MENDIA

Igandean ospatzekoa zen Gorobel mendi martxa bertan behera geratu da

by | 2020/10/31

Igandean zen ospatzekoa urtero bezala, Gorobel mendi martxa jendetsua. Aurtengorako ere, 400 izen emateak azkar batean bete ziren. XXXIV. Ekitaldia behar zuen aurtengoak, baina gaur egungo egoera ikusita, Amurrioko Mendiko Lagunen taldeko zuzendaritza batzordeak eta Zirkuitua osatzen duten kideek, ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute.

Antolakuntzak ateratako oharrean, argi uzten dute ez direla garai onenak horrelako ekintzak antolatzeko.  Antolakuntzaren eta EMFaren aldetik ahalegin handia egin dute martxa ahalik eta segurtasun baldintza onenetan antolatzeko, baina ez da posible izan aurrera ateratzea.

Goizaldeko zazpiretan hastekoa zen ibilaldia eta arratsaldeko seiretan ezarria zuen amaitzeko ordua. Orotara, 400 kirolarik parte hartzekoak ziren, 36 kilometrotako ibilaldian 193 eta 15 kilometrotakoan 207.

Euskal Mendi Federazioak antolatzen duen Zirkuituak, ezin izan du aurtengoan ekitaldirik martxan jarri. Martxoan zen hastekoa egutegia Aizkardiko (Villabona, Gipuzkoa) mendi martxarekin, eta azkena berriz, azaroaren 1erako zegoen iragarrita Gorobeleko Ibilaldiarekin. Hogeita bat izango ziren aurtengo zirkuitua osatuko zuten mendi martxak. Lurraldeka, Gipuzkoan sei ziren ospatzekoak, Bizkaian bost, Araban lau, eta Nafarroan eta Iparraldean hiru.

Azken albiste honekin, 2020ko Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituari amaiera eman diote antolatzaile guztiek eta EMFk.

Gorobel ibilaldia

Mendiko Lagunak-etik ingurune hau ahalik eta pertsona gehienari hurbiltzen saiatzen dira, honetaz disfruta dezaten, errespetatzen eta defendatzen ikasi dezaten.

Honez gain, ezaguna den ibilbidea prestatzean, Gorobel Ibilaldia, mendilerrora igotzeko erabilpenik ez duen bidexkak hautatzen dituzte, partaideak  igoera berri hauek ezagutzeko. Ibilbidearen zehar, partaideak interes kultural handiko hainbat lekutatik pasatzen dira: Babio mendia, eskualdeko herriak, ehunka urtetako pagadiak, Kobata, iturri naturalak…

Irteera Amurriotik abiatzen da azaroaren lehenengo igandean, nahiz eta ibilbidea laburtzeko aukera dagoen jende guztientzako eskuragarri izateko. Goizale aterpean hornidura izaten da, gero berriz ere Amurriora bueltatuz.

Euskal mendi selekzioen jaia

Euskal mendi selekzioen jaia

Euskal mendi selekzioen jaia antolatu du Euskal Mendizale Federazioak → Azaroak 30, larunbata, Gasteizko Jardin de Falerina tabernan