MENDI LASTERKETAK
Hilabete baten buruan hiru lasterketa lehiatuko dira Altsasun
Joan zen urtean martxoaren 28an jokatzekoa zen X. Altsasuko Duatloia bertan behera geratu zen COVID-19 pandemiagatik. Baina aurten duatloi lasterketa bat beharrean, bi antolatuko ditu Sakana Triatloi Taldeak Altsasun: otsailaren 21ean Dantzalekun jokatuko den Altsasuko I. Duatloi Krosa eta martxoaren 20an Ibarrean jokatuko den Altsasuko Duatloia.
1. Duatloi Krosa gainera Nafarroako Txapelketa izango da, izan ere, otsailaren 7rako zegoen iragarrita Tuterako Duatloi Krosarekin batera baina azken momentuan pandemiaren bilakaera dela eta bertan behera utzi dute lehiaketa. Nafarroako Triatloi Federaziokoak proposatuta baina, azkenean Nafarroako Duatloi Kros Txapelketa otsailaren 21ean egingo da Dantzalekun, arestian esan bezala egun horretan egingo delako I. Altsasuko Duatloi Krosa, sprint distantzian, bidenabar Nafarroako Duatloi Kros Txapelketa izango dena. Aste bat lehenago, otsailaren 14an, Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa hartuko du Dantzalekuk ere.
Hau da, hilabete baten buruan hiru proba lehiatuko dira Altsasun: otsailaren 14ko Nafarroako Kros Luzea, otsailaren 21eko Nafarroako Duatloi Txapelketa, eta martxoaren 20ko Altsasu Duatloia. Toki askotan probak bertan behera uzten ari direnean,Nafarroan 2021ean jokatuko den lehen duatloi lasterketa izango da, eta krosa urteko lehena izatea baliteke ere.
Otsailaren 21eko goizeko 9:30ean abiatuko da Altsasuko I. Duatloi Krosa, Dantzalekuko pistetatik. Hasieran duatletek 4 km osatu beharko dituzte Dantzalekuko paraje zoragarrietan barna, gero bizikleta hartu eta San Pedro zelairantz joko dute, 12 km osatzeko, eta bukaeran 2 km egin beharko dituzte. Proba erreleboka egiteko aukera izango da ere, bikoteka. Hau da, batek korrikako segmentua egingo du eta besteak bizikletakoa.
COVID-19 dela eta, neurri zorrotzak bete beharko dira. Ikusleak ezingo dira boxetara hurbildu, segurtasuna bermatzeko, eta soilik korrikako eta bizikletako tartetan egon ahalko dira, distantziak mantenduz. Bestalde, lasterketan ez dira duatleta guztiak batera aterako. Dantzalekuko pistatik hirunaka aterako dira duatletak, 10 segundoro hiru. Horrela guztien arteko distantzia bermatuko da. Erlojupeko bat bezala izango da. Hasieran maskara jantzita aterako dira kirolariak, eta ondoren kendu egingo dituzte. Bizikleta segmentuan ezingo da aurrekoaren gurpiletik lotuta joan eta ez dira hornidura guneak egongo.
Altsasuko I. Duatloi Krosean izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioan (www.navarratriatlon.com) eta baita rockthesport.com webgunean ere.
Maiatzaren 24an izango da Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia
Maiatzaren 24an izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren proba nagusia eta Junior Traila. Kilometro bertikala, aldiz, maiatzaren 22an.
Pou anaiak eta euskal mendizaletasunaren ondarea
Euskal mendizaletasunaren ondarea sustatzeko ahaleginen artean, Pou anaiek haien urterik oparoena bizi izan dute
Worku eta Obiri irabazle Elgoibarko krosean
Afrikarrak nagusi, gizonezkoetan Worku etiopiarrak ezustekoa emanda eta emakumezkoetan Obiri keniarrak espero zen garaipena erdietsita