EUSKAL PILOTA
Abian da Galarretaren 50. urteurreneko Erremonte Txapelketa
Covid19 gaitzak eragindako etenaldiaren ostean, Galarretako 50. urteurreneko Txapelketarekin bueltatu da erremontea, larunbatean aurreneko bi partidak jokatuta
Erremontea bueltatu berri da Galarretara 50. urteurreneko Txapelketarekin, orotara hiru partidu jokatu zirelarik lehenengo jaialdian eta txapelketako bi partiduetan bikote urdinek maila bikaina erakutsi eta faboritoak gailendu zituztelarik.
Galarretak eta Oriamendi2010 enpresak erronka haundia zuten aurretik egun hauetan, batetik haien plantilla erdian geratu delako bigarren entrepresa baten agerpenagatik eta bestetik zaila zelako aurreikustea 90 eguneko etenaldiaren ondoren ikuslegoaren erantzuna zein izango zen (azkenean 220 bat zale bildu zen harmailetan).
Lehenengo partidan, Juanenea-Endika maila haundiko bikotea direla erakutsi zuten, eta Urriza-Zubiriri 35-28 irabazita txapelketako aurreneko lau puntuak eskuratu zituzten.
Nafarrek hasieratik izan zuten lehia kontrolpean eta seinakako berdinketatik aurrera dexenteko abantaila hartu eta amaierarte mantendu zuten. Partidaren gakoa Urriza jokoz kanpo uztea lortu zutela izan zen, defentsan irabazle biek oso ondo aritu zirelarik eta saketik gainera seina tanto erdietsi zituzten.
Bigarren partida antzekoa izan zen baina are nabarmenagoa suertatu zen garaileen nagusitasuna, hasieratik markagailuan abantaila lortu eta eroso eraman zutelarik partida azkeneraino. Horren erakusle, momento jakin batean markagailuak erakusten zuen 16-30ko emaitza, amaieran emandako 23-35ekoa ederki adierazten duelarik bi bikoteen artean egondako aldea. Ansa II.ak erasoan sekulako maila erakutsi zuen, orotara 18 tanto erdietsita, eta soilik bi hutsegite eginda.
Bi emaitza hauekin garaileek launa puntu pilatu dituzte sailkapenean eta galtzaileak punturik gabe geratu dira. Azpimarratzekoa da, ligaxkan lehena sailkatzen denak finalerako txartela lortuko duela, azkena kanporatua izango dela eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatu beharko dutela.
Aurreneko bi partiden ondoren honela geratu da sailkapena:
- 1. Ansa II-Larrañaga 4 puntu
- 2. Juanenea-Endika 4 puntu
- 3. Urriza-Zubiri 0 puntu
- 4. Goikoetxea V-Barrenetxea IV 0 puntu
Ekainaren 20ko partiden emaitzak:
- Urriza-Zubiri 28Juanenea-Endika 35
- Goikoetxea V-Barrenetxea IV 23Ansa II-Larrañaga 35
Itziar Lete, Gipuzkoako Pilota Federazioaren presidente berria
Danok Bat Pelotazale Elkarteko kidea, gainera, kargua hartzen duen lehenengo emakumea da
Antxon eta Arbe, Berriatuko finalerdietara
Banakako Jai Alai World Tourraren finalerdietan, Antxonek Aimarren kontra jokatuko du eta Arbek Beaskoetxearen kontra
Eneko Maizek irabazi du 2020ko E.H-ko lau eta erdiko Elite txapelketako lehen finalaurdena
Maizek (Behar-Zana) Aurrekoetxeari (Lemoa) irabazi zion 22-14, Laudioko Aretako frontoian lehiatutako norgehiagokan