ELKARRIZKETAK

Iker Goñi: «Euskararen eta euskal selekzioaren aldeko jarrera agertu izan du Athleticek tradizionalki»

by | 2021/01/29

Iker Goñi: «Euskararen eta euskal selekzioaren aldeko jarrera agertu izan du Athleticek tradizionalki»

Euskal Herria Kirolaken elkartekide aktibo izan genuen Iker Goñi (Getxo, 1983), Aitor Elizegiren zerrendan aurkeztu eta Athleticen zuzendaritzako kide bihurtu zen arte. Harrez gero iritzia eskatzen diogu beti eta laguntza sarritan.

Familiatik datorkio gai sozialekiko sentsibilitatea. Bere aita, Joseba Goñi, urteetan izan zen Herria 2000 Eliza aldizkariaren zuzendaria. Etxeko enpresako gerente da orain Iker eta, aldi berean, Athleticeko zuzendaritza taldean ari da buru-belarri, aurretik bideratuak zituen EuskarAbentura eta beste hainbat proeiktu bazterrean utzi gabe.

Egun on, Iker. Kontaiguzu nondik datorkizun kirolarekiko lotura hau.

Egun on. Txikitatik kirola asko gozatu izan dut. Futbolean 5 urtetxorekin hasi nintzen Geroa Ikastolan eta, ordutik, 33 urte bete nituen arte, beti atepean. Futbolean atezainen behar handia izaten da eta horri esker Uribe Kostako klub gehienak barrutik ezagutzeko aukera izan nuen: Getxo, Romo, Gazteluzarra, Ugeraga, Leioa, Berango eta Arraultzaldeon. Kirol ibilbidean futbola nagusi izan badut ere, beste kirol batzuk ere praktikatu izan ditut. Bitxikeri bezala, gaztetan padel federatuan lehiatu nuen, eta Bizkaiko eta EAEko zenbait txapelketa eskuratu genituen.

Kirolaren praktikatik haratago, kirol jardueraren eta kirol egituren gestioarekiko grina, gogoa ere izan duzu aspalditik…

Bai, horrela da; unibertsitate garaian hasi nintzen kirola eta kudeaketa uztartzen. Enpresa ikasketak burutzen ari nintzela, beste ikasle batzuekin batera, futbol talde bat sortu eta Estatu mailako brontzezko domina eskuratu genuen Deustuko Unibertsitatea ordezkatuz. Kudeatzaile, hautatzaile, entrenatzaile eta atezain ardurak aldi berean egiten ikasi behar izan nuen, eta taldekideen laguntzarekin emaitza apartak lortu genituen.

2016ean, New York Red Bull klubean lan egiteko aukeratu ninduten eta etxe orratzen hiriko futbol profesionala ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Estatu Batuetan, kirolaren industria bestelako ikuspegi batekin kudeatzen dute eta asko ikasi nuen. Klubaren jabetza Red Bull konpainiarena izanik, marketing arloa ere bereziki interesgarria iruditu zitzaidan.

Aitor Elizegiren zerrendan joan eta Athleticeko zuzendaritzan sartu zinen, zerk bultzatu zintuen horretara?

Betidanik athletizale amorratua izan naizelarik, lagun baten bitartez proiektuaren berri eman zidatenean, baiezkoa eman nien. Oraingoan New Yorkeraino joan beharrean, gure etxeko klub kuttunean aritzeko aukera sortu zitzaidan.

Zein da zure eginkizuna Athleticen?

Zuzendaritzaren ardurak batzorde desberdinetan banatuta daude, eta horietako batzuetan parte hartzen dut. Besteak beste, batzorde sozialean, batzorde instituzionalean, emakumezkoen kirol batzordean eta Athletic Fundazioan.

Hasi zinenetik bi urte igaro dira, eta ze balantze egiten duzu denbora honetaz?

Bi urte hauetan denetarik bizitzea egokitu zaigu… agintaldiaren lehenengo hilabeteetan gizonezkoen lehen taldearen sailkapena amildegitik gertu ikusi genuen baina zorionez denboraldia ondo bukatu zen.

Iaz, lehenengo bi taldeen kopako ibilbideek ilusioz bete gintuen eta oraindik gizonezkoen kopako final euskalduna jokatzear daukagu.

Kudeaketari dagokionez, azken urte hau oso zaila izaten ari da, koronabirusak eragin izugarria izan du eta zaletu gabeko futbola ikusten ari gara. Futbolaren arima harmailetara ahalik eta lasterren itzultzea desiratzen dugu.

Eta azkenik, denboraldi hau gorabeheratsua izaten ari da. Lehen bi taldeetan entrenatzaile postua ordezkatzea ez da xamurra izan… eta aldaketa horien ostean, mutilek egundoko partidak jokatuz, Real Madrid eta Bartzelonaren aurka Superkopa eskuratu dute!

Euskarekiko eta Euskal Selekzioarekiko zure konpromisu pertsonala ezagutzen dugu, baina normala den moduan, Athletic erakunde anitza da. Zeintzuk dira Athleticek gai hauekiko duen iritzia eta hartzen dituen konpromisoak?

Zorionez, aipatutako bi gai hauetan, klubak aldeko jarrera sendoa dauka eta gizartean daukan erreferentzialtasunaz jabetuta dago. Egungo zuzendaritzak, anitza izanda ere, gai hauekiko daukan jarrerarekin oso eroso sentitzen naiz. Athleticek tradizionalki euskararen eta euskal selekzioaren aldeko jarrera agertu izan du eta konbentzituta nago etorkizunean horrela izaten jarraituko duenaz. Ereserkian abesten dugun letra jarraitzea baino ez dago… Euskal Herriaren erakusgarria!

.

ELKARRIZKETAK

Panama 0-0 Euskal Selekzioa

Panama 0-0 Euskal Selekzioa

Panamak eta Euskal Selekzioak hutsean berdindu dute. Bero eta hezetasun handia egon da partida osoan, eta horren ondorioz, lehiak ia ez du izan erritmorik