EUSKAL PILOTA
Inuntziagaren neskak finalean izango dira
Udako Torneoko finala ostegun honetan erabaki da, finalerdietako azken partidak lehiatu ondoren, Mikel Inuntziagaren taldeak eskuratu duelarik bigarren txartela
Hamabi pilotarik eta lau entrenatzailek abiatutako Plazandreak saioa azken txanpan da dagoeneko. Zazpi astetako txapelketa lehiatu baten ostean, LABORAL KUTXA Udako Torneoa bere unerik gorenera heldu da eta dagoeneko badakigu Irungo Urantzu pilotalekuan (20.00etan hasita), zein bi taldek jokatuko duten hilaren 27ko final handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Reyes Azkoitiaren taldeak eskuratua zuen jadanik finalerako txartela eta bere aurkaria Naroa Elizalderen neskek –Ainhoa Ruiz de Infante (Otxandio), Maite Ruiz de Larramendi (Eulate) eta Leire Garai (Gasteiz)– eta Mikel Inuntziagarenek –Iera Agirre (Leitza), Arrate Bergara (Bergara) eta Amaia Aldai (Dima)– jokatutako lehiatik atera behar zen.
Bi taldeek partida kopuru bera irabazi zuten lehen itzulian baina hori bai, bigarren jardunaldian elkarren aurka aritu zirenean, Naroa Elizalderen taldea nagusitu zen 2-1. Orduko hartan, buruz buruko lehiak erabakigarriak suertatu ziren eta Amaia Aldaik bi partidak irabazi zizkion Leire Garairi.
Honakoan ere, Mikel Inuntziagaren taldeak lortu du garaipena 2-1 eta Reyes Azkoitiarenaren arerioa izango da abuztuaren 27an Bizkaia pilotalekuan jokatuko den LABORAL KUTXA Udako Torneoaren final handian.
Ez hori bakarrik, ikusmin handia sortu duen zita horretan –600 lagunek bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte egungo neska pilotaririk onenek jokatuko dituzten hiru partidak– gorriz jokatzeko eskubidea ere lortu dute.
Ligaxkan bezala, Amaia Aldaik eta Leire Garaik jokatu dute kaiolako lehen partida, baina oraingo honetan Dimako aurrelariak lan handiak izan ditu arabarrari 12-8 irabazteko. Lehia gogorra eta polita izan da bi pilotari gazteen artekoa, 166 pilotakada gurutzatu dituzte 26 minututan eta azkenean bizkaitarrak eraman du lehen puntua.
Ez da horrenbesteko orekarik izan bigarrenean, binakakoan, eta Iera Agirre eta Arrate Bergara erraz antzean nagusitu zaizkie Ainhoa Ruiz de Infante eta Maite Ruiz de Larramendiri (12-5), finalerako txartela eskuratuz. Leitzarra eta bergarakoa nagusi izan dira partida osoan zehar eta 25 minutu baino ez dituzte behar izan puntu erabakigarria eskuratzeko.
Dena, edo ia dena erabakita zen arren, – tantoen arabera finalean gorriz nor arituko zen zegoen jokoan– Ainhoa Ruiz de Infante eta Arrate Bergarak jokatu dute jaialdiko hirugarren partida eta oso lehia estua eskaini dute, emozioz beterikoa. Tanto bakarragatik izan bada ere (12-11) Otxandioko aurrelariak bere taldea esku hutsik ez joatea lortu du.
Mikel Inuntziagaren taldeak eta Reyes Azkoitiarenak jokatuko dute beraz, abuztuaren 27an, Laboral Kutxa Udako Torneoaren final handia.
Finalaren aurkezpena abuztuaren 24an, astelehenean, 11:30etik aurrera egingo dute, finaleko pilotari eta entrenatzaileekin batera. Bertan izango dira Reyes Azkoitiaren taldea osatzen duten Olatz Arrizabalaga, Nora Mendizabal eta Irantzu Etxebeste, zein Mikel Inuntziagaren taldeko Amaia Aldai, Arrate Bergara eta Iera Agirre.
Plazandreak Udako Torneoaren jardunaldiko emaitzak:
Amaia Aldai 12 vs Leire Garai 8
Iera Agirre-Arrate Bergara 12 vs Ainhoa Ruiz de Infante-Maite Ruiz de Larramendi 5
Arrate Bergara 11 VS Ainhoa Ruiz de Infante 12
Urriza eta Aizpuru III.a dira San Ferminetako lehen bikote finalista
Asteazkenean Ansa II.a-Larrañaga eta Juanenea-Barrenetxea IV.aren arteko finalerdia jokatuko da
Markina-Xemeinen hasi da Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuitua
Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Ibon Aldazabalen arteko finalerdiak eman zion hasiera zesta-puntako zirkuituari
Salsamendi-Ruiz de Larramendi eta Arraiza-Gaminde, txapeldun
Nafarroa Foru Erkidegoa lehiaketako txapelak jantzi zituzten Nafarroa Arenako jaialdi historikoan