«Herri oso bat gailurrean»
Patxi Gaztelumendi | Oihana Azkorbebeitia
Gu ere bai! ekimeneko kideak
guerebai.eus
Herri oso bat gailurrean
Patxi Gaztelumendi
Oihana Azkorbebeitia
Gu ere bai! ekimeneko kideak
Pozez gainezka herri bat, 8.848 metro haietatik heldutako berria jakitean. 1980ko maiatzaren 14an izan zen, Martin Zabaleta hernaniarrak eta Pasang Temba sherpak ikurriña munduko gailurrik garaienean jarri zutenean.
Behin eta berriro saiatu ziren, lege, debeku eta arazo guztiei aurre eginez. Urte batzuk lehenago izan zen euskaldunen lehen saiakera, eta Tximist espedizioa antolatu zen.
Herriz herri hedatu ziren pegatak, diru bilketak, auzolan erraldoia. Gauzak egiteko modu bat daukagu euskaldunok, batera lan egin eta borondatezko lana uztartuz. Helburuak jarri eta polikii poliki eta ilusio itzelarekin lortzeko.
Auzolana. Militantzia. Ilusioa. Konpromezua. Borondatea.
Herri oso bat izan zen espedizio hura; edo zinema lantzeko film proiektuak; edo herri eskolak, gau eskolak, ikastolak, kultur elkarteak.
Frankismo gogorrenaren itzalpetik esnatu eta gogotsu herri proiektuak landu zituen orduko gizon eta emakume belaunaldiak.
Ikurriña munduko tontorrean ikusteak, orduko aldarrikapen eta borroka askoren lekukotza emateak, piztu eta poztu zuen Euskal Herria.
Euskaldunok eta mendia
Lotura handia izan dugu euskaldunok mendiarekin. Lana dela, erronkak direla, jaiak, erromeriak, debekatutako ekitaldiak… ikurriñak eta mendia, mendi taldeak eta espedizioak, ospakizunak eta aldarrikapenak bat egin dute beti gurean.
Mendizaletasuna, herri hau bizi eta sentitzeko moduetatik bat izan da. Oso indartsua. Mugalari herria da gurea, herri solidarioa, eta gure mendi eta basoak historiaren lekukoak izan dira beti. Gure zuhaitzek osatzen dituzte ikur eta sinbolo asko. Naturarekiko harremanak iraun du belaunaldiz belaunaldi. Eta orain ere, mendia euskaltasunaren ikurretako bat da. Zorionez.
Eta 1980. urteko Everesteko Euskal Espedizioaren sokak jarraitzen du. Ez dago etenik. Atzetik asko izan dira himalayismoa landu duten euskaldunak. Edurne Pasabanek Everest igo zuen 2001ean, hirugarren ahaleginean, eta bederatzi urte eskasean zapaldu zituen munduan dauden zortzi mila metroko hamalau mendiak; Shisha Pangma azkena. Halako balentria lortzen zuen munduko lehen emakumea bilakatu zen tolosarra, 36 urterekin. Eta hori ere ospatzen ari gara egun hauetan.
Asko dira halaber; Pirinioetan edo Euskal Herriko edozein menditan topatuko dituzun euskal herritarrak. Mendizaletasuna errotuta dago gure herrian, mendiak eurak gure paisaiaren parte diren modu berean. Gure nortasunaren ikur eta lekuko. Soka berean ari gara belaunaldiz belaunaldi. Euskal espedizioek bizirik jarraitzen dute, zorionez.
Euskal mendizaletasunak, eta kirolak orohar mundu ikuskera bat ematen digu, baina modu berean munduari gu zer eta nor garen erakusteko aukera paregabea.
Nazioarteko lehiaketetan, gure herrian egiten diren kirol frogetan. Gure ikurriña eta gure nortasuna erakusten dugun bakoitzean. Eta debekatzen diguten aldiro. Gure kirolariak, herri honekin konprometitutako euskaldunak dira, eta oso harro esan dezakegu, kirolez kirol eta arloz arlo. Ikurriña gure ikurra da nazioartean, debeku, estatu eta muga guztien aurretik, eta 1980an bezala, gaur ere mendi gailurretara edota munduko froga ezberdinetara eramateko gogo hori ez dugu erabat asetu. Askatasun egarri da gure herria, eta nazioartean erakutsi nahi dugu zer garen eta zertarako gauza izan gaitezkeen. Erronka horretan gabiltza oraindik, baina ziur gaude lortuko dugula.
Horregatik gaur, hemen eta orain, 1980ko Euskal Espedizioa omendu eta orduko ekintza hura goraipatu nahi dugu. Martin Zabaletak ikurriña mendi gailurrean jartzea lortu zuen, baina berak ondo gogoratzen duen bezala, ekintza kolektiboa izan zen hura, euskal espedizioko kide guztien ekinez lortu zena; Euskal Herritik dirua, babesa eta bultzada eman zuten erakunde, elkarte, aurrezki kutxa, udal eta herritar guztiena.
Gaur, euskal espedizio hura gogoratzean, bidean utzi gaituzten espediziokideak ere gogoratu nahi ditugu. Lesakako Xabier Erro, Oiartzungo Ricardo Gallardo, Azpeitiako Manu Urbieta Takolo eta Emilio Hernando deustuarra. Ezinbestekoak orduko espedizioan eta euskal mendizaletasunaren historian gogoratu beharrekoak. Agur eta ohore XXI. mendeko euskal mendizaleon izenean.
Euskal espedizioa omendu asmoz, eta herri oso bat gailurrera zelan eraman zuten gogoratzeko, asteburu honetan Gu ere bai! ekimenak Euskal Herriko mendi gailurretara joateko deialdia egin du. Mundu osoa astindu duen Covid_19 birusaren pandemiaren erdian, eskura dauzkagun aukerak baliatu, eta ahal dugun moduan, eta segurtasun neurriak hartuta argazkiak egingo ditugu Euskal Herriko tontorretan. Zazpi Euskal Herrietako tontorretara joango gara, ikurriñak eramango ditugu, irrintziak bota eta Euskal Herriaren izaera aldarrikatuko dugu, lau haizetara. Eta une horretan, Martin Zabaletak idatzi dizkigun hitz hauek ekarriko digugu gogora: “Jarraitu sustatzen gure Euskal Herriaren nortasuna munduan aurrean, noizbait zerbait lortuko dugu. Animo eta urrun arte!”. Eskerrik asko Euskal Espedizioari, zorionak herri harrotasuna piztu eta gu guztiok horrela pozteagatik. Orain, helburu berrietara helduko gara, gu ere bai.
Skyrunner World Series Zirkuituaren egutegia aurkeztu dute
Egutegiko hamahiru proben artean, irailaren 26an jokatuko den Gorbeia Suzien lasterketa dago, Euskal Herrian egingo den bakarra
Zegama-Aizkorri mendi maratoia, ekainaren 6an
2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan ostean, datorren urteko data zehaztu du lasterketaren antolakuntzak
MENDIAN GORA erakusketa ikusgai
Euskal Herriko mendizaletasunaren historiako giltzarri nagusiak gogorarazi nahi ditu