TXIRRINDULARITZA

Igande honetan lehiatuko da Durango-Durango Emakumeen Saria

by | 2020/07/23

Uztailaren 26an lehiatuko den Durango-Durango Emakumeen Sariaren 19. edizioan inoizko parte-hartzerik onena egongo da

 

Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz hainbat hilabetez ziurgabetasunean egon ondoren eta UCIk egutegia iragarri ondoren, UCI 1.1 kategoriako proba antolatzen duen Durangaldeko Txirrindularitza Elkarteak lasterketa uztailaren 26an egingo zela baieztatu zuen maiatzaren amaieraldean.

Pasa den astean berriz, Laboral Kutxa Durango-Durango Emakumeen Saria aurkeztu zuten, San Agustin kulturgunean egindako ekitaldian, non Duranguesa txirrindulari elkarteko presidentea den Josu Atxotegik lasterketaren gaineko azalpenak eman zituen.

Uztailaren 26an lehiatuko den UCI 1.1 mailako lasterketa honek munduko txirrindulari onenak bilduko ditu eta abuztuan hasiko den World Tour-eko egutegiari begirako prestaketa moduan baliatuko dute.

Aurtengo parte-hartzea “inoizko onena” izango dela nabarmendu zuten aurkezpenean. Abuztu hasieran World Tour-eko egutegiari ekingo diote txirrindulariek eta hitzordu horiei begirako prestakuntza moduan erabiliko dute klasikoa.

Guztira 23 taldek (tartean UCI World Tour mailako zazpi) parte hartuko dute aurtengo Durango-Durango Emakumeen Sarian: Alé BTC Ljubljana, Movistar Team, Mitchelton Scott, Canyon Sram Racing, CCC-Liv, FDJ-Nouvelle-Aquitaine, Trek Segafredo, Boels Dolmans, Paule KA, Doltcini Van Eyck, Bepink, Ceratizit-WNT, Valcar, Charente Maritime, Bizkaia Durango, Massi Tactic, Sopela’s Women Team, Eneicat, Río Miera, Belori, Laboral Kutxa, Colnago CM eta Farto Aguas do Paraño.

Txirrindulari esanguratsuak egongo dira lasterketaren irteera puntuan: azken hiru aldietako irabazlea eta munduko txapelduna den Annemiek van Vleuten (2017ko irabazlea), Anna van der Breggen (2018ko irabazlea, Italiako Giroko irabazlea birritan eta errepideko txapeldun olinpikoa 2016an), Lucy Kennedy (2019ko irabazlea), 2018an Emakumeen Bira irabazi zuen Amanda Spratt eta Elisa Longho Borghini, besteak beste. Euskaldunei dagokionez, Ane Santesteban, Eider Merino eta Bizkaia-Durango taldekoak nabarmendu daitezke.

Esan bezala, igande honetan, uztailak 26, 15:00etan, hasiko da Ezkurditik lasterketa eta orotara 113 kilometro izango ditu, ohiko ibilbidearekin.

Segurtasun neurriak zainduko dituzte: autobusen aparkalekua mugatua egongo da eta helmuga inguruko jende kopurua mugatu egingo dute, azken 200 metroetan 50 pertsona gehienez, alde bakoitzean.

Halaber, Durango-Durango klasikoa aurkezteko ekitaldia, Juanjo Bilbao omentzeko ere baliatu zuten, bere senitartekoek lore-sorta bat jaso zutelarik txirrindulari elkarteko kideen eskutik. Urte askoan Duranguesa txirrindulari elkartean makina bat lan egindako Juanjo Bilbao otsailean hil zen.

Gauzak horrela, Emakumezkoen mundo mailako tropela Euskal Herrian hasiko du etenaldiaren osteko ibilbidea, izan ere, Durango-Durango Sariaz aparte, Nafarroan (Lekunberrin eta Iruñean) emakumezkoen kategoria profesionaleko beste bi lasterketa lehiatuko dira egunotan: uztailaren 23 zein 24an, Emakumeen Nafarroako Klasikoa (Iruñea-Lekunberri, 118,3 km) eta Nafarroako Emakumezkoen Klasika (Iruñea-Iruñea 122,9 km), UCI 1.1 kategoriakoak biak.

Iazko edizioa

2019an, Lucy Kennedy australiarrak irabazi zuen Durango-Durango Saria. Mitchelton taldeko txirrindulariak Goiuriako azken aurreko igoeran erasoa jo eta azken kilometroak bakarka egin zituen.

Atzetik, hirukotea helmugaratu zen, Amanda Spratt australiarra (Mitclenton) bigarren izan zen 26 segundora, hirugarren Soraya Paladin italiarra (Ale-Cipollini) eta laugarren SharaGillow australiarra (FDJ). Geroxeago, 59 segundora, Amy Pieters (Boels) holandarra sartu zen bosgarren postuan. Euskaldun onena Ane Santesteban (WNT) izan zen, 11. postuan, irabazlearengandik zazpi minutura.

Aurreko edizioen irabazleak

2010: Marianne Vos (NED), 2011: Marianne Vos (NED), 2012: Emma Pooley (GBR), 2013: Marianne Vos (NED), 2014: Marianne Vos (NED), 2015: Emma Johansson(AUS), 2016: Megan Guarnier(USA), 2017: Annemiek Van Vleuten (NED), 2018: Anna Van Der Breggen (NED), 2019: Lucy Kennedy (AUS).

TXIRRINDULARITZA

Share This