ezberdinak gaiari eutsi zioten. Hara hor gure harridura, komunikabideek, Euskal Futbol Federazioak TASera joateko bidea baztertu zuela titularretan adierazi zutenean, eta gainera, helegitea aurkeztezko epeak borondatez pasatzen utzi genituela esanez. Beharrezko kontsultak egin ondoren, TASera joateko epea 10-15 eguneko zela argitu ziguten.
Gure harridura eta haserrea, Javier Landeta presidenteak Eusko Legebiltzarrean egindako agerpenarekin areagotu ziren. Izan ere, bertan, Zuzendaritza Batzordean TASera ez joatea, birritan, aho batez onartu genuela adierazi zuen. Egin zituen adierazpen horien aurrean:
1. Argi utzi nahi dugu, baieztapen hori ez dela zuzena, izan ere, Zuzendaritza Batzordean ez dugu inoiz bozkatu TASera joan ala ez.
2. Bozketa burutu izan bagenu ere, inolako erabaki ahalmenik ez genuke izango, epeak dagoeneko agortuta zeudela aurkeztu baititzaigun gaia (bi alditan).
Hain zuzen, urrian abokatuen txostena aurkeztu zitzaigunean, 43-45 egun pasa ziren UEFA eta FIFAk erantzun zutenetik eta martxoan, ia bozketa burutu genuenenean, 27 zein 36 egun pasa ziren. Zer erabaki genezakeen orduan?Arrazoiak zeintzuk izan ziren ezin dugu jakin, baina Zuzendaritza Batzordeari, gai honen inguruan bere iritzia plazaratzeko eskubidea ukatu zitzaigun, bai formetan, eta baita denboretan ere.
Inork pentsa dezake, denbora gehiegi pasa dela gure ikuspuntua adierazi arte, baina gure borondatea gauzak beste modu batera lantzea izan da. Izan ere, adierazi dugun guztia, barne mailan, presidentearekin eta zuzendaritzako gainontzeko kideekin landu genuen ekainaren hasieran egin genuen azken zuzendaritza batzordean. Bertan, Eusko Legebiltzarrean egin zituen adierazpenak publikoki zuzendu, eta prozesuaren nondik norakoak, izan ziren bezala kontatzeko eskatu genion presidenteari. Bistan da, ez berak ez gainontzeko kideek, ez zutela beharrezkotzat jo.
Zuzendaritzako kide garen neurrian, ez diogu muzin egiten gure ardura zatiari, baina zegokigun eskubidea ukatu eta gure iritzia azaldu zein bozkatzeko aukerarik ere ez zitzaigun eman. Beraz, argi utzi nahi dugu, aukera izan bagenu, guk behintzat, TASera joateko hautuaren aldeko bozka emango genuela. Alegia, Javier Landeta presidenteak esandakoaren aurka, Zuzendaritza Batzordeak, ez du sekula iritzi bateratu bat izan gai honen inguruan.
Ofizialtasunaren gaia hauspotzen jarraitzeko aukera bat galdu dela iruditzen zaigu, baina arestian esandako moduan, gure aletxoa jartzeko saiakeran jarraituko dugu, sinistuta baikaude, euskal gizartearen zati handi batek, bat egiten duela Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldarriarekin. Hau, bidean oztopo bat gehiago izan bada ere, eragile eta norbanako guztion ardura da, berriz ere, elkarlanari ekin eta guztion artean ametsa egi bihurtzen saiatzea. Gu, bidean topatuko gaituzue.
Euskal Selekzioa
Aldaketak eman dira Euskadiko Futbol Federazioaren organigraman
Mikel Etxarri juntakide berria arituko da kirol zuzendaritzaz
Halterofilia federazioa ofizialtasunaren bidean
Iñigo Ruiz de Azua, Euskadiko Halterofilia Federazioko presidentearekin elkarrizketa
Otsaileko batzarrean baieztatuko du Euskadiko Futbol Federakundeak ofizialtasun eskaera
Ofizialtasun eskaera baieztatu eta egin beharreko tramiteak bideratze falta da