MENDIKO ESKIA

Igandean lehiatu zen Mendi eskiko Euskal Herriko Txapelketa

by | 2020/02/19

Argazkiak: emf.eus

Aurreikuspenak beteta, senior mailan Nahia Quincoces mendexarrak eta Iñigo Martinez de Albornoz donostiarrak aise irabazi zuten mendi eskiko Euskal Herriko Txapelketa

 

Bandres-Karolo probaren atzerapena eta gero, azkenik Pantikosan (Aragoi, Espainia) jokatu zen igandean EMF-ren Mendi Eskiko Banakako Txapelketa.

Bandres-Karoloren (Izaba, Nafarroa) omenez jokatzen den eski-jaialdia, eta aurten bide batez EMFren Banakako Txapelketa ere izan behar zuena, bertan behera gelditu zen, Nafarroako Pirinioetan elurrik ez zegoelako. Horren ondorioz, Izabatik (Nafarroa) Panticosara (Aragoi, Espainia) aldatu behar izan zuen Euskal Mendi Federazioak mendi eskiko Euskal Herriko Txapelketa.

Kategoria nagusiei dagokienez, seniorrak bi ibilbide ezberdinetan nor baino nor aritu ziren. Gizonezkoek, adibidez, 1.700 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean. Hiru igoera zituen, eta puntu garaiena Labazako lepoa (2.634 m) izan zen.

Hasterako orduan izandako nahaste baten ondorioz Martinez de Albornozek hiru minutu inguru galdu zituen eta donostiarrak bereak eta bi ikusi behar izan zituen postuak aurreratzeko. Azkenean, nahiz eta lehen euskalduna izan, beste lau eskiatzaile izan zituen aurretik helmugan. Lasterketa orokorra, Miguel Caballero aragoarrak irabazi zuen (2:15:35).

Baina hala ere Euskal Herriko txapela lortu zuen Martinez de Albornozek, 2:24:19ko denbora eginda. Haren atzetik, bi minutura, Axier Alonso oñatiarra heldu zen (2:26,51). Selekzioko beste kideak, Gartzen Elejabarrieta (2:31,15) abadiñoarrak osatu du Euskal Herriko txapelketaren podiuma. Azpimarratzekoa da, aurreko asteburuan Alemaniako Munduko Kopan lehiatzen ibili zela donostiarra, bosgarren postu bikain bat lortuz sprint modalitatean.

Emakumezkoek 1.500 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean jardun zuten eta gizonezkoen kategorian baino parte-hartzaile gutxiago lehiatu ziren. Nahia Quincocesek (2:23,21) erakustaldia egin zuen eta lasterketaren hasieratik bere nagusitasuna erakutsi zuen. Euskal Herriko txapelketa erraz irabazi zuen beraz, helmugan hamabost minutuko tartea atera zielarik bigarren izan zen Igone Campos zumarragarrari (2:38,04) eta hirugarren postua eskuratu zuen Uxue Fraile donostiarrari (2:38,05).

Hori gutxi ez, eta “Travesia Club de Montaña Pirineos” proban ere aise gailendu zen. Martinez de Albornoz bezala, Quincoces ere nazioarteko lehiaketetan dabil eta horrek erakusten du beste maila batean dagoela.

Gazteen kategoriei dagokienez, EMFren taldean dauden eskiatzaile denek garaipena erdietsi zuten. 23 urtez azpikoetan (Promesa mailan) Aitor Ajuria atxondoarrak irabazi zuen lasterketa. Junior ibilbidean, Rafa Urbizu donostiarra izan zen denen gainetik helmugan. Nesketan, berriz, Rita Jimenez iruindarra. Eta azkenik, kadeteen mailan, Aimar Murua andoaindarrak eta Sara Arregi oñatiarrak ohorezko titulu horiek etxera eraman zituzten.

Urtero legez, Euskal Selekzioko partaide gehienak bertan izan ziren eta Iñigo Lariz eta Igor Alzelai hautatzaileek aukeratutako honako taldea lehiatu zen Pantikosan:

SENIOR MAILA
Nahia Quincoces Altuna (Mendexa, Bizkaia, 1983).
Iñigo Martinez de Albornoz (Donostia, 1996).
Igone Campos Odriozola (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991).
Axier Alonso Korkostegi (Oñati, Gipuzkoa, 1988).
Gartzen Elejabarrieta (Abadiño, Bizkaia, 1996).

23 URTEZ AZPIKOAK
Aitor Ajuria (Otxandio, Bizkaia, 1998).

JUNIOR MAILA
Rafa Urbizu Granados (Donostia, 2000)

JUBENIL MAILA
Aitor Ugarte (Aramaio, Araba, 2001).
Hugo Gonzalez Gonzalez (Bilbo, 2003).
Sara Arregi Zubizarreta (Oñati, Gipuzkoa, 2003).

KADETE MAILA
Elur Zaldua Elortza (Donostia, 2004)
Haritz Arregi Zubizarreta (Oñati, Gipuzkoa, 2005)