EUSKAL PILOTA
Hasi da Hondarribia Grand Slam txapelketa
Irailaren 18an eman zitzaion hasiera Hondarribia Grand Slam txapelketari
Iragan ostiralean hasiera eman zitzaion Hondarribiako Grand Slam txapelketari (zeina Jai Alai Worl Tourrentzako puntuagarria den), Jostaldi pilotalekuan jokatutako aurreneko partidekin.
Urtero lez, aurtengo udan zen jokatzekoa Hondarribia Grand Slam txapelketa baina COVID19 gaitzak eragindako egoera dela eta, aurtengo edizioa orainarte atzeratu behar izan da.
Berrehun bat lagun inguru gerturatu ziren partiduak zuzen-zuzenean ikusteko asmoz, osasun-protokoloak ezarritako neurri zorrotzak mantenduz.
Txapelketaren lehenengo jardunaldi honetan, bi lehia jokatu ziren: alde batetik A taldeko norgehiagoka, non Goikoetxea-Irastorza bikotea Barandika eta Mancisidorren aurka aritu zen nor baino nor gehiago, eta bestetik B taldekoa, Olharan-Etcheto eta Olha-Del Río bikoen artean.
Lehenengo partidan, Goikoetxea eta Irastorza ziren garaipena eskuratzeko faboritoak, baina gogotik egin behar izan zuten lan bikote aurkaria mendean hartzeko, 15-10 eta 15-13. Mancisidor bikain aritu zen eta Barandikak ere maila ona erakutsi zuen. Tantuak orekatuak joan ziren eta garaipena alde batera edo bestera erortzeko aukera egon zen. Aurreneko jokoan, bosna ados egon ondoren, hiru tantoko aldea erdietsi zuten Barandika eta Mancisidorrek (6-9). Orduan gorriak suspertu egin ziren eta markagailuari buelta eman zioten, jokoa eskuratuta (15-10).
Bigarren jokoaren hasieran ere, urdinek abantaila txikiak lortu zituzten baina 7-6ko emaitza markagailuan zela, gorriek azeleragailua zapaldu zuten eta 11-6 irabazten jarri ziren. 14-11 ere aurreratu ziren eta dena erabakita bazirudien ere, jokoa amaitzea kostata lortu zuten (15-13).
Bigarren partidan aldiz, B multzoari zegokiona, Olharan-Etcheto bikoteak 13-15, 15-8 eta 5-4 hartu zuen mendean Olha-Del Río osaturiko bikoa.
Lehenengo jokoa baina, urdinen alde erori zen, Olha-Del Río bikotearen alde alegia. 9-7 galtzen egon baziren ere, partidari buelta eman zioten, azkenean 13-15 irabaztea lortu zutelarik. Bigarren jokoa ere aurretik hasi zuten (2-3) baina orduan Olharan-Etcheto bikoteak aurrea hartu zuen markagailuan (6-3 eta 8-6). Ordurarte norgehiagoka orekatua joan bazen ere, handik aurrera gorriak zeharo nagusitu ziren eta jokoa eskuratu zuten erraz (15-8). Berdinketa hausteko jokoa ezin zirraragarriagoa izan zen, azkenerarte oreka mantendu zelarik: 1-0, 1-2, 2-2, 2-3, 4-3, 4-4 eta azkenean 5-4 Olharan-Etchetoren alde.
Datorren ostiralean, irailak 25, lehiatuko da Hondarribia-Grand Slam txapelketako bigarren jardunaldia, batetik A taldeko Goikoetxea-Irastorza eta Beaskoetxea-Lopez neurtuko direlarik, eta bestetik, B taldeko Olharan-Etcheto eta Hormaetxea-Minvielle bikoteen arteko norgehiagoka emango delarik.
Hondarribia Grand Slam Txapelketa
Jai Alive, Hondarribiko Pilota Eskola eta Hondarribiko Udalak, hurrengo asteetan antolatuko dute honako txapelketa, datozen bost ostiraletan lehiaketako jaialdiak egingo direlarik.
Bi taldetan egongo da banatuta lehiaketa:
A Taldea:
Goiko-Irastorza
Beaskoetxea-Lopez
Barandika-Mancisidor
B Taldea:
Olharan-Etcheto
Hormaetxea-Minvielle
Olha-Del Rio
Irailaren 18an eta 25ean zein urriko 2an ligaxken partiduak lehiatuko dira, A multozko lehia bat eta B multzoko beste bat. Urriaren 9an finalerdiak jokatuko dira eta hilaren 16an final nagusiaren txanda izango da.
Lautik lau garaipen Goikoetxea eta Labakak
Astearteko jardunaldian: Goikoetxea- Labaka 40 Mirubia –Martirena 32 eta Zaldua II.a-Larrañaga 30 Urrutia II.a-Aizpuru III. a 40
Pala Banakakoaren finalerdietako ligaxka hasi da
Ibai Perezek 3-0 irabazi zion Gordoni eta Fustok 3-2 Gaubekari
Malerrekako XIX. pilota txapelketako finalak larunbatean jokatu ziren
Bi pilotalekutan lehiatu dira, kategoria txikienetakoak Lesakan eta nagusienak Donezteben