HERRI KIROLAK/AIZKORA
Iker Vicenteren erronka
Iker Vicentek hamalau kanaerdikoen marka berria ezarri zuen igandean Nafarroa Arenan, Larretxeak duela mende laurden lorturikoa hobetuz
Iker Vicente Saralegi, aizkolaria ogibidez eta afizioz, Otsagabian jaio zen 1997ko ekainaren 15ean. Daniel Vicente aizkolariaren eta Maribi Saralegiren (herri kirol munduari oso lotuta dagoen persona) semea da.
Egungo Euskal Herriko txapelduna, azkeneko bost urteotan Nafarroako txapela ere bereganatu du, eta iaz Australian jokatutako Munduko lehiaketan txapeldunorde geratu zen.
Igande honetan, Covid19 gaitzak eragindako etenaldiaren ondorengo lehen herri kirol jaialdian, marka saiakera burutu zuen Vicentek, bere jarduna gertutik jarraitzeko 180 bat lagun bildu zirelarik (Vicentek berak gonbidatutako jendea) Nafarroa Arenako harmailetan.
Erronka saiakera zaila zuen aurretik Otsagabiako aizkolariak, Larretxearen marka 25 urtez indarrean egon bada, marka oso ona zelako izan da eta. Gainera, hiru hilabeteko konfinamenduaren eraginez behar bezala entrenatzeko aukerarik gabe heldu da Vicente, eta bakarkako lanean gainditu behar zuen Larretxearen errekorra, bestelako aurkarien erreferentziarik gabe.
Azkenean, Otsagabiko aizkolariak 26 minutu eta 46 segundo erabili zituen lana osatzeko, eta 31 segundoan hobetu zuen duela 25 urte Donato Larretxeak ezarritako marka. Orduko hartan, Larretxeak 27 minutu eta 17 segundoko denboran ebaki zituen kanaerdikoak eta oraingoan Vicentek 26 minutu eta 46 segundu behar izan ditu lan berdina osatzeko.
Indartsu hasi zuen saioa Otsagabiakoak, lehenengo enborra minutu eta hamalau segunduko denboran moztu zuen, 2’45’’ erabili zuen bigarrengoan, 4’24’’ hirugarrenean eta 6’10’’ laugarren kanaerdikoan. Hamar minutuko denbora betetzeko segundu baten faltan, seigarren kanaerdikoa moztu zuen eta lanaren erdialdera 11 minutu eta 51 segundutan iritsi zen, denbora horretan ebaki baitzuen zazpigarren enborra.
Handik aurrera eta nekearen eraginez, bi minuturen bueltan ibili zen hurrengo enborretan eta hamaikarrena amaitu zuenerako 19’52’’ denboran zebilen. Hamabigarren kanaerdikoa mozteko bi minutu eta hamabost segundu erabili zituen, beraz lan guztia osatzeko oraindik bost minutu baino gehiagoko tartea zuen aurretik.
Azkenaurreko enborran 2 minutu eta 25 segunduko denbora baliatu zuen, saiakera hasi zenetik orotara 24’32’’ eginda, eta azkenekoa mozteko 2 minutu eta 14 segundu behar izan zituen, hartara 26 minutu eta 46 segundutan finkatua utzi zuelarik marka berria, aizkolaritzaren historian beste lorpen bat eskuratuz.
2021eko Getxoko lurreko Sokatira Mundialaren Txapelketa
Irailaren 15etik 19ra izango da, eta kluben lehiaz aparte, herrialdeen arteko txapelketan parte hartuko du Euskal Herriko selekzioak
Inhar Urruzuno, zortzigarrenez Bizkaiko Harri Txikien txapelduna
Urruzunok 70 (32+17+21) jasoaldi egin zituen, Jon Gisasola Zelai V.ak 56 (23+13+20) eta Julio Jimenezek 45 (20+11+14)
Goiherrik irabazi du Euskadiko Sokatirako Txapelketa 560 kilotan
Bost mailetan jokatu da Euskadiko Txapelketa, eta horietariko lau kategorietan lortu du garaipena Goiherrik: 680, 640, 600 eta 560 kilotan