EUSKAL PILOTA
Hondarribiako Grand Slam Txapelketako finalerdiak zehaztuta geratu dira
Pasa den asteburuan jokatu zen Hondarribiako Grand Slamaren hirugarren eta azken jardunaldia Jostaldi pilotalekuan, arratsaldeko 20:00tan hasita. Partidu erabakigarriak lehiatu ziren BEASKOETXEA-LOPEZ vs BARANDIKA-MANCI eta HORMAETXEA-MINVIELLE vs OLHA-DEL RIO bikoteen artean, finalerdietarako txartelak jokoan zirela.
Azkenean, datorren ostiralean, urriak 9, jokatuko diren finalerdietan izango dira Beaskoetxea-Lopez eta Olha-Del Rio bikoak haien partiduetan nagusitu ondoren. Dagoeneko sailkatuak zeuden Olharan-Etcheto eta Goikoetxea-Irastorza bikoteen aurka neurtuko dira, hurrenez hurren.
Lehenengo norgehiagokan, A multzoko Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Mancisidor bikoak aritu ziren elkarren aurka. Faboritoak ziren Beaskoetxea eta Lopez baina izerdi asko bota behar izan zuten garaipena eskuratzeko, izan ere, 70 minutu eta hiru set baliatu behar izan zituzten nagusitzeko (14-15, 15-6 y 5-0).
Aurreneko seta gorrien aldekoa zirudienean (8-4), urdinak suspertu ziren eta markagailuan aurrea hartu zuten (9-10), azkenean tantu bakarraren aldearekin Barandika-Mancisidor bikoa nagusitu zelarik (14-15).
Handik aurrera ordea, Beaskoetxea eta Lopezek agindu zuten partidan eta bigarren setean garaipen erosoa erdietsi zuten (15-6), berdinketa hausteko jokoan ere erabateko nagusitasunez aritu zirelarik (5-0).
Bigarren partidan B taldeko Hormaetxea-Minvielle eta Olha-Del Río bikoteak ziren jokatzekoak, baina Hormaetxearen lesioaren ondorioz haren lekuan aritu zen Aaron Gonzalez de Matauko, gasteiztar pilotari gaztea.
Lehenengo seta oso orekatua joan zen hamarnako berdinketa arte, baina handik aurrera Olha eta Del Rio tanto guztiak egin eta 10-15 irabazi zuten. Bigarren setan aldiz, antzera aritu ziren bi bikoteak, eta gorriek 12-10 aurretik jarri baziren ere, berriro ere azken txanpan hobeto aritu ziren Olha eta Del Rio, 12-15 nagusitu zirelarik.
Gauzak horrela, datorren ostiraleko (urriak 9) finalerdiak honakoak izango dira: Beaskoetxea-Lopez vs Olharan-Etcheto eta Olha-Del Rio vs Goikoetxea-Irastorza. Final haundia urriaren 16an izango da.
Hondarribia Grand Slam Txapelketa
Jai Alive, Hondarribiko Pilota Eskola eta Hondarribiko Udalak, hurrengo asteetan antolatuko dute honako txapelketa, datozen bost ostiraletan lehiaketako jaialdiak egingo direlarik.
Bi taldetan egongo da banatuta lehiaketa:
A Taldea:
Goiko-Irastorza
Beaskoetxea-Lopez
Barandika-Mancisidor
B Taldea:
Olharan-Etcheto
Hormaetxea-Minvielle
Olha-Del Rio
Irailaren 18an eta 25ean zein urriko 2an ligaxken partiduak lehiatuko dira, A multozko lehia bat eta B multzoko beste bat. Urriaren 9an finalerdiak jokatuko dira eta hilaren 16an final nagusiaren txanda izango da.
Euskal Selekzioak 5 final eta 2 titulo lortu ditu Trobada Mediterranea txapelketan
Nazioarteko ibilbideari jarraiki, Valentzia, Catalunya, Italia, Portugal eta Frantziako selekzioen aurka lehiatu da
Arbe-Lopez eta Erkiaga-Etxeto, Hondarribiko Grand Slamaren finalera
Larunbat honetan jokatutako finalerdietan nagusitu eta gero lortu dute finalerako txartela
Abian da Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketa
Urrutia IIak eta Larrañagak zein Ansa II.ak eta Martiarenak erraztasunez irabazi zuten lehen jardunaldian