«Herrigintza mailan hobe da azpitik joatea, lasai»
IÑAKI LASKURAIN
Euskadiko Errugbi Federazioko Presidente Ohia
berria.eus
IÑAKI LASKURAIN. EUSKADIKO ERRUGBI FEDERAZIOKO PRESIDENTE OHIA
«Beste batzuek gauzak egiteko lana bultzatu dugu»
Kargua utzi du zazpi urteren ondoren, bi legealdi agintean izatea nahikoa dela iritzita. Euskal Herriko Liga jarri du abian.
Aitor Manterola
Iñaki Laskurainek (Eibar, Gipuzkoa, 1968) ez du zuzenduko hemendik aurrera Euskadiko Errugbi Federazioa. Bi legealdi beteko zituela esanez aurkeztu zen duela zazpi urte, eta, ondorengoari denbora emateko, lehenago utzi du kargua.
Euskal Herriko Liga jarri duzu abian, eta bada gertakari historiko bat.
Gipuzkoako Federazioak bazuen lehenagotik akordio bat Iparraldekoekin. Gero, sakondu egin genuen. Eusko Jaurlaritzak aukera eman zuen gaia lantzeko, eta EH Bilduk ere proposamena egin zuen Iparraldea eta Hegoaldea lotzeko zer kirol egon zitezkeen aztertzeko. 1988an sortu zen bi aldeen arteko txapelketa bat, eta jokatzen genituen partidak. Sakondu eta sendotu egin genuen; bide instituzionala eman genion. Federazio gisa, gorputza eman genion. Bagenuen produktu bat, eta jendea zebilen halakoen bila, eta Euskal Liga sortu genuen iaz. Arriskuak hartu egin behar dira, eta, adibidez, krisi honetan ikusi dugu hurbiltasunezko harremanek gauzak errazten dituztela, eta merkeagoak direla.
Zenbateko lana egin behar izan zenuten Euskal Liga lortzeko?
Politikan lan handia egin genuen; Iparraldean, alderdi politiko askok egin zuten bat Euskal Ligarekin, eta Hegoaldean, EH Bilduk eta EAJk agerraldia egiteko eskatu ziguten legebiltzarrean. Badakizu zer den azkenean? Pertsonalak garrantzitsuak dira. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria ere ausarta izan da, gauzak egiteko gogoa dauka. Lagun komunak ditugu, eta konfiantza egin dugu. Zerbait lortu nahi zuen. Hemen batera egin behar dugu lan, elkar joka ibili beharrean. Aurrera joateko, batean edo bestean, mesfidantzak daude, baina aukera badago lan egiteko. Ez da erraza ez zarenean alderdi nagusikoa, baina egin daiteke. Beti liskarrean ibili beharrean, familia politiko ezberdinetakoek aurrera egin eta zerbait lortu dugu. Interesgarria izan da.
Erabaki horiek pertsonen mende egotea ez da arriskutsua?
Sekulako eragina dauka zein azaltzen den goi karguetan. Esan dezake baten batek, ez dakit nongo erdaldunak, zer ari garen egiten gabatxo horiekin, eta hori da arriskutsua, asko daudelako.
Helburuak beteta zoaz?
Guk lana egin dugu. Basque Country, Rugby Country izeneko programa aurkeztu genuen, lau ardatzekin: aurrenekoa zen denon entitatea bultzatzea; Iparraldearekin lankidetza izatea, alegia. Bigarrengoa zen euskal errugbia ikusgarri bihurtzea Euskal Herrian bertan. Hirugarrengoa zen gure errugbi txikia errugbiaren mundu mailako familia handiko parte dela erakustea, eta horrekin etekina lortzen dela azaltzea. Laugarrengo ardatza eta azkenekoa zen errugbiaren balio ezagunak saltzea, euskal izaerarekin bat datozenak gainera: auzolana, kementsuak zintzoak izatea eta lanari beldurrik ez edukitzea. Guk argazkia daukagu, zenbakiak daude; ez dugu dena egin, baina bultza egin dugu beste batzuek beste gauza batzuk egin ditzaten.
Arriskua dago zuek egindako lan guztiari segida ez emateko?
Ez. Aterako da hautagaitza, eta pertsona bat dago Iparraldeko gaia mugitzen segitzeko gogoz.
Euskal selekzioen gaiaz zer diozu?
Folklore kutsua bihurtu da batzuentzat, eta horretaz hitz egin izan dut Euskal Herria Kirola taldearekin orain, eta ESAITekin lehen. Esaten nien partida horretan sekulakoak garela erakustea ondo dagoela, baina hurrengo egunean zer? Uste dugu errugbiak baduela ibilbidea gai honetan. Herrigintza mailan hobe da azpitik joatea, lasai, Euskal Herri mailako txapelketak antolatzea, eta hortik indar handiagoz sortu daiteke euskal selekzioa. Jendea kontzientziatu egin behar dugu, eta horretarako jendea parte sentitu behar da. Adibidez, Euskal Liga horrekin. Bestalde, egia da badela sentiberatasun bat esaten duena Euskadi ez dutela nahi, Euskal Herria bai. Mauleko guraso batzuek esan zidaten hori.
Emakumeen errugbian benetako aurrerapausoak eman dira?
Eibarren galdetzen didate ea zer iruditzen zaidan talde nagusia Lehen Mailara igo izana, eta nire erantzun ofiziala polita da, aldekoa. Baina, Iñaki Laskurain gisa erantzunda, esan behar dut kanpotik ekarri dutela jendea. Hori taktika baldin bada beste estrategia handi baten babesean, ondo dago. Baina Eibarrek bakarrik aterako dio etekina horri, ala talde gehiagok? Galdera asko daude bueltaka. Asko hazi da emakumeen errugbia azken urteetan, bikoiztu egin delako fitxa kopurua gu gaudenetik federazioan. 7ko errugbia sartzea ere erakargarria izan zen. Estigma handiko gizarte batean bizi gara, eta horrek zehazten du zein diren emakumeentzako kirolak. Errugbia ez dute ikusten haientzako kirol gisa, eta gizon askoren artean zer esanik ez. Batzuen ustez ez da errugbia, eta ez da femeninoa, baina entrenatu izan ditut nesken taldeak, eta gauza aberasgarriak dituzte. Ezberdina dela? Bai. Baina badu bere xarma.
Zer egoeratan dago euskal errugbia?
Eskola kiroleko kopuruan igo egin gara, baita kirol federatuan ere. Eta ez da gutxi, oso zaila baita Euskal Herria kirol kudeatzaileentzat. Eskaintza handia dago, eta onak gara, gainera kirol askotan. Hiri eta hiriburu handiak daude Euskal Herritik kanpo, eta jendea lortzeko erraztasuna eta produktua saltzeko aukera gehiago dauzkate, erakargarriagoa delako babesleentzat hartzaile gehiago izatea. Gure helburu bat hori da Hegoaldean eta Iparraldean. Frantzian, errugbia hedatu egin da hiri gehiagotara, eta hor galtzen atera gara, gugandik gertu ere taldeak daudelako. Babesleek nahiago dute hiri handietara jo. Hegoaldean gauza bera da: ez da gauza bera Ordiziak duen biztanle kopurua eta Bilbok duena. Bi zelaitan 1.500 ikusle batzea baino hobea izan daiteke bakar batean 3.000 elkartzea.
Xakeko Euskal Selekzio gazteak Europako Nazioarteko Txapelketan parte hartuko du Korsikan
XAKEA Datorren ekainaren 7tik 9ra, Euskal Selekzio gazteak Bulgaria, Piemonte, Alsazia, Bretainia, Sardinia eta Korsikako selekzioekin lehiatzeko aukera izango du Bastian (Korsika) jokatuko den Europako Nazioarteko Xake Txapelketan. Guretik sei jokalari joango...
Euskal Herria – Frantzia xake txapelketa
Euskal Herria eta Frantziako xake jokalariak, 4N Xake Txapelketan
[BIDEOA] Euskal Herriko nesken zangobaloi txapelketa
[ kanaldude.eus 2011.10.26] Lehen aldikotz, “Euskal Herria Kirola“ deitu ekimena ospatua izan da 2011an, Euskal Herri osoko kirol taldeen arteko txapelketa