HERRI KIROLAK/AIZKORA
Hodei Ezpeletak irabazi du Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa
Beotibar pilotalekuan jokatu zen pasa den igandean Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa Nagusiaren finala, 12:00etan hasita, non Hodei Ezpeleta Lopetegi (Bizkaia), Luis Mari Txapartegi Gurrutxaga (Gipuzkoa), Xabier Zaldua Alberdi (Gipuzkoa), Oier Kañares Ibarra (Nafarroa), Iban Resano Igoa (Nafarroa) eta Jose Antonio Etxeberria Osakar (Nafarroa) aritu ziren lehian.
Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatuta, aurtengoa txapelketaren 36. ekitaldia izan da, iaz egin gabe geratu baitzen, eta aizkolariek ondoko lana egin behar izan zuten: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ahalik eta azkarren moztea.
Azken txapelduna Iker Vicente izan zen baina oraingoan ez zuen parte hartu, izan ere, federazioarekin izandako hainbat desadostasun tarteko, hainbat aizkolarik beren txapelketa propioa antolatzea erabaki zuten, Sherpa Ai izenekoa. Igandean jokatu zen horren finala, eta Vicentek irabazi zuen bigarrenez.
Azkenean, igandeko finala Hodei Ezpeleta “Bihurri” eibartarrak irabazi zuen, 44 minutu eta 40 segunduko denbora eginda. Bere aurreneko finalean, 22 urte besterik ez dituen Ezpeletak ez zien aurkariei aukerarik eman, lehia hasi eta buka erabat nagusitu zelarik. Xabier Zaldua gipuzkoarrrak eskuratu zuen bigarren postua (46:17), irabazlearengandik minutu eta 37 segundora, eta Zigako Joxean Etxeberria (47 minutu eta 30 segundo) sailkatu zen hirugarren. Beren atzetik sailkatu zen Oier Kañamares, 48:49 denborarekin laugarren postua eskuratu zuelarik. Bosgarren postuan berriz, Iban Resano geratu zen (51:30), eta seigarren postua Luis Mari Txapartegirentzat izan zen (53:27).
SAILKAPENA
- Hodei Ezpeleta 44:40
2. Xabier Zaldua 46.17
3. José Antonio Etxeberria 47:30
4. Oier Kañamares, Kañamares IV 48:49
5. Iban Resano 51:30
6. Luis Txapartegi 53.27
Halaber, Laiene Pikabea, Nerea Sorondo eta Maika Aristegik hasiera eman zioten emakumeen aizkora txapelketari. Kanaerdikoa lehendabizi mozten zuena bilakatu da irabazle, eta hori izan da Sorondo. Aizkolari nafarrak atzetik izan du Pikabea, eta hirugarren geratu da Aristegi.
Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren jardunaldia lehiatu zen Iraetan
Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia nagusitu ziren, Zaldua eta Txapartegiren aurka
640 kiloko Euskal Herriko sokatira txapela jantzi dute Beti Gazteko mutilek
Emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia ere jokatu zen larunbatean Berangon
Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu zen Burgelun
Julen Alberdi ‘Txikia VI’ eta Suharri Rodriguez nagusitu ziren, Mugertza eta Gabirondoren aurka