EUSKAL PILOTA
Hastear da Nafarroako XVI. Erremonte txapelketa
Nafarroako Foru Komunitatearen XVI. Erremonte txapelketako lehen partidak ostiral honetan, maiatzaren 21ean, jokatuko dira arratsaldeko 19:00etan Berako Eztegara pilotalekuan. Guztira bost bikote arituko dira txapelketa honetan eta Berako jaialdian Zeberio II.a eta Ion, Xanti Uterga eta Otano eta Eloy Otxandorena eta Azpiroz ariko dira elkarren contra, hogei tantora jokatuko diren partidetan. Txapelketako beste bi bikoteak Josetxo Ezkurra II.ak eta Barricartek eta Aldabek eta Aimar Saldiasek osatuko dituzte.
Larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan ostiraleko bi bikote onenak ariko dira berriz ere elkarren kontra. Jaialdia hasteko, Matxin III.a eta Barricart, Aimar Jabalera eta Aimar Saldiasen aurka arituko dira.
Txapelketa osoan bezala, Covid19 gaitzaren kontrako protokoloa beteko da, musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta gehienez ere 180 ikusle sartu ahal izango dira. Hortaz, jaialdiak hasi baino ordu erdi lehenago frontoira hurbiltzea aholkatu dute.
Final laurdenetako ligaxkan bikoteak hirunaka ariko dira elkarren aurka, Berakoaren ondoren izango diren bi jaialdiak, Iruritan maiatzaren 28an eta Erratzun maiatzaren 29an lehiatuko direlarik. Donezteben, berriz, ekainaren 11n jokatuko dute. Fase honetako beste partidak Peraltan, Artaxonan, Lekunberrin, Ezkarozen, Agoitzen eta Altsasun jokatuko dituzte uztailaren 23ra bitarte. Ondoren finalerdietako ligaxka binaka jokatuko dute Burlatan, Lekunberrin, Andosillan, Tafallan, Garesen eta Lizarran eta finala Zubirin. Denera, Nafarroako hamazazpi herritara ailegatuko da erremontea.
Maiatzaren 17an egindako aurkezpenean Erremonte Fundazioko arduradunek aipatu zutenez, Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzaz, klubetako erremonte eskola eta ataletan sartzeko aukera eskainiko zaie kirol honetan trebatzen hasi nahi duten neskei. Horretarako, saski ttikiagoak eta arinagoak erabiliko dituzte, mutikoen adin berean hasteko aukera izan dezaten.
Goikoetxea V.a-Labaka eta Segurola-Zaldua I.a, finalerdietara sailkatuta
Goikoetxea V.ak eta Labakak Urrutia II.aren eta Aizpuru III.aren aurka 40-39 irabazi zuten eta Segurolak eta Zalduak 40-34 irabazi zioten Etxarri-Zubiriri
Pala Banakako finalerdietako ligaxka hastear da
Azken emaitzen ondorioz, Gaubeka, Fusto, Gordon eta Ibai Perez sailkatu dira hurrengo fasera
Goikoetxea V.a-Labakak eta Mirubia-Martirenak beste lau puntu batu dituzte
Oriamendi Torneoko bigarren jardunaldia: Zaldua II.a-Larrañaga 29 Goikoetxea V.a-Labaka 40 eta Mirubia-Martirena 40 Urrutia II.a-Aizpuru III.a 37