MENDIA

Iragan ostiralean, Euskal Mendizaletasunaren Gala izan zen Amurrion

by | 2020/02/20

Argazkiak: emf.eus

Iragan ostiralean, otsailak 14, Euskal Mendizaletasunaren XXIV. Gala ospatu zen Amurrio Antzokian

 

Euskal Mendizaleen Federazioaren urteko ekitaldi nagusietako bat da, eta bertan urtean zehar mendiarekin lotutako jardunean nabarmendu diren kirolari nahiz eragileak saritzen dituzte.

Aurtengo Euskal Mendizaletasunaren Galak Amurrioko Trail Taldeak antolatu du eta  egitarau oparoa zein ederra osatu zuen, ohi den bezala, hitzaldiek eta kultura ekitaldi ezberdinek forma eman ziotelarik euskal mendizaletasunaren hitzordu nagusi honi.

Egitaraua

Ekitaldi oso berezia izan zen, musika, antzerkia, emanaldiak eta umorea tartekatu zirelarik eta era berean Euskal Mendizale Federazioak eta Pyrenaica aldizkariak 2019. urteko euren sariak banatu zituzten.

Ekitaldia berez arratsaldeko 19:00tan hasi zen, Amurrioko Hasperen abesbatzaren emanaldiarekin. Ondoren, Amurrioko alkateak zein Mendizale Federazioko presidenteak diskurtso instituzionala eman zuten eta jarraian EMF-ren sari banaketa etorri zen, Gwa Ya Reggea taldearen saioa tarteko.

Izan ere, Gwa Ya talde urduñarra arduratu da Euskal Mendizaletasunaren XXIV. Galarako abestia konposatzeaz. Burubio kultur elkarteko Sustrai Records estudioan grabatu dute.  Irati eta Izar Mendigurenek jarri dute ahotsa kantan, eta azken honek konposatu du letra.

Honen ondotik, Pyrenaica aldizkariaren sari banaketa izan genuen,  familia argazkia eta Aiara dantza taldearen emanaldia.

Behin gala amaituta, 21.30ak aldera, sarituekin batera Abiaga Jatetxean afaltzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Sarituak

Euskal Mendizale Federazioak emandako sarietan,  iraupen luzeko ibilaldien Shebe Peña saria eman zen. Amadeo Ezpeletak jaso du aitormena. Gainera, iazko zirkuituaren 59 finalistek bozketa bidez hala erabaki dute. Eta federazioak ere ia 84 urte dituen mendizale honi merezitako omenaldia egin nahi izan zion. Halaber, Oier Arriznabarretak mendiko lasterketen saria eraman zuen, besteak beste, Espainiako Kopa eta Txapelketa irabazteagatik. Ondoren, jarduera alpinistiko onenaren saria Ekaitz Maizek eskuratu zuen. Hain zuzen ere, Mikel Zabalzarekin batera Punta Taxeras mendian “Koliseum” bidea (ABO, M10, A3, 90°) zabaltzeagatik. Martin Urrutiak, berriz, “Psikoterapia” marra (9a) kateatzeagatik Angel Sopeña kirol eskaladako jarduera onenaren saria irabazi du. Eta Igone Camposek mendiko eskiko jarduera onenaren saria (Andres de Regil) ingurumari honetan irabazitako tituluengatik.

Eneko Aliendek, bestalde, ibilbidearen saria eraman zuen mendi lasterketetan egin duen lanarengatik. Emakume mendizaleen Loli Lopez Goñi sariak une hunkigarria bizi izan zuen; izan ere, hilaren 2an zendu zen alpinista aitzindari hori. Isa Garciak jaso du aurten aitormena. Gogoratu behar dugu barakaldar hori dela Shisha Pangma igo duen euskal emakumezko bakarra.

Azkenik, Antxon Bandres kolaborazio interesgarrienaren saria Jesus de la Fuenterentzat izan zen eta Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak saria Roge Blasco kazetariarentzat.

Kirol jardunean egindako aitortzez gain, EMFak Pyrenaicako blog, mendiko argazki eta mendi artikuluen lehiaketetako sariak ere banatu ziren. Emakumeen blogari dagokionez, bisita gehien izan dituen sarrera Lorena Arrastuaren “Arista este de Lekanda” izan da. Eta sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea Esther Merino. Oro har, aldizkariaren blogean bisita gehien izan dituen sarrerak “Monte Rosa Skymarathon” du izena, eta haren egilea Ainhoa Lendinez da. Arkaitz Vidal, aldiz, sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea bihurtu da.

Mendi argazkien lehiaketak ere bere lekua izan zuen. Dagoeneko, 37 ekitaldi izan ditu, eta azken honetan lehen saria Juan Jose Lopezek jaso du “Glaciar de Baltoro” bildumarengatik. Bigarrena, “Gipuzkoa” izenburupean, Carlos Mediavillarentzat izan da. Eta hirugarrena, Iñaki Villanuevarentzat “Artikutza”-rengatik.

Amaitzeko, mendi artikuluen lehiaketaren sariak banatu ziren. Xabi Mujikak irabazi du “Aizkorri neguan. Alpinismoa Goierriko bihotzean” idazlanarengatik. Bigarren saria Jon Garatek eskuratu du “Patagonia. Aguja Guillaumet eta Mojon Rojo”-rengatik. Eta hirugarrenak “Ascensiones y ferratas en Dolomitas. Nueve rutas por los Alpes Orientales” du izena, Txaro Iglesiasena.