EUSKAL PILOTA
Getaria nagusi plaza libreko desafioan
Argazkiak: Jai Alai News
Lapurdiko Getariako herriak eta haren Olharroa pilota klub ospetsuak ohiz kanpoko zesta-puntako erronka antolatu zuten ikusmin handia piztu zuena, non Zumaia eta Getariako hirukoteak neurtu ziren pasa den larunbatean, uztailaren 3an, plaza librean.
Ohikoa da Iparraldeko, Bearnoko eta Landetako punta-puntako pilotari batzuek Xistera Handiko erakustaldietan parte hartzea plaza libreko frontoietan, batez ere uda garaian, zale asko biltzen dituztelarik erakustaldi horiek. Cannes bezalako hirietan ere jokatzen dira partida horiek, eta hara joaten dira zesta-puntako pilotari profesionalak.
Baina, Getarian uztailaren 3an lehiatutako erronkak pizgarri berezia izan zuen, izan ere, estali gabeko eta ezkerreko hormarik gabeko kantxa luzean aritu zirenak izen handiak dira, esaterako, Iñaki Osa Goikotxea eta Imanol Lopez zumaiarrak, baita Eric Irastorza baionarra ere, zesta puntako garaia markatu eta markatzen jarraitzen duten hiru izen handiak, alegia.
Guztira, sei pilotari aritu ziren nor baino nor gehiago larunbateko jaialdian: Getariaren izenean, Ludovic Laduche, Christian Zamora eta Eric Irastorza. Zumaia ordezkatuz berriz, Cosme Agirre, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez.
Arestian esan bezala, ezker hormarik eta erreboterik gabe (kantxa eta frontisa bakarrik) jokatzen da plaza librean, eta Ipar Euskal Herriko pilotariek badute esperientzia halako pilotalekuetan baina Hego Euskal Herrikoek gutxiago eta hori nabaritu egin zen.
Zumaiarrak ohitura falta dela eta ez ziren eroso aritu kantxa gainean eta azkenean Getariako hirukotea izan zen erronkan nagusi, 2 eta 0 emaitzarekin gailendu zirelarik larunbatean jokatutako desafioan.
PLAZA LIBREA. Iparralde vs Hegoalde. Getaria vs Zumaia
LADUCHE-ZAMORA-IRASTORZA 2
AGIRRE-GOIKOETXEA-LOPEZ 0
Donostiako Grand Slam txapelketako finalistak zehaztu dira
Erkiaga eta Lekerika Barandikaren eta Etchetoren kontra arituko dira
Amaia Aldai eta Nora Mendizabal, txapeldun
Gazten lau eta erdiko finalean berriz, Goiuri Zabaleta nagusitu zen
II. Ametsa Xare Irekiaren finalak ostiralean jokatu ziren
Larrarte I- Mujika II, koskortuetan; Larrarte II- Mujika II emakumezkoetan; Yarza-Garmendia gaztetxoetan, eta Zabalegi-Heras gaztetan izan dira irabazleak