EUSKAL PILOTA
Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre, finalera
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabala-Naroa Agirrek jokatuko dute ESKUZ BINAKAKO MASTER LABORAL KUTXA 2021eko finala apirilaren 4an Urantzu pilotalekuan, larunbatean Irunen jokatutako finalerdietan nagusitu eta gero.
Finala nafarren eskarmentuaren eta bizkaitarraren eta gipuzkoarraren ilusioaren arteko norgehiagoka izango da, eta, batez ere, finalerdietan argi ikusi den bezala, txapelketako bi bikoterik indartsuenen arteko partida, bi bikoteek uste baino errazago irabazi baitituzte finalerako txartelak.
Lehen partida ezusteko batekin hasi zen, inor gutxik espero baitzuen Olatz Ruiz de Larramendik aurrean jokatuko zuenik. Etxean bakartuta dagoen Irantzu Etxebesteren ordez sartu den Naroa Elizalde aurrean espero genuen, baina buruz burukoan ohituagoa dagoelako, sakez ere min gehiago egin zezakeenaren asmoz, Olatz Ruiz de Larramendik bere postua aldatzea erabaki zuten, aurkariak ezustean harrapatzeko asmoz.
Baina estrategia erabat alferrikakoa izan zen, ez baita erraza Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi bezalako bikote sendo bati aurre egitea. Bizi ibiliarazi zuen pilota Olatzek, baina oraindik mugimenduetan eta tantoa amaitzerako orduan asko du ikasteko, batez ere aurrean halako arerio zailak izanda. Bazuten partida erdian estrategia aldatzeko aukera eta Olatz Ruiz de Larramendi atzera bueltatzea, baina ez zuten halakorik egin nahi izan.
Beraz, finalaurdenetan bezala, uste baino errazagoa izan zen partida iazko pilota goxoko irabazleentzat. Asko arriskatu gabe, hasiera-hasieratik (6-1) izan zuten aldeko markagailua eta abantaila ondo kudeatu ahal izan zuten. Azkenerako Iera Agirre izan zen sakearekin min handia egin zuena (denera zazpi tanto ere egin zituen lehen pilotakadarekin) eta urdinak aldiz amaieran baino ez ziren gai izan lau tanto jarraian egiteko, honekin markagailua apur bat txukuntzea lortu zutelarik (22-12).
Bigarren finalerdiak hasiera eta bukaera oso desberdina izan zuen. Izan ere, hasiera oso orekatua eta piloteatua izan zen, bana, bina eta hirunako berdinketekin, baina hortik aurrera Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre goitik behera nagusitu ziren. Oso ondo elkar moldatzen den bikotea da Gernikakoak eta zestoarrak osatzen dutena. Bizkaitarra joko bolada izugarrian dago, eta min handia egin zien gazteiztarrari eta azpeitiarrari erasoan distira handia erakutsi zuelarik, airez ere tantoa bikain amaituz. Eta joko horretarako lagun ezin hobea izan zuen Naroa Agirre. Oso pilotari segurua da zestoar gaztea, apenas galtzen du pilotarik eta gainera ondo asmatu zuen Oihana Orbegozori ezkerra topatuz. Tantoaren ekimena eurena izan da ia partida osoan zehar eta halakoetan Olatz Arrizabalagak ez du barkatzen, azkenean garaipen erraza lortu zutelarik (22-8).
Donostiako Grand Slam txapelketako finalerdiak zehaztu dira
Barandika eta Etcheto Olharan-Del Rioren aurka arituko dira eta Beaskoetxea-Lopez Aritz Erkiaga-Lekerikaren kontra
Nafarroako Foru Komunitateko Torneoa indartsu hasi da pala modalitatean
Guztira, berrogeita hamar bat pilotari lehiatu ziren, 12 eliteetan, 14 22 urtez azpikoen mailan eta 24 kadeteetan
Segurolak eta Azpirozek aurrerapauso handia eman dute Sagardoaren Txapelketan
Petritegiko ordezkariak 30-21 nagusitu ziren Aldabe eta Larrañagaren (Bereziartua) aurka