EUSKAL PILOTA
Hasi da buruz buruko erremonte txapelketako final laurdenetako ligaxka
Juaneneak finalerdietarako sailkatzeko garaipen garrantzitsua lortu zuen ostegunean, final laurdenetako ligaxkako lehen partidan Ansa II.ari 19-30 irabazita
Final-laurdenetako ligaxka hau hiru erremontistek jokatzen dute eta bakarra pasatzen da hurrengo fasera. Finalerdietarako txartel bakar hori, Juanenea, Ansa II.a eta Goikoetxea V.aren arteko lehian puntu gehien erdietsiko dituenak lortuko du. Momentuz, Juaneneak, garaipen honekin, lau puntu eskuratu ditu eta Ansa II.a hutsean geratu da bere 19 tantoekin.
Juaneneak txapelketako atarikoak jokatzen aritu da hasieratik eta denetan garaile atera da, ligaxkako lehenengo norgehiagoka honetan ere garaipen boldarekin jarraitu duelarik, Ansa II.ari nagusitasunez irabazita. Ansa II.a joan den urtean finalerdietako ligaxkan aritu zen, baina atzo ez zen arerio izan saldiastarrarentzat.
Saldiaskoak maila bikaina erakutsi zuen, piloteoan bikain aritu zen, bote lasterrak bikain egin zituen, ondo defendatu zen eta ezker pareta ere ongi ukitu zuen piloteoan. Hogei tanto egin zituen piloteoan eta Ansak berriz, hamasei. Sakean ere aurkaria baino hobeto ibili zen eta bost tanto egin zituen (bakarra Ansak). Hutsegitei dagokionez, Ansak bost egin zituen eta Juaneneak bi bakarrik.
Markagailua berdinduta egon zen launako berdinketa arte, baina 5-6tik aurrera Juaneneak alde nabarmena ireki zuen markagailuan (6-16) eta hamabost tantoko abantaila ere lortu zuen (12-27). Azkenean, Ansak 19 tanto eskas egin zituen eta kanporatzeko zorian geratu da, eta Juanenea aldiz, eskuan dauka finalerdietarako sailkatzeko aukera.
Ostegunean Galarretan jokatutako lehen partidan, Oskar Urrutia II.a saldiastarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak 40-36 irabazi zieten Zaldua eta Larrañagari. Partida nagusian, Goikoetxea V.a eta Endika saldiastarrak 40-33 irabazi zieten Etxarri eta Barrenetxea IV.ari.
Abuztuak 13ko partiden emaitzak
- Urrutia II.a-Zubiri 40 / Zaldua II.a-Larrañaga 36
- Ansa II.a 19 / Juanenea 30
- Etxarri-Barrenetxea IV.a 33 / Goikoetxea V.a-Endika 40
Datorren jardunaldia, abuztuaren 15ean:
- Urrutia II.a-Larrañaga vs Segurola-Arruarte
- Ansa II.a vs Goikoetxea V.a
- Mirubia-Barrenetxea IV.a vs Urriza-Zubiri
Buruz Buruko Txapelketa
Finalaurdenetako fasea, Juanenea, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izango da eta abuztuaren 13an, ostegunean, hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera pasako da eta gainontzekoak kanporatuak izango dira.
Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den pelotaria, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira, eta laugarren geratzen dena txapelketatik at geratuko da. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak.
Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da eta irailaren 26an jokatuko da finala. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuen artean irailaren 19an jokatuko da.
Partida guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligaxketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu batuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra lortuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik behera puntu bat kenduko da sailkapenean.
Iparlur Masters Txapelketa sei erremontistekin hasiko da larunbatean
Zubiri, Goikoetxea V.a, Juanenea, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a dira sei pilotariak
Lehen faseko bi bikote onenak izango dira Paxaka txapelketako finalean
Finala eta hirugarren posturako lehia datorren larunbat arratsaldean jokatuko dira Iruritako Aranabian
Bizkaia Paleta txapelketako finalerdiak zehaztu dira
Irazustabarrenak eta Etxanizek Galdos-Erasunen aurka arituko dira eta Huizi eta Martinek, Agirresarobe eta Arrietaren kontra