HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Getxoko 2020ko Sokatira Mundiala hurrengo urtera atzeratzeko ahaleginetan
Irailerako aurreikusita zegoen Lur Gaineko (Outdoor) Sokatira Mundiala 2021ean egiten saiatuko dira
Euskal Herrian lehiatzekoa zen aurtengo lur gaineko mundiala, Getxon hain zuzen ere, irailaren 16tik 20ra bitartean.
Euskal Herriko selekzioa nazioartean aitortua izan zenetik, irailekoa izango da Euskal Herrian lehiatzeko den aurreneko nazioarteko selekzioen txapelketa. Aurretik, 1991. urtean Getxon jokatua zen goma gaineko indoor Munduko Txapelketa, eta 1995an lur gaineko Europako Txapelketa.
Euskal Herria Kirolak jakin izan duenez, ziurtzat ematen da 2020ko irailean Getxon egitekoa zen Sokatira Munduko Txapelketa bertan behera geratuko dela. Oraindik erabakia ofiziala ez bada ere, segurutzat jotzen dute antolaketaren arduratan dabiltzan Federazioko buruek.
Alde askotariko bilerak egiten ari dira Herri Kiroletako arduradunak, koronabirusak sortutako egoeraren aurrean zer egin erabakitzeko. Hipotesi ezberdinak jorratzen ari dira baina ahalegin handienak 2021ko irailera aldatzeko egiten ari dira.
Halere, aukera honek zailtasun handiak ditu, izan ere, 2021ean Holandak eta Suitzak nazioarteko txapelketa garrantzitsu batzuk antolatzeko datak eskuratuak zituzten, eta ondorioz, euren baimena beharko litzateke ezer baino lehen.
Dena den, badirudi hau ez dela trabarik handiena izango, ematen duenez orain arteko bileretan Holandak bere baimena agindua baitu eta Suitzak aste honetan bertan erantzutekoa da. Jose Antonio Lopategi Federazioaren presidentearen ustetan, traba hau gaindituko da, baina beste hainbat arazo daude mahai gainean.
Inportanteena osasunarekin lotutakoa da. Pairatzen ari garen pandemiaren bilakaeraren nondik norakoak aurreikustea zaila da oso eta inork ez daki zein izango den osasun egoera 2021eko irailean. Edonola ere, argi dago neurri zorrotzak hartu beharko liratekeela arriskurik egon ez dadin, herritarron osasunaren lehentasuna oinarritzat hartuta eta 5 kontinenteetako kirolariek hartzen dutela parte kontutan izanda. Eta horrek mundialaren antolaketaren gastuak nabarmen handituko lituzke.
Gauzak horrela, 2020ko antolaketarako sostengu ekonomikoa ziren erakunde nagusiek –Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia eta Getxoko Udala- garbi adierazi diete Federazioko arduradunei inondik inola ezingo luketela 2020rako agindutako ekarpena baino handiagoa egin. Are gehiago, 2021erako egun agindutakoa ere ez dutela bermatzen adierazia dute.
Arazoak arazo eta zaitasun zailtasun 2021en Getxon Herri Kirolaren munduko txapelketa egon dadin gogotik ari dira lanean Herri Kirolaren Federazioan.
Txinga-eroate eta Lasto-jasotze txapelketak jokatu zituzten igandean
Txinga eroaten Nerea Egurrola eta Kerman Perez de Heredia nagusitu ziren eta lasto-altxatzean Garbiñe Lopez de Uralde eta Beñat Amade
Euskal Herriko 4×4 Sokatira Txapelketako lehen saioa lehiatu da
Gizonezkoen 320 kiloko kategorian Beti Gazte nagusitu da eta emakumezkoen 260 kilokoan Ibarrak irabazi du
GeureSport Herri Kirol aldizkariaren 24. alea
Xabier Zaldua, Euskal Pentatloiko txapelduna, eta Urrezko AizkolarienTxapeldunen Liga irabazitako Julen Alberdi azalean dituela kaleratu berri da azken alea