HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Herri kirol jaialdia Mallabian

by | 2021/03/01

Argazkiak: egursport.com

Egur Sporten Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren finalerdia eta Urrezko Aizkolarien kanporaketa jokatu ziren pasa den larunbatean Mallabian, Jaialdia pilotalekuan 18:00etatik aurrera, ateak itxita.

Aizkorari dagokionez, hiru bikote aritu ziren nor baino nor gehiago, finalerako txartela jokoan zutelarik: Iban Resano-Joxean Etxeberria (azken honek lesionatutako Juanjo Lopez Azpilikueta ordezkatu zuen), Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Xabier Zaldua-Julen Aranberri “Elorriaga II.a”.

Hiru aizkolariek aurreko bi finalerdietan egindako lan berbera egin zuten: erlojuaren kontra 45 ontzakoa erdibitu; abiadura lana, 65 ontzako enbor handia erdibitu, txanda librean; eta azken lana, 60 ontzako 6 enbor erdibitu, txanda librean.

Azkenean, Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal” izan ziren lanak amaitzen azkarrenak, guztira 20 minutu eta 29 segundu baliatu zituztelarik enborrak mozteko (erloju kontra 1´01´´ eta 54´´, abiaduran 4´09´´ eta azken proban 14´25´´). Xabier Zaldua eta Julen Aranberri “Elorriaga II.a” izan ziren bigarrenak, 20 minutu eta 52 segunduko denbora eginda (erloju kontra 49´´ eta 1´07´´, abiaduran 4´12´´ eta azken proban 14´44´´). Hirugarren postuan amaitu zuten Iban Resano eta Joxean Etxeberria, 23 minutu eta 20 segunduko denborarekin (erloju kontra 58´´ eta 1´13´´, abiaduran 4´52´´ eta azken proban 16´17´´).

Beraz, Suharri eta Basozabalek martxoaren 14an Azpeitiko Izarraitzen jokatuko den final handirako sailkapena lortu zuten, bertan aurreko bi finalerdietan gailendu ziren bi bikoteekin neurtuko direlarik: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, eta Goizeder Beltza eta Hodei Ezpeleta.

Arestian aipatu bezala, Urrezko Harri Jasotze Txapelketako Eusko Label Saria ere jokatu zen larunbat arratsaldean Mallabian. Lau harri-jasotzailek parte hartu zuten norgehiagokan. Alde batetik, gizonezkoen mailan, Gorka Etxeberriak, Mikel Lopetegi Urra-k eta Jon Gisasola Zelai V.-ak zortzi arroako hiru harri mendean hartu behar izan zituzten.

Mikel Lopetegi Urra sailkatu zen finalerako, orotara 85 jasoaldi eginda: kopari 39, kubikoari 23 eta bolari 23. Bigarrena Jon Gisasola “Zelai V.a” izan zen, 77 jasoaldi eginda: kopari 37, kubikoari 17 eta bolari 23. Hirugarrena Gorka Etxeberria, 70 altxaldi burututa: kopari 36, kubikoari 17 eta bolari 17.

Emakumezkoetan, bestalde, Karmele Gisasola Zelai III.ak  marka pertsonala egiten saiatu zen ehun kiloko zilindroarekin, azkenean bost minututan 6 jasoaldi eman zizkiolarik 100 kiloko zilindro zaharrari.

Sokatira jardunaldia Berriozarren

Sokatira jardunaldia Berriozarren

560 kilotan gizonezkoak neurtu ziren egun bakarrera eta 500 kilotan emakumezkoek txapelketako azken jardunaldia izan zuten