EUSKAL PILOTA/EUSKAL SELEKZIOA
Internazionala, Oiartzunen
Argazkiak: Emakume Pilotarien Elkartea
EPEko hiru kidek (Leire Galdos eta Miren Larrarte SuBerri klubetik eta Alaitz Badiola Plazaemakumeak klubetik) Internazionala modalitateko aukeraketa entrenamenduetan parte hartu dutenez, eta Uztailean Oiartzunen Euskal Selekzioa Valentziar Selekzioaren aurka jokatuko duen lehiaren ildotik, Emakume Pilotarien Elkarteak Internazionala modalitatea zer den ulertu ahal izateko azalpenak helarazi ditu berriki.
Izan ere, herrialde bakoitzean izen ezberdin batekin deitzen zaionez, elkar ulertze aldera “Internazionala” izena jarri zioten jokamolde honi. Euskal Herrian, esaterako, aldaera bat zuen: mahai jokoan aritzen ziren, alde bakoitzeko jokalari batek sakea mahaitxo baten gainean eginez abiarazten baitzuen jokua.
Modalitate hau joko zuzenekoa da: pilotariek aurkariaren joko-eremura bidali behar dute pilota, eta aurkariaren joko-eremuaren barruan egin behar du punpa. Lau jokalari dira alde bakoitzean, eta ezker pareta ez bezala (banakakoa edo binakakoa izan ohi dena) taldekako kirola da. Indarrak garrantzia du, noski, baina batez ere oso joku tekniko eta estrategikoa da. Erdian ez dago sarerik, nahiz eta joan-etorriko jokua den. Puntuaketa tenisaren antzekoa da, eta jokoa kintzetan banatzen da.
Pilota zuzenean datorrenez indar handiagoz etortzen da, eta zailagoa da kontrolatzea. Izan ere, ezker paretako modalitatean (gurean ohikoena) errebotez dator pilota eta, beraz, indarra eta abiadura galtzen du.
Esan bezala, Uztailean modalitate honetako topaketa egingo da Oiartzunen. Plaza librean, bote luzean, mahi jokoan eta pasakan arituko dira bi herrialdeetako pilotariak, uztailaren 3an eta 4an, Beheko Plazan eta Kontzejupean. Honakoa da egitaraua:
Larunbata, uztailak 3
- 10:30ean: Gizonen bote luze partida.
- 12:00etan: Emakumeen plaza libreko partida.
- 13:00etan: Gizonen plaza libreko partida.
- 17:00etan: Emakumeen mahi jokoko partida.
- 18:00etan: Gizonen mahi jokoko partida.
Igandea, uztailak 4
- 11:00etan: Emakumeen pasaka eskuz partida.
Valentziari esker ona erakutsi nahi izan dio Euskal Herriko selekzioak, ofizialtasunerako bidean egindako aurrerapausuengatik. Izan ere, CIJB munduko esku pilota elkarterik zaharrena da, eta Euskal Herria bertako partaide da. Espainia bezala jokatzen zutenak valentziarrak ziren, baina Valentziako jokalariek uko egin zioten Espainiaren ordezkari bezala jokatzeari. Horregatik, orain pilotari euskaldunek Euskal Herria ordezkatuz jokatzen dute, 2016az geroztik.
Oihana Azkorbebeitia hirugarren, Munduko Kopako bederatzigarren proban
Oihana Azkorbebeitia hirugarren sailkatu da Royal Sky Marathon Gran Paraiso lasterketan. Seigarren dago orain Skyrunner Munduko Kopako Sailkapen Orokorrean
Iñarra eta Zorroza lehen postuetan Munduko Kopako zortzigarren proban
Mendi Lasterketako Euskal Selekzioko Ander Iñarra eta Mariza Zorroza nabarmendu dira BUFF® Epic Trail 42 km Munduko Kopako proban
Kayak Surfeko Euskal Selekzioa Peruko Munko Txapelketara
Ipar Irlandan orain dela bi urte lortutako munduko titulua berriro lortzeko asmoarekin lehiatuko dira Peruko Munduko Txapelketan