EUSKAL PILOTA/XAREA

II. San Migel Xare Irekiaren bigarren jardunaldia jokatu da

by | 2020/09/14

Argazkiak: Ametsa pilota elkartea

II. San Migel Xare Irekiaren bigarren jardunaldia jokatu zen pasa den ostiralean, irailak 11, 19:00etan, Irurako Ametsa Trinketean

 

Lehen partidan, Larronde-Algaranondo bikotea aritu zen Lopetegi-Karrikaburu bikoaren kontra. Larronde eta Algaranondo lehen jardunaldian galtzetik zetozen eta beharrezkoa zuten lehia irabaztea finalerdietarako sailkatzeko aukerekin jarraitzeko. Lopetegi eta Karrikabururentzat txapelketa lehenengo partida zen eta irabaztekotan zuzenean finalerdietarako sailkapena lortuko zuten.

Eta halaxe gertatu zen, izan ere, Lopetegi- Karrikaburu bikoak ez zion finalerdietarako sailkatzeko lehen aukerari  pasatzen utzi, eta  Larronde-Algaranondo bikoari 40-24 erraz irabazi zion. Hala ere, emaitzak adierazten duen baino gogorragoa izan zen partida, eta tantu ederrak ikusteko aukera egon zen.

Karrikaburuk ondo baino hobeto eutsi zien aurkarien  erasoei eta gainera Lopetegik izugarrizko lana egin zuen bere bikotekideari  pilota zail asko kenduta, horrez gain, erasoan tantu bikainak lortu zituelarik. Larronde- Algaranondo  bikoa aldiz, partida osoan ezinean eta markagailuan atzetik aritu zen. Partidaren tantu askotan  nagusi izan badira ere ez zuten tantua amaitzen asmatu.  Ondorioz, Larronde-Algaranondo bikoa Xare Irekitik kanpo geratu da, eta Lopetegi- Karrikaburu bikoa,  berriz,  finalerdietarako sailkatu da.

Bigarren partiduan, Borteyru III- Sistiage bikoteak ere garaipenaren beharra zuen eta ez zuen hutsik egin, Etxeberri- Funosas bikoari 40-31 irabazita. Partidaren  aurreneko zatia oso irekatua joan, berdinketa askorekin,  azkena, 20nakoa. Hortik aurrera, Borteyru III- Sistiage bikoak, joku bikaina eginez,  markagailuan zuloa irekitzea lortu zuen (30-23; 38-28), azkenean garaipena eskuratu zutelarik, 40-31.   Ondorioz,  finalerdietarako sailkatzeko aukerak mantentzen dituzte.

Multzo honetan, B multzoan, alegia,  finalerdietarako sailkapena azken jardunaldian erabakiko da , De Paredes-Borteyru II eta Etxeberri-Funosasen arteko partidan ematen den emaitzaren arabera. A multzoko partidan,  berriz, multzoko 1. eta 2. postuak izango dira jokoan hurrengo jardunaldian, Lopetegi-Karrikaburu eta Driolet-Moncada bikoen artean. Azken jardunaldi interesgarria eta  erabakigarria, datorren larunbatean, irailak 19, 17:00etan, jokatuko da Irurako Ametsa trinketean.

I. San Migel Xare Irekia

San Migel Xare Irekia txapelketako aurreneko edizioan, lehen aldiz, nesken parte-hartzea egon zen.

Iparraldeko sei pilotari izan ziren lehian txapelketan, Irurako birekin batera. Beraz, lau bikote osatu zituzten, aurten baino bi gutxiago: Apeztegia eta Funosas, Lopetegi eta Bortheiru, Driolet eta Etxeverri, eta Larronde eta Moncada. Hasieran ligaxka jokatu zuten, denek denen aurka, eta finalerdiak zein finala herriko festen barruan lehiatu ziren.

Finalaren atarikoan nesken arteko xare partida antolatu zuten, partida historikoa, artean xarez nesken arteko partidu ofizialik ez baitzen jokatua. Hiru bikote egin zituzten: Naroa Goenaga-Matxalen Mendizabal, Nora Galartza-Maider Isasa, eta Irati Fernandez-Nahia Gorriti. Hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko zuten, 10 tantotako joko bana, hain justu.

“Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria 

Xarea kirol berezia da herrian, Irurako ondare izatera iritsi delarik, eta hartara mendeurrena (Xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zen) ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu zituzten iazko abenduan. Urtarrilean berriz, Irura eta xarearen arteko lotura berezi horren berri emateko aldizkaria argitaratu zuten. “Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria eskuratzeko sakatu HEMEN

Bera Berak agur esan dio Europari

Bera Berak agur esan dio Europari

27na berdindu zuten joaneko partidan, baina itzulekoan Bera Berak ezin izan dio irabazi HC Zvezda Errusiako taldeari (29-24)