MENDI LASTERKETAK
Gasteiz-Iruñea II Buts zirkuitua, 2021era atzeratu dute
Basque Ultra Trail Series Zirkuituko antolakuntzak agiria atera berri du, Covid-19 koronabirusak eragindako alerta sanitarioa dela eta, 2020ko maiatzaren 1etik 3ra ospatu behar zen proba atzeratzeko erabakia hartu duela jakitera emateko
Aditzera ematen dutenez, egoera sanitario eta sozial larriak eragotzi egiten du Gasteiz-Iruñea lasterketa segurtasun eta kalitate-berme egokiekin egitea gaur egungo krisi globaleko une honetan, non, gainera, haien iritziz lehentasuna eman behar zaio elkartasunari, kirolarekiko zaletasunak, kasu honetan trail runninga, bigarren maila batera pasatu behar delarik.
Halaber, data berri baten aukerak sakon aztertu eta urteko azken lauhilekoan izango den lasterketen pilaketa egiaztatu ondoren, proba 2021eko maiatzaren 7an egitea erabaki dutela gaineratzen dute antolatzaileek. Buts Zirkuituaren konfigurazio bereziak, urtero proba ezberdin bat eginez, aukera hau ahalbidetzen du, ustez egokiagoa dena parte-hartzaileen eta boluntarioen segurtasuna nahiz lasterketaren kalitatea bermatzeko.
Horrek esan nahi du 2021ean II Basque Ultra Trail Series Zirkuituko bi proba egingo direla: Gasteiz-Iruñea maiatzaren 7/9an eta Iruñea-Donostia uztailak 23/25an. Lasterketarako izen-emateak indarrean jarraitzen du 2021erako, eta edozein arrazoirengatik data berrian proban parte hartzea ezin duten edo nahi ez duten parte-hartzaileei antolakuntzak, araudian jasota ez badago ere, dortsala beste parte-hartzaile bati eskualdatzeko aukera emango die.
Azkenik, Trail 52 Sport Mendi Klubak, eskerrak ematen die boluntarioei, laguntzaileei eta babesleei, guztion ahaleginarekin eta konpromisoarekin 2021ean berriro mendian elkar ikusteko deia egiten dutelarik.
Basque Ultra Trail Series zirkuitua ultra distantziako lau mendi lasterketaz osatutako kirol proba bat da. Lau proba horiek Euskal Herriko lau hiriburuak lotzen dituzte, eta 110 eta 140 km artekoak izaten dira, beraz 500 kilometro dira guztira. Lasterketak urtero behin lehiatzen dira, partaideek fisikoki osatzeko denbora izan dezaten eta lau hiriak mendiz lotzeko erronka bete ahal izan dezaten.
Zirkuitua mendizaletasunaren berezko balioak –errespetua, elkartasuna eta jarduera fisikoaren bidez natura ezagutzea– sustatzeko eta Euskal Herriko geografiak paisaia aldetik duen aberastasuna zabaltzeko asmo eta borondatearekin sortu zen.
Alde horretatik, balizatutako bidezidorrak (GRak, PRak eta Santiago bidea) sustatzen ditu zirkuituak eta, horrez gain, ibilbideko zidor eta bideak berreskuratzeko eta mantentzeko ahalegina egiten du, esku hartzen duten erakunde eta organismoekin elkarlan estuan.
Ibilbide horretan, korrikalariek beren gaitasun fisikoak eta teknikoak jarri ahal izango dituzte proban, mendi-mendiko ingurunean, 1.500 metro arteko gailur eta lekuetan, lur-bideetan, belardietan zein harkaitz-eremuetan.
Basque Ultra Trail Series Zirkuituak sailkapen nagusi orokor bat izango du (gizonezkoena eta emakumezkoena) eta horren arabera erabakiko da nor diren Zirkuituko txapeldunak eta sarien irabazleak.
Zirkuitua osatzen duten lau probetan hainbat puntu banatuko zaizkie partaideei, haien sailkapenaren arabera.
Lehen hiru probetako irabazleak 100 puntu eskuratuko ditu, eta laugarren lasterketaren irabazleak 150 puntu, gainontzeko partehartzaileentzat ere puntu banaketa berdina egongo da lasterketetan, Donostia-Bilbao proban ezik, azken honetan irabazlearekin egiten den bezala, puntu gehiago banatzen direlarik.
Zirkuituaren azken sailkapena partaide bakoitzaren hiru lasterketa onenen puntuen batuketaren araberakoa izango da. Horrenbestez, lau probetan parte hartu duen korrikalari baten puntu kontaketa egiteko bere emaitzarik txarrena kenduko zaio. Zirkuituko irabazlea lau probak eta gero puntu gehien lortu duen lehiakidea izango da.
Zornotzako Nazioarteko Krosaren edizio berria urrian jokatuko da
Urtarrilaren 10erako aurreikusita zegoen lasterketaren 67. edizioa ez da hasierako data horretan egingo
Skyrunner World Series Zirkuituaren egutegia aurkeztu dute
Egutegiko hamahiru proben artean, irailaren 26an jokatuko den Gorbeia Suzien lasterketa dago, Euskal Herrian egingo den bakarra
Zegama-Aizkorri mendi maratoia, ekainaren 6an
2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan ostean, datorren urteko data zehaztu du lasterketaren antolakuntzak