HERRI KIROLAK
Geure Sport herri kirol aldizkariaren 27. alea
Egur Sportek argitaratzen duen herri –kirolen munduan erreferentzia nagusia den aldizkariaren 27. alean edukiak beti bezala anitzak eta mamitsuak dira.
Maiatzeko ale honek duela hogei urtetik gaurdaino herri kirolak egin duen bilakaeraren inguruko gogoeta dakarkigu, hitzez hitz honakoa dioelarik:
“Bizitzan gauza batzuk oso motel baldin badoaz ere, beste batzuk oso azkar doaz, eta askotan entzuten ditugu “atzo izan zela ematen du” bezalako esaldiak. Eta hau da gure kasua, atzo hasi ginela ematen baitu.
Momentu hartan lanean hasi ginen gure betiko kirolak berreskuratzeko asmo eta gogoarekin. Une hartan maldan behera zihoazen, baina 24 urte geroago, gauzak aldatu dira eta egonkortu dira, bai parte hartzaileen aldetik, eta baita egutegi antolatu bat izateari dagokionez ere. Ia 25 urte pasatu dira etengabeko lanarekin, ilusio berriekin, plaza zein kirolari berriekin, formula ezberdinekin…
Ekainaren 13an ospatuko dira XXIV.ren Urrezko Banakako aizkolarien finalak. Betiko ilusioarekin eta aurpegi berriekin, urtez urte kirolari berriak ateratzeko egin dugun ahalegin horri esker. Agian atzean geratuko ziren Arriak, Mindegiak, Arrospidek, Larretxeak edo eta Olasagastik egindako marka haiek, baina ekitaldiak bikainak izaten jarraitzen dute, eta hori da azken batean denok nahi duguna. Aurtengoa ere ez da gutxiago izango, eta berriro ere harmailetan nabarituko da (gaitzaren egoerak uzten baldin badu), baita kirolariek ekarriko duten ilusioan ere.
Final erakargarriak izango dira, harri-jasotzaileak gehituta, azkeneko urte hauetan izaten ari diren bezalaxe. 24 urte pasatu dira eta tarte horretan txapeldun handiak eta beste hainbat gauza garrantzitsu gertatu dira. Lehiaketak jarraitzen du, horretarako egin behar izan den lan guztiarekin, antolakuntzak jarraitzen du, baina protagonistak aldatzen joan dira, atzo izan zela ematen du esaldia mantenduz”.
Barruko orrietan, bestelako edukiak irakurtzeko aukera izango dugu, besteak beste honakoak:
–Soroa eta Amundarain, Maila nagusiko onenak. Nafarroako bikoteak Urrezko Binakako Aizkora Txapelketan nagusitu zen, alde erosoarekin lortu zutelarik garaipena lau lanen amaieran.
–Xuban Kañamaresek eta Ibon Garaiburuk irabazi zuten Binakako Aizkolari gazteen finala. Bikote bakoitzak bi lan ezberdin egin behar izan zituen. Lehen lanean, Zapiainek eta Larrañagak aurre hartu zuten, baina bigarrengoan Kañamares eta Garaiburu hori iraultzeko gai izan ziren, garaipena lortuz.
–Nerea Sorondorentzat izan da aurtengo nesken finala, iazko txapelketan garaipenak ihes egin ondoren. Nafarrak hasieratik hartu zuen probaren agintea eta bukatu arte buruan jarraitu zuen.
–Mikel Lopetegi Urrak irabazi zuen Urrezko Zortzi Arroako harri-jasotze Txapelketa, Azpeitian jokatu zen finalean, kubikoarekin erabateko nagusitasuna erakutsi ostean.
-Abian jarri da Urrezko Banakako Eusko Label Saria Txapelketa. Denera 45 aizkolarik eman dute parte hartzeko izena, eta maila nagusiaz gain, Gazte Mailakoa ere jokatuko da. Finala ekainaren 13an jokatuko da Azpeitian.
–Hiru Hamarreko harri-jasotze Txapelketari ere hasiera eman zaio. Gizonezkoekin batera Emakumezkoen Txapelketa ere antolatu da aurten.
–Beti Gazte eta Ibarra izan dira sokatirako goma gaineko onenak. Euskadiko Goma Gaineko txapel guztiak bi taldeen artean banatu zituzten.
–Igor Duñabeitiari elkarrizketa: «Ilusio eta gogo handiarekin sartu naiz Euskadiko Federazioan». Igor Duñabeitia izango da datozen lau urtetan Euskadiko Herri Kirol Federazioko Presidentea. Foruakoak ongi ezagutzen du herri kirol mundua, aizkolaria eta sokatirako tiralaria izandakoa baita, eta baita kudeaketa ere, beste batzuen artean Foruako alkateaizan baitzen.
-Eta azkenik, martxoa, apirila zein maiatzeko herri kirol lehiaketen emaitzen bilduma dakarkigu aldizkari interesgarri honek.
Geuresport aldizkariaren 27. alea osorik irakurtzeko sakatu HEMEN
Reyes Azkoitiaren taldeak irabazi du Plazandreak txapelketa
Olatz Arrizabalagak (Gernika), Irantzu Etxebestek (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain) jantzi dute txapela
Urrizak irabazi du finalerdietako ligaxkaren bigarren partidua
Urrizak ligaxkako lehen lau puntuak lortu zituen, Urrutiari 30-19 irabazita Galarretan
Erkiagak eta Minviellek irabazi dute Urrezko Eskularrua Txapelketa
12-15 eta 10-15 irabazi dute Urrezko Eskularrua txapelketako finala Goikoetxea eta Irastorzaren aurka