MENDI LASTERKETAK
Gontzal Murgoitio eta Onditz Iturbe nagusi Sorginen Lasterketan
Sorginen Lasterketako XIII. edizioan, Gontzal Murgoitio gazteak marka guztiak hautsi eta errekor berria ezarri zuen, 1:37:52ko denbora eginda. Emakumezkoetan Onditz Iturbek lortu zuen garaipena.
Zailtasunak zailtasun, Sorginen Lasterketako antolatzaileek probarekin aurrera egitea erabaki zuten eta korrikalariek gogotsu erantzun zioten erabakiari. izen-ematea guztiz beteta.
Hartara, 300 parte-hartzaile izan ziren Axpeko irteera puntuan, tartean Euskal Herriko korrikalaririk onenetarikoak:
Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia, Eztizen Duque, Nahia Quincoces, Garazi Sampedro, Ainara Urrutia, Maider Fraile eta Ainara Uribarri aipatu daitezke. Gizonetan, Imañol Goñi iazko irabazlea, Xabier Zarranz, Asier Larruzea, Beñat Katarain, Gartzen Elejabarrieta, Gontzal Murgoitio, Aitor Ajuria eta Markel Urigoitia, besteak beste.
Aurten, azken urteetako ibilbideari eutsi diote, hau da, Anboto tontorretik igaro dira. Axpetik abiatu, eta Andastotik Zabalaundira igo dira, eta han Anboto tontorrerako igoera hasi zuten, ondoren, Asuntza aldetik jaitsi direlarik. Lasterketako azkenengo igoera Artolarakoa izan da, eta handik Axpeko helmugara jo dute. Guztira, 17,8 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboko ibilbideari aurre egin diote parte-hartzaileek.
Azkenean, aurtengo Sorginen Lasterketak protagonista nagusi bat izan zuen beste guztien gainetik: Gontzal Murgoitio 19 urteko elorriarra. Proba irabazi ez ezik, iaz Imanol Goñik ezarritako marka (1.39.40) nabarmen hobetu zuen: 1.37.53.
Hala ere, Imanol Goñi lehenengo tokian eta bakarrik igaro zen Anbototik, eta minutu bateko aldea ateratzen zion Murgoitiori, baina aldapan behera alde osoa jan zion, eta, tarte teknikoa amaitu zenean, aurreratu egin zuen. Ondoren, Murgoitiok ez zuen erritmoa moteldu, eta inondik inora itxaroten ez zuen marka ezarri zuen helmugan. Bigarren postuan Xabier Zarranz helmugaratu zen eta hirugarren Beñat Katarain.
Emakumeetan aldiz, Onditz Iturbek irabazi zuen Sorginen Lasterketa, Oihana Azkorbebeitiaren eta Eztizen Duqueren aurretik.
Hilabete baten buruan hiru lasterketa lehiatuko dira Altsasun
Otsailaren 14ko Nafarroako Kros Luzea, otsailaren 21eko Nafarroako Duatloi Txapelketa, eta martxoaren 20ko Altsasuko Duatloia
Senpereko Traila bertan behera utzi dute
Jadanik hurrengo urteari begira jarri dira antolatzaileak, izan ere, 2022ko martxoaren 12an edo 13an lasterketa antolatzeko asmoa plazaratu dute
Aurten bertan behera geratu da 41. Idiazabalgo Herri Krosa
Urtarrilaren azken igandean izan ohi da 1981. urtetik egiten den lasterketa, San Blas jaien hasieran