ARGITALPENAK/HERRI KIROLAK
Geure Sport aldizkari digitalaren bigarren alea
Geure Sport herri kirol aldizkariaren edizio digitalaren bigarren alea irakurgai dago
2018ko ekainean kaleratu zuten lehenengoz herri kirolak hizpide dituen Geure Sport aldizkaria paperean eta dagoeneko 22 ale argitaratu dituzte jadanik. Berriki, aldizkariaren bertsio digitala atera dute, dagoeneko bi ale argitaratu dituztelarik. Edukieei dagokionez, gai bakarra jorratzen dute eta berau euskaraz zein gaztelaniaz irakurri daiteke.
Lehenengo alean, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondori, pasa den martxoaren 7an Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren irabazleei egindako elkarriketatxoa ekarri zuten gurera argitalpenaren egileek.
Atera berri den bigarren alean, egun berean jokatutako 2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren irabazle suertatu zen Xabier Peñarekin elkarrizketa burutu dute.
Gogoratu behar da, bost harrijasotzailek parte hartu zutela txapelketan eta bostetik hiru sailkatu zirela finalera: Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra, Urdax Mangunazelaia abadiñarra eta Aimar Galarraga oriotarra. 175 kiloko harri errektangularra, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko borobila izan zituzten aurrean eta bakoitzarekin bi minutuko txanda.
Azkenean, Xabi Peña izan zen txapelduna, orotara 5.075 kilo altxatuta: laukizuzenari 9 jasoaldi, kubikoari 10 eta bolari 16. Bigarren Urdax Magunazelaia, sei urtez aparte egon ostean aurten itzuli dena harrijasotze mundura: 4.950 kilo, laukizuzenari 9 jasoaldi, kubikoari 10 eta bolari 15. Aimar Galarraga izan da hirugarrena, 3.700 kilorekin: laukizuzenari 8 jasoaldi, kubikoari 7 eta bolari 10.
Xabier Peña Geure Sport aldizkariari adierazi dioenez, txapel hau irabazi izana oso garrantzitsua da beretzat eta sekulako indarra eman dio aurrera begira.
Peñak magunazelaiarekin izan zuen lehia estua, bere aurretik hasi zuen lana eta aurreneko bi harriei jasoaldi kopuru berdina eman bazieten ere, azkenekoarekin, bolarekin, jasoaldi bat gehiago burutu zuen Peñak, eta horrekin txapela lortu zuen.
Iazko abenduan lehiatutako Harri Handien Txapelketan hirugarren izan zen Aimar Irigoienen eta Jokin Eizmendiren atzetik, eta orain etorkizunari begira, harri handiekin aurrera egiteko indartsu ikusten du bere burua txapel hau irabazi ondoren.
Azkenik, Xabier Peña hunkituta agertzen da harmailetan izandako giro bikainagaitik, eta oso egun ederra izan zela kirolarientzat zein herri kirolarentzat ere azpimarratzen du.
Geuresport aldizkariaren edizio digitalaren 2.alea irakurtzeko sakatu HEMEN
Geure Sport paperean
22. alea argitaratu zuten otsailean honako edukiekin:
-Martxoaren 7an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan lehiatu beharreko herri kirol jaialdia. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala, Emakumezkoen Aizkolari Binakako Txapelketarena eta Urrezko Harrijasotzaileena zein gazte mailako aizkolari txapelketak
-Bestetik, Irlandan amaitutako Goma Gaineko (Indoor) Sokatira Txapelketa. Euskal taldeek eta Euskal Herriko Selekzioak lorturiko dominen analisia, Beti Gazte lesakarrek egindako lan bikainaren goraipamena, etabar
-Otsailaren hasieran Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’ zarauztarrak eta Udane Ostolaza oriotarrak egin zituzten marka saiakeren inguruan ere aritzen da azken ale hau.
-Abadiñon lehiatutako Idi proben emaitzak aipatzen ditu
-Halaber, otsailean egondako herri kirol txapelketa eta saio guztien errepasoa egiten du, emaitza guztiak bilduta.
Geuresport aldizkariaren 22. alea osorik irakurtzeko sakatu HEMEN
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldea nagusitu da Bizkaiko Herri Kirol Ligan
Gautegiz-Arteagan jokatutako saioan, arratzuarrak nagusitu ziren Ondarroa, Mallabia eta Getxoren aurretik
Beti Gaztek, bostik bost
600 kiloko gizonezkoen Euskal Herriko txapela ere jantzi zuen lesakako sokatira taldeak
Urrak, Sorondok eta Amundarain-Soroak jantzi dituzte txapelak
Egur Sportek antolaturiko aizkora zein harrijasotze txapelketen finalak lehiatu ziren igandean Izarraitzen