ARRAUNA

Gipuzkoako Traineru Txapelketa Orion

by | 2020/07/15

Asteazken honetan, uztailak 15, lehiatuko da  Gipuzkoako Traineru Txapelketa Orion, emakumeen zein gizonen hiruna txanda egingo dituztelarik, 18:00tatik aurrera.

Itsasoan izango da estropada, ez Oria aldean, eta emakumeen hiru txandetan bederatzi traineruk parte hartuko dute eta gizonenetan hamaikak.

Emakumeen nahiz gizonen lehen bi txandak (ligetan ETE nahiz KAEn daudenak) erlojupeko formatuan izango dira, eta azken txandan (Euskotren eta Eusko Label ligetan dabiltzan traineruak dira) linean ariko dira txanda horietako lau traineruak.

Iaz, Orio izan zen nagusi gizon zein emakumeetan, eta bi kategorietan Hondarribia izan zen bigarren.

COVID-19ak sortutako egoera dela eta, segurtasun arau zorrotzak bete behar dituzte txapelketan zehar, eta Gipuzkoako Federazioak jakinarazi du txapelketa eremura sarrera mugatua izango dela. Hau da, txapelketako antolatzaileek eta parte hartzaileek bakarrik sartu ahal izango dute estropada eremura eta kai-muturrera. Estropadaren lehorreko eremua arrantza portu berria izango da.

Honakoak dira biharko txandak:

Emakumeak:

  1. txanda: Hibaika eta Lapurdi (erlojupekoan).
  2. txanda: Tolosaldea, Zumaia eta San Juan (erlojupekoan).
  3. txanda: Orio, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia (lineako estropada, laurak elkarrekin).

Gizonak:

  1. txanda: Lapurdi, Mutriku eta Hibaika (erlojupekoan).
  2. txanda: San Pedro, Getaria, San Juan eta Zumaia (erlojupekoan).
  3. txanda: Donostiarra, Orio, Hondarribia eta Zarautz (lineako estropada, laurak elkarrekin).

Ontziratzeak:

Ontziratzeak 16:45etik aurrera hasiko dira, eta txanden irteera-hurrenkeraren arabera egingo dira, honela: 1. Emakumezkoen lehen txandako tripulazioak 2. Emakumezkoen bigarren txandako tripulazioak 3. Emakumezkoen hirugarren txandako tripulazioak Ondoren gizonezkoen ontziekin jarraituko da, eta, aurreko kasuan bezala, honela ontziratuko dira: 1. Lehen txandakoak 2. Bigarren txandakoak 3. Hirugarren txandakoak. Tripulazio bakoitzak ontziratzeko bost minutu inguru behar baditu, ontziratzeak 16:45ak aldera hastea aurreikusten da, emakumezkoen ontzi guztiak 17:15ak baino lehen uretaratu ahal izateko.

Estropadaren formatua:

Egungo egoera dela-eta ohiko jarduketak birformulatu behar izan dira, baita kasu honetan ere. Beraz, kutsadurarekiko esposizio-denbora gehiegi ez luzatzeko, txapelketa estropada-formatu bikoitzean egitea erabaki da. Hau da: 5. postuaren eta hurrengoen artean sailkatutako ontziek erlojuaren aurkako formatuan parte hartuko dute, lau kaletan, txanden artean bi minuturo aterata; aldiz, 1. eta 4. postuen artean sailkatutakoak lineako ohiko formatuan aterako dira, erlojuaren aurkako txandetako azken ontziak bere estropada amaitu ondoren.

Share This