EUSKAL PILOTA
Gaubekak ez du barkatu eta finalera sailkatu da
Argazkiak: Innpala
Pasa den ostiralean, martxoak 11, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaia Frontoian, 2022ko palako banakakoaren finalerdietako ligako azken jardunaldia jokatu zen, Esteban Gaubeka eta Ibai Perezen artean.
Ibai eta Estebanek finalerako txartela zuten jokoan faboritorik gabeko norgehiagoka batean. Hil ala biziko partida izan zen, modalitateko bi espezialista onenen artean, txapel ugari lortu dituztenak, eta elkarren aurka jokatzera ohitutadaudenak.
Norgehiagoka berdinduta aurreikusten zen baina Ibai Perez ez zegoen %100ean osatuta bizkarreko lesiotik eta sestaoarra ez zen bere maila onenean aritu. Armintzako oilarrak odola usaindu zuen eta ez zuen barkatu. Argi eta garbi menderatu zuen partida eta ia ez zion aukerarik eman aurkariari.
Lehen jokoan bakarrik ibili zen Ibai Perez bere ohiko mailatik gertu. Partidaren estreinaldian, sestaoarrak bere jokoa inposatzea lortu zuen eta, akats handirik egin gabe, 10-8 garaitzea lortu zuen. Eguneko bere poz bakarra izan zen. Hortik aurrera dena okertu zen.
Gaubekak fisiko itzela eta indar mental handia erakutsi zuen, lehendabiziko jokoa galdu ondoren eta handik aurrera erabat nagusitu zen. Azken bi jokoek ez zuten historiarik izan. Gaubeka eroso egon zen, agian gehiegi, eta Ibai Perezek, hitzordu honetara bizkarreko arazoekin iritsita, txinpartaka jokatu zuen. Armintzarrak, berriz, partidak aurrera ateratzeko moduari buruzko klase magistrala eman zuen eta garaipen erosoa eskuratu zuen. Hala ere, partida kalitate handikoa izan zen, eta meritu handiko tantoak egin zituzten biek ala biek.
Gauzak horrela, Pala banakakoaren finala Esteban Gaubekak eta Pablo Fustok jokatuko dute datorren larunbatean. Fustok bost txapela irabazitakoa da orainarte eta Gaubekak berriz sei txapela ditu jada etxean, eta emozioz beteriko lehia aurreikusten da inondik inora.
Bestalde, jaialdia Maldonadok eta Gordonek Ibarguren eta Urrutiaren aurka jokatu zuten lehia interesgarri batekin hasi zen. Venado Tuertoko aurrelaria eta Sopelako atzelaria jaun eta jabe izan ziren. Bigarren jokoan bakarrik egon zen oreka, baina beste hiruretan nagusitu ziren partida lau jokotan irabazteko.
Banakako Txapelketa – Finalerdietako 4. jardunaldiako emaitzak
Lehen partida:
Ibarguren-Urrutia: 1 Maldonado-Gordon: 3 (9/10,10/6,9/10,8/10)
Bigarren partida:
Ibai Perez: 1 Gaubeka: 3 (10/8,7/10,4/10,5/10)
Hasi da buruz buruko erremonte txapelketako final laurdenetako ligaxka
Aritz Juaneneak 19-30 irabazi zion Imanol Ansari Kutxabank Torneoko final-laurdenetako ligaxkaren estreinaldian
Tambourindeguyk eta Lekerikak irabazi dute Donibane Lohizuneko hirugarren Masterra
Jon Tambourindeguyk eta Unai Lekerikabeaskoak Goikoetxea eta Aldazabal bi jokotan menderatu dituzte, 11-15 eta 7-15
Nafarroako erremonte txapelketako aurkezpena egin dute
Bost bikotek jokatuko dute ostiral honetan hasi eta urriaren 10ean amaituko den txapelketa