ARGITALPENAK/HERRI KIROLAK
Geure Sport aldizkari digitalaren 12. alea
Luis Mari Bengoa:´´Kirolariek sekulako ilusioarekin hartu dute itzuleraren berria´´
Martxoan hastekoak ziren Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketa eta Harrijasotze Txapelketa, datak ere jarrita zeuden, baina orduan etorri zen osasun krisia, eta ondoren itxialdia, gainerako gauza gehienetan bezalaxe, dena bertan behera utziz.
Iluntasunetik irteten ari garen honetan, argia ere hasi da sartzen, eta aizkolariek, harri-jasotzaileek, eta zale guztiek badute pozik egoteko arrazoi handi bat, izan ere, herri kirol lehiaketak bueltatzear daude. Horren bultzatzaile garrantzitsuena Luis Mari Bengoa izan da, Egur Sporteko arduradun nagusia.
Luis Mari Bengoaren iritziz honelako berri pozgarri bat behar zuen herri kirolak pairatu dugun egoera ilunaren ostean, eta Egur Sport zein ETBren ahalegina eta konpromezua txalotu ditu.
Aizkolarien txapelketan kanporaketa zuzenak egongo direla aipatu du Egur Sporteko arduradunak, final-laurdenak, finalerdiak eta finala. Ekainaren 27an hasiko da lehiaketa, eta bertan Rekondo eta Azurmendi lehiatuko dira. Irabazten duenak Vicenteren aurka jokatuko du finalerdia uztailaren 16an. Saralegi eta Ugaitz Mugertza uztailaren 4an neurtuko dira final-laurdenetan, eta irabazleak finalerdia Txikiaren aurka jokatuko du uztailaren 22an. Azkenik, Otaño eta Mujika uztailaren 11ean neurtuko dira, eta irabazten duenak Larrañagaren aurka jokatuko du uztailaren 25ean.
Finalerdietako hiru irabazleek jokatuko dute finala. Erlojuz kontra, abiadura eta iraupen proba, sei enborretara izango da aurreneko bi kanporaketetan, eta finalean aurreneko bi lanak berdin izango dira, eta iraupen proba aldatuko da, zortzi enbor izango baitira.
Aldaketa batzuk egongo direla azpimarratu du Bengoak, esaterako aizkolarien artean zutik jarritako enborra kendu egin da, izan ere, enbor hori jartzerako garaian laguntzaileak behar izaten dira, eta pertsonen arteko tarte hori errespetatu asmoz kendu egin da.
Berrikuntza bat ere badator, nesken harri-jasotze Txapelketaren lehenengo edizioa antolatu baitu Egur Sportek. Hasiera batean lau ziren parte hartzekoak, baina azkenean hiru izango dira, Zelai III.a, Finol eta Udane Ostolatza. Finolek eta Zelaik 63 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola erabiliko dituzte, eta Udane Ostolatzak, gazteagoa izaki, arroa bat gutxiago izango du, 50 kiloko harriak, alegia. Bi saio horietan lehenengo geratzen denak finalean azkena jasoko du, bigarren geratzen denak bigarren, eta azkena geratzen denak, aurrena jaso beharko du finalean.
Gizonezkoen harrijasotze txapelketan bakoitzak bi saio izango ditu, eta 125eko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabiliko dituzte, bakoitzarekin bina minutuko txandetan. Bakoitzak bi saio izango ditu, eta biak batuta, hiru onenek jokatuko dute finala. Urdax Magunazelaia, Mikel Lopetegi “Urra”, Xabier Peña, Beñat Telleria, “Goikoetxe” eta Inhar Urruzuno izango dira arituko direnak.
Finalak Azpeitian izango diren itaunduta, Bengoaren aburuz horixe litzateke egokiena, beti han jokatu direlako, baina egoeraren bilakaera zein den aztertu beharko da eta horretarako baldintzak dauden edo ez ikusi, hala ere, asmoa hori dela garbi dute antolatzaileek.
Geuresport aldizkariaren edizio digitalaren 12.alea irakurtzeko sakatu HEMEN
Lehenengo alean, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondori, pasa den martxoaren 7an Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren irabazleei egindako elkarriketatxoa ekarri zuten gurera argitalpenaren egileek.
Bigarren alean, egun berean jokatutako 2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren irabazle suertatu zen Xabier Peñarekin elkarrizketa burutu zuten.
Hirugarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketaren irabazlea den Irati Astondoarekin solasaldia irakurtzeko aukera eskeini ziguten.
Laugarren alean, Urdax Magunazelaia harrijasotzailearekin elkarrizketa dakarkigute, azkeneko Urrezko Harrijasotze txapelketan txapeldunorde izandakoa.
Bosgarren alean, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko txapeldunei elkarrizketa irakurgai.
Seigarren alean, Axel Larrañaga eta Markel Zapiain, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko txapeldunei egin diete elkarrizketatxoa aldizkariaren egileek.
Zazpigarren alean, Virginia Finol, Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketako irabazlearekin solasaldia.
Zortzigarren alean, Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketan bigarren geratu zen Nerea Sorondorekin solasaldia.
Bederatzigarren alean, Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketan txapeldunorde izandako Julen Alberdi Txikia IV.arekin solasaldia.
Hamargarren alean, Eneko Otaño, Beizamako aizkolariari egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izan genuen.
Hamaikagarren alean, Iker Vicente, Nafarroa eta Euskal Herriko aizkora txapeldunarekin elkarrizketa.
Euskal Herriko Ingude eta Lokotx txapelketak jokatu dira Abadiñon
Ingudean Gorka Etxeberria eta Karmele Gisasola nagusitu ziren eta Lokotx bilketan Ainhoa Iraizoz eta Unai Iantzi
Herri kirol jaialdia Lekunberrin, datorren igandean
Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako finala zein jaitsiera kanporaketa eta Nafarroako arpana txapelketa mistoa lehiatuko dira
Udane Ostolazak 85 kiloko harria altxatzea lortu du, marka pertsonal berria ezarriz
75 kiloan zuen orainarte errekorra baina oriotarrak marka berria ezarri zuen, 85 kiloko harria leporatuta