HERRI KIROLAK/HARRIA
Hodei Hiruretagoienak eta Udane Ostolazak errekorrak lortu dituzte
Bi marka saiakera ikusteko aukera izan zen larunbatean Aritzbatalde kiroldegian, 18:00etan hasitako herri kirol jaialdian.
Bata, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’ zarauztarrak egin du, eta bestea, Udane Ostolaza oriotarrak. Udanek 14 urterekin 75kg-ko harria ofizialki jasotzen duen lehen emakumea izan da eta Hodeiek, orain arte inork egin ez duen marka bat ezarri du.
Ekitaldiari hasiera emateko, aurrena harri-jasotze erakustaldia egin dute Mikel Lopetegi Urra, Aimar Irigoien, Unax eta Jakes harri jasotzaileek. Era berean, Arria V.ak eta Txapartegik pentatloiko probak egin dituzte.
Horiek lanak amaitu dituztenean hasi da marka saiakera egiten Udane Ostolaza 14 urteko oriotarra, eta baita lortu ere. 75 kiloko kubikoa behin jasotzea zuen helburu, baina 2 minutuan hiru altxaldi eginda, gustura gelditu da gaztea. Erraz lortu zuen marka saiakera gainditzea oriotarrak, eta beraz, Joseba Ostolazaren alabak txapela merituz jantzi zuen.
Zazpi urterekin hasi zen Ostolaza harria jasotzen, 13 urterekin 68 kiloko errektangularra, eta 14 urterekin 63 kiloko kubikoa eta 50 kiloko bola jaso zituelarik. Marka horiek, ordea, ez dira ofizialak. Aurten 15 urte beteko dituenez, federazioko lizentzia eskuratuko du eta Zarautzen lortutako errekora bere lehenengo marka ofiziala izan da.
Hodei Iruretagoiena, Izeta IV.ak, ere lortu du helburua, sufrituta izan arren. 100 kiloko zilindrikoa esku bakarrarekin 100 aldiz jaso du, eta 125 kiloko kubikoa, 50 aldiz.
Bi harriri 150 jasoaldi segidan egiten ahalegindu da Hodei Iruretagoiena, ‘Izeta IV.a’(Zarautz, 1985). 100 kiloko kopa esku bakarrarekin 100 aldiz altxatzea izan du erronka eta, jarraian, 125 kiloko kubikoa 50 aldiz jaso behar zuen.
Aurrena esku bakarrez 100 kiloko harria erabili zuen beste hainbeste jasoaldi emateko. Lan luzea izan zen eta etenak ongi neurtuta azkenean 18:42ko denbora erabili zuen aldez aurretik ezarritako altxaldi kopurua burutzeko. Segidan, 125 kiloko kubikoari heldu zion 50 bider jasotzeko. Aldaketa honek bazuen bere zailtasun puntua, eta kostata baina lortu du helburua, horretarako 21:26 minutu behar izan baditu ere. Hodeik, bi lanak amaitzen orotara 40 minutu eta 9 segundo behar izan zuen.
Helburua ez zen lana denbora jakin batean betetzea, baizik eta marka egitea denbora albo batera utzita, hau da 150 jasoaldiak egitea eta sufrituta bada ere lortu zuen errekorra eskuratzea.
Aurtengo denboraldiko bere helburu nagusia saiakera hau izan da eta honen ondoren martxoan lehiatuko den Zarauzko Bi Harri Txapelketarako prestatzen hasiko da, bertan aurreko bi edizioetan txapela jantzia duelarik.
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldi berri bat igandean Leitzan
Aizkoran, Iker Vicente eta Jon Rekondo neurtuko dira. Harrijasotzen, Aimar Galarraga Imanol Albizuren aurka eta Virginia Finol bakarkako lanean
Peñagarikano eta Aizperroren arteko desafioa Azpeitian
Desafioa mistoa izango da eta hiru herri kiroletan arituko dira nor baino nor gehiago. Harri jasotzen, aizkoran eta lasterka jokatuko dute apustua.
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldia Lezan
Aizkoran Otaño irabazle, harrian Goikoetxeak 37 jasoaldi egin zituen eta Urruzuno aldiz lesionatu zen, eta Virginia Finolek 52 altxaldi eginda marka onena ezarri zuen