EUSKAL PILOTA/XAREA
II. San Migel Xare Irekiko finalerdiak erabakita
II. San Migel Xare Irekiko azken jardunaldia jokatu zen larunbatean Irurako Ametsa trinketean, eta finalerdiak erabakita geratu ziren
Aurreneko partidan, A multzoko lehen eta bigarren postuak zeuden jokoan, Lopetegi-Karrikaburu eta Driolet-Moncada bikoteen artean. Lopetegi-Karrikaburu bikoak haseratik hartu zuen abantaila eta pixkanaka alde hori handitzen joan zen, azkenean 40-26 irabazi zutelarik. Sendo eta tinko aritu ziren partida osoan irabazleak, eta azken emaitzak kantxan gertatukoa baino ez du islatzen. Ondorioz, Lopetegi-Karrikaburu multzoko lehen postuan sailkatu dira, eta Driolet-Moncada bigarren izan dira.
Bigarren partidan, B multzoko finalerdietarako sailkapena zegoen jokoan eta hori partidaren hasieran agerian geratu zen, pilotariak nahiko urduri hasi zirelako. De Paredes-Borteyru bikoa hobeto hasi eta alde txiki batzuekin aurrea hartu zuen. Baina, Etxeberri-Funosas bikoak asko zuen jokoan eta ez zegoen amore emateko, eta 13na berdindu ondoren, aurrea hartu eta azkenean partida erraz irabazi zuen, 40-26.
Galtzaileek, ez dute euren egunik onena izan, eta markagailuaren presiopean jokatu dutela esan daiteke, finalerdietarako sailkatzeko 29 tanto egitea nahikoa zutelako. Eneko De Paredes eta Oihan Borteyru, biak ala biak, pilotari gazteak dira, eta presiopean jokatzen oraindik ez daude ohituta. Mikel Funosas, aldiz, beteranoa da, eta ondo baino hobeto irakurri zuen partida, eta Etxeberriren egun ona kontuan izanda, B multzoko lehen postuan geratu dira, eta galtzaileak kanporatuak geratu dira. Emaitza honekin multzoko bigarrena, Borteyru III-Sistiage bikoa sailkatu da.
Ondorioz, larunbatean, irailak 26, 17:00etan, finalerdiak jokatuko dira. Lehen partida, Lopetegi-Karrikaburu bikoa Borteyru III-Sistiage bikoaren kontra. Eta bigarrena, Etxeberri-Funosas bikoa Driolet-Moncada bikoaren kontra izango da.
II. San Migel Xare Irekia
Xare modalitateko pilotari onenek parte hartuko dute irailaren 5ean, larunbatean, hasi eta urriaren 3an amaituko den II. San Migel Xare Irekian.
Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago Irurako Ametsa Trinketean, bi multzo ezberdinetan banatuta, eta multzo bakoitzeko taldeek ligaxka bat jokatuko dute denek denen aurka, irailaren 5ean, 11n eta 19an.
Aipatu bikoteak Iparraldeko 10 pilotarik eta Irurako 2 pilotarik osatuko dituzte: Lopetegi (Irura)-Karrikaburu, Apeztegia (Irura)-Sistiage, Driolet-Moncada, De Paredes-Borteyru, Larronde-Algaranondo eta Etxeverri-Funosas izango dira.
Multzo bakoitzeko sailkapenaren lehenengo bi postuetan geratzen diren taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, irailaren 26an. Finalerdietan nagusitzen diren bi bikoteak aldiz, elkarren aurka arituko dira final haundian, urriaren 3an, 17:00etan. Finalaren atarikoan, iaz bezala, herriko nesken arteko partida izango da ikusgai.
Lehenengo jardunaldian (irailak 5) bi partida jokatu zirelarik: Driolet-Moncadak 40, Larronde-Algaranondo 36 eta De Paredes-Borteyru II 40, Borteyru III-Sistiage 29.
Bigarren jardunaldian, batetik, Lopetegi- Karrikaburu bikoak Larronde-Algaranondori 40-24 irabazi zion, eta bestetik, Borteyru III- Sistiage bikoteak ere garaipena lortu zuen, Etxeberri- Funosas bikotearen aurka (40-31).
“Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria
Xarea kirol berezia da herrian, Irurako ondare izatera iritsi delarik, eta hartara mendeurrena (Xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zen) ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu zituzten iazko abenduan. Urtarrilean berriz, Irura eta xarearen arteko lotura berezi horren berri emateko aldizkaria argitaratu zuten. “Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria eskuratzeko sakatu HEMEN
Donostiako Grand Slam zesta-punta txapelketako finalerdiak jokatu dira
Finalerdien irabazleek, Beaskoetxea-Del Rio eta Hormaetxea-Mancisidor, txapelketako finala jokatuko dute abenduaren 4an, 18:00tatik aurrera
Segurola-Barrenetxeak eta Ansa-Aizpuruk garaipen ikusgarriak lortu dituzte
Segurola eta Barrenetxea IV.ak 40-14 irabazi zioten Juanenea-Larrañaga bikoari eta Ansa II.a-Aizpuru III.ak 40-35 Urriza eta Labakari
Pala Ligako laugarren jardunaldia jokatu da
Ibarguren-Ibargaray bikoa 3-2 nagusitu zitzaion Necol-Gordon bikoteari eta Fusto-Urrutia bikoteak 3-0 irabazi zuen Gaubeka eta Del Rioren kontra