EUSKAL PILOTA
Irazustabarrenak eta Arrrillagak irabazi dute Larruzko Paletako III. Bizkaia Torneoa
Pasa den igandean, maiatzak 2, hamabietatik aurrera eta ETB kateko kamerak zuzenean zirela, Emakumezkoen Larruzko Paletako Bizkaia III. Torneoko finala jokatu zuten Bizkaia Frontoian, bertan Amaia Irazustabarrena-Mirian Arrrillaga eta Leire Galdos-Maider Mendizabal bikoteak neurtu zirelarik.
Azkenean, Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Mirian Arrrillaga zubietarra izan ziren garaileak, partida gogor eta estu baten ostean, Galdos-Mendizabal bikoteari 2-1 irabazita (11-12, 12-9 eta 12-10).
Irazustabarrenaren hirugarren txapela izan da honakoa, hiru edizio bete dituen txapelketan. Nahiz eta urte gutxi izan, pala txapelketarik garrantzitsuena bihurtu da. Irazustabarrena-Arrillagak partiduari buelta eman behar izan zioten. Aurrelari hernaniarra garaiz esnatu zen eta 18 berdinketa izan zituen partidu orekatu batean, erabakiorra izan zen.
Ez zen faborito argirik aurtengo finalean eta aurreikusitako oreka bete-betean eman zen partidan zehar, izan ere, hiru jokoak oso berdinduak joan ziren. Urduritasuna nabaritu egin zen finalisten artean eta ustez baino piloteo gutxiago eta hutsegite gehiago egon ziren (partida osoa ikusteko sakatu ESTEKA HONETAN).
Urdinez jantzitako Galdos eta Mendizabalek aurrea hartu zuten lehen jokoan (3-6) baina handik aurrera aurkariek markagailua berdindu zuten (7-7, 8-8, 9-9), aurretik jartzea ere lortu zutelarik (11-9). Orduan Galdos agertu zen eta bere ahaleginari esker azkenean bikote urdinak erdietsi zuen jokoaren garaipena.
Bigarren jokoan ere oreka mantendu zen, guztira bost berdinketa egon ziren, azkena bederatzina, baina orduan Irazustabarrena suspertu egin zen eta jokoa lotzen asmatu zuen (12-9). Eta hirugarren joko erabakiorra ere aurrekoen antzekoa izan zen. Hobeto hasi ziren Galdos eta Mendizabal (2-5), baina Irazustabarrena sasoi betean zegoen eta zortzinako berdinketaren ostean bere erritmoa ezarri zuen eta ondorioz bikote gorriak irabazi zuen jokoa eta bidenabar txapela eraman zuten etxera.
Bizkaia Torneoa hirugarren urtez jarraian irabazi du beraz Amaia Irazustabarrenak eta Mirian Arrilagak bere lehenengo partehartzean lortu du garaipena. Hala ere, txapelketa osoko jokalari onenaren saria Leire Galdosentzat izan zen.
Bestalde, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagokan, Nagore Martin eta Leire Etxaniz nagusitu ziren, Miren Larrarte eta Itsaso Erasuni 2-1 irabazita (5-12, 12-9, 12-11).
50. Urteurrena Txapelketako azken jardunaldia jokatu da
Juanenea eta Endika finalera sailkatu dira eta Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a kanpoan geratu dira
Euskal Herriko Pala Txapelketako aurreneko partidak jokatu dira
Etenaldiaren osteko lehenengo jardunaldia jokatu zen uztailaren 4ean eta 5ean, eta hurrengoa datorren asteburuan izango da
Plazandreak Torneoko lehen jardunaldia jokatu zen iragan asteburuan
Olatz Arrizabalagaren kaiolako bi puntuei esker, Reyes Azkoitiaren taldea izan da txapelketako lehen jardunaldiko garailea