KIROL EGOKITUA/PILOTA
Gipuzkoako pala egokituko txapelketako finalak jokatu dira
Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatu zituzten pasa den larunbatean Gipuzkoako pala egokituko finalak
Zumaian hasi zen Gipuzkoako pala egokituko binakako lehia, eta leku berean amaitu zen iragan larunbat goizean, 10:30tatik aurrera hasitako jaialdian, bertako pilotalekuak hartu baitzuen hirugarren eta azken jardunaldia, bertan erabaki zirelarik aurtengo txapeldunak. Bi modalitate jokatu dituzte bikoteka: teniseko paleta adimen urritasuna duten kirolariek, eta gomazko paleta gurpildun aulkian dauden parte hartzaileek.
Adimen urritasuna duten pertsonek teniseko paleta modalitateko finalak jokatu zituzten bi multzotan:
Batetik, Lorea Iribar zarauztarrak eta Leire Esnal zumaiarrak osaturiko bikoak 25 eta 20 irabazi zien Xabier Olaziregi eta Lander Ortegari, lehia estuaren ondoren. Bestetik, modalitate bereko bigarren multzoan, Iraitz Huegun donostiarra eta Xabier Arizkorreta hernaniarra nagusitu ziren hiru tantoren aldearekin (25-22) Eneko Sagarmendi mutrikuarra eta Aritz Lertxundi zarauztarraren aurkako lehian, 25 tantora jokatutako final handian.
Gurpildun aulkian dauden kirolariek, bestalde, gomazko paleta modalitateko finala jokatu zuten, Beñat Lizasok eta Manu Quesadak Hilario Olano eta Mikel Merinoren aurka jokatu zutelarik, aurrenekoek garaipena erdietsi zutelarik (25-20).
Txapelketaren hasieran ez bezala, partidak bertatik bertara ikusteko aukera izan zen (Gipuzkoako Pilota Federazioak adierazita zuen % 60ko edukiera baimenduko zutela harmailetan) eta ikusleek berotasunez hartu zituzten kirolariak.
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziotik oso balorazio positiboa egin zuten, izan ere, txapelketa berezia izan da aurtengoa hainbeste protokolo bete behar izan direlako, baina, azkenean txapelketa oso ondo joan da. Hartara, Federazioko kideek azaldu dute txapelketaren helburuak bete dituztela, eta helburua bazela txapelketa “berezia” izatea, baina ez pandamiarengatik, jokalariei egoera horretan jokatzeko aukera emateagatik baizik.
Aldai-Orbegozo eta Espinar-Agirre, Emakume Master Cupeko finalean
Finalerdietan, 22-12 eta 22-18 irabazi diete Arrizabalaga-Gentzane Aldairi eta Ruiz de Infante-Arrillagari, hurrenez hurren
Binakako Erremonte Txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatu da
Juanenea-Larrañagak erreakzionatu dute eta Ansak eta Aizpuruk galdu gabe jarraitzen dute
Beaskoetxea eta Del Rio, Donostia Gran Slam-eko txapeldunak
Finalean, Hormaetxea eta Manzisidorri 15-9 eta 15-12 irabazita