“Futbola ez da ofizialtasuna lortzeko errazena, baina badu eredu izateko aukera.”
DAVID SALINAS-ARMENDARIZ
KIROL ZUZENBIDEAN ADITUA
berria.eus
→ DAVID SALINAS-ARMENDARIZ • 2018.12.18 • berria.eus
→ Argazkia: Luis Jauregialtzo / FOKU
«Espainiako federazioari akordioa lortzeko aukerak eskaini behar zaizkio, agian muga batzuk onartuz»
Euskadiko Futbol Federazioak ofizialtasunaren bidean harturiko erabakia aztertu, eta bere ustez aurrerantzean eman beharreko balizko pausoak azaldu ditu Salinas-Armendarizek. Auziaren judizializazioaz hitz egiteko goizegi dela iritzi dio.
Imanol Magro Eizmendi
Inor gutxik adina ezagutzen ditu ofizialtasun eskaeren bide eta zirrikituak. David Salinas-Armendarizek (Santurtzi, Bizkaia, 1962) eman zituen hitzaldi informatiboak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko futbol federazioetan, eta iragan asteazkenean Durangon egon zen, Euskadiko Futbol Federazioaren bileran. Kafesne baten epelera mintzatu da BERRIArekin.
Zein gorputzaldirekin irten zinen Euskal Futbol Federazioaren bileratik?
Pozik, oso pozik. Eman beharreko pausoa zen, bide baten hasiera. Kanpotik, halere, deigarria zen orain arte Euskadiko Futbol Federazioak [EFF] ofizialtasuna lortzeko borondate akordiorik ez bozkatu izana. Agintarien adierazpenak bazeuden, ofizialtasunaren aldeko pausoak ematen ari zirela, eta egia da kirol arloan eman izan direla; esaterako, euskal selekzioak goi mailan jokatu izan duenean. Zaleen aldetik ere aurrerapausoak baziren, gizarte babes handi batekin, partida jakin batzuetako txakalaldiak albo batera utzita. Baina ez zegoen federazioaren erabaki ofizialik. Pozik ere banago, eta emaitza oso argia izan zen arren, Euskadiko Federazioaren barnean pauso hau ematearen aurkako jarrerak zeudelako; parte hartze handia izan zelako, ohikoa baino handiagoa horrelako bileretan; eta baiezkoa irten zelako. Emaitza hau euskal futbolean dugun kapital garrantzitsu bat da, borondatea zein den argi gelditu da.
Klubek interesa erakutsi dute.
Argi dago. Lehendabizi, batzarkideen parte hartzea azpimarratuko nuke, eta bereziki euskal selekzioko jokalariena, gizonezko eta emakumezkoak, zein jokalari ohiena, Koikili Lertxundirengandik hasita. Gero, Jon Redondo Jaurlaritzako kirol zuzendariaren bultzada, ezinbesteko motorra izan da prozesuan. Nabarmendu nahi nuke ere Kike Zurutuza, Euskal Herria Kirola elkartearen burua, hark eginiko lanagatik. Denok goaz elkarrekin, nahiz eta eskumena eta benetako ordezkaritza EFFri dagokion. Horiek horrela, ez da ahaztu behar Luis Mari Elustondoren eskutik etorri zaigula Durangoko bilera eta erabaki historiko hau, bera izan baita halakorik lortu duen federazioko lehen presidentea.
Eta zu? Nola sartzen zara honetan guztian?
Ni Eusko Jaurlaritzako letradun gisa, hainbat urtetako eskarmentuarekin, ofizialtasunarekin zerikusia duten hainbat epai prozesutan parte hartzeko aukera izan dut. Ordu asko eskaini dizkiot gaiari. Kirol zuzenbidearekin zer ikusia zuten gaiak Jaurlaritzako zuzenbide zerbitzuetara iritsi izan direnean, niri eman izan dizkidate betidanik, eta, kirol zuzendaritzak gaiaren inguruan txostenak prestatu, hitzaldiak eman edo iritzia eskatu izan didanean, gustura asko egin izan dut. Ematen ari garen pauso hauek oso erakargarriak dira niretzat, eta, eskatzen badidate, ahal dudan guztian laguntzeko prest nago.
Ofizialtasunaren bidea hasi du euskal futbolak. Zein da hurrengo pausoa?
Akordioa gauzatu behar da. Euskal futbolaren borondatea betearazi, eta formalki eta modu zuzenean eskatu integrazioa FIFAn eta UEFAn. Ez da erabaki Espainiako Federazioari eskaera egitea, ez da hori bozkatu: eskaera zuzena bozkatu da. Zer esan nahi du horrek? Nik ulertzen dudanez, akordio hau dokumentatu egin behar da, baita haren bideragarritasun juridikoa eta sostengatzen duten arauak ere, eta formulazio bat egin nazioarteko futbol erakundeei. Espainiako Federazioaren baimenak baldintzaturiko formulazio bat da, halere, FIFAren estatutuek horrela eskatzen dutelako, eta baimen hori eskatu egin behar da.
Baimen hori eskatuko dugu. Ez da gai erraza eta Espainiako Federazioarekin negoziazio epe baten irekiera ere eskatuko da. Horrek akordio proposamen eremu bat irekitzen digu, eta hor aukera asko daude. Aukera asko daudela nabarmentzean, esan nahi dut EFFren partetik kontzesioak egin daitezkeela, bere buruari ezarritako muga batzuk onartuz. Lehiaketa mailako mugak adibidez, beste kasu batzuetan existitzen diren bezalakoak. Espainiako Federazioak ikus dezala bere ordezkapen ahalmena ez dela kaltetzen. Federazio bakoitza bere lurralde eremuaren ordezkaria izan daiteke, baina akordio baten barnean, eta horrela gu ere erabakitzeko ahalmena duten organo horietan egon ahal izango gara. Eman daitekeen akordio bat da, bi aldeei interesa dakiekeena. Bide hori esploratu egin behar da.
Zer negoziatu daiteke?
Gai hau jorratzean Gibraltarren kasua datorkit burura, jakinda ere alde handia dagoela bien artean. Gibraltarko Futbol Federazioak UEFAn eta FIFAn eskubide osoko kide gisa sartzeko aukera izan arren, bere buruari lehiatzeko mugak ezartzeko prest agertu zen. Zein arlotan? Bada, Espainiaren aurka ez jokatzea onartu zuen. Gibraltarrek uko egin dio Espainiaren aurka jokatzeari nazioarteko lehiaketetan. Zozketak bideratuta daude. Eta eredu hori zergatik ezin da baliagarria izan Euskadiko Federazioaren kasuan? Guk Espainiako Federazioaren nahi hori errespetatu nahi badugu, aurrekari horretara jo dezakegu. Hori aukera bat da.
Beste aukera batzuk badaude; esaterako, uko egin dakioke lehiaketa ofizial batzuetan parte hartzeari, eta trukean UEFAk eta FIFAk lehia guztietan partidak jokatzea ahalbidetu diezagutela. Orain, Europan batez ere, selekzio asko ezetz esaten ari dira selekzio ofiziala ez garelako. Edo zuk antola dezakezu txapelketa propio bat. Jaurlaritzak buruan duen egitasmo bat da, baina FIFA edo UEFAren barnean joka dadila. Nire ustez, horregatik bakarrik merezi du nazioarteko erakundeetan egotea. Dena da negoziagarria. Euskadiko Federazioak eskaintza bat egin behar du, eta Espainiakoari aukerak eskaini behar zaizkio akordioa lortzeko, agian muga batzuk onartuz. Zaila dela? Badakigu, izan ditzakeen ondorioengatik, eremu politikoan sar daiteke, baina bide hori urratu behar da.
Badirudi lege eremuan jokatu den bezainbeste jokatuko dela eremu politikoan.
Ez pentsa. Kirolak zer nahi duen eztabaidatzen ari gara. Euskal Herriko surfak bere bileran erabaki zuen nazioarteko erakundeetara itzuli nahi duela. Futbolak ere pauso bera eman du; ez herrialdeak, euskal futbolak baizik. Hori da iritzia eman zuen eremua. Britainia Handian inoiz ez dute arazorik izan honekin; are gehiago, nazioarteko federazio batzuetan Britainia Handia dago, eta alboan Eskozia edo Gales. Eta elkarren aurka jokatzen dute, arazorik gabe, eta kirolariek aukeratu egin dezakete zeinen izenean lehiatu.
Zein epe izan dezake Espainiako Federazioarekin egin beharreko negoziazio horrek?
Ez dut uste eskaeraren prestaketa eta aurkezpena asko atzeratuko denik. Azken hitza Euskadiko Federazioak du, baina, nire ustez, Espainiako Federazioari proposamena eskaini eta berea pentsatzeko denbora eman behar zaio. Ez dago presarik, gaia tiraderan sartu gabe noski, baina ez dut uste hau urte luzeko kontua izango denik. Baietzak eta ezetzak arrazoituak izan daitezela, eta prozesua publikoa izan dadila, zaleak bakoitzaren jarrera zein den ezagutzeko eskubidea baitu.
Euskal Kirol legeak nazioartean lehiatzeko ahalmena aitortzen die euskal federazioei.
Bai. Konstituzio Epaitegiak testualki esan zuen Euskadiko federazioek nazioarteko erakundeetan integratzeko ahalmena dutela. Nazioarteko federazioak elkarte pribatuak dira, euren legeak ezartzen dituztenak. Kirol federazio batek ez du estatu bat ordezkatzen, estatu horretan dagoen kirol horren jarduera baizik. Nahiz eta Espainiako estatuko abokatuek eremu horretara eraman nahi duten, ez dira nazioarteko erakunde publikoak. Nazioarteko federazioek erabakitzen dute nor onartu eta nor ez.
Espainiako Futbol Federazioko presidenteak esan du ofizialtasuna «gauzatu ezina dela», eta Durangoko bileran izandako quoruma auzitan jarri du.
Quorumari dagokionez, Euskadiko Federazioaren aurreko urteetako bileretara baino batzarkide gehiago joan ziren. Espainiako Federazioko presidenteak badaki, aurretik Espainiako Futbolarien Elkarteko presidente izan zen heinean, akordioak agertzen diren kideen arabera hartzen direla. Kalitate eta kantitate aldetik, bilera handia izan zen, eta erabakiak berme osoa du. Eta «gauzatu ezinari» buruz, hori kontzeptu metafisiko bat da, gutxitan ematen dena. Kasu honetan, Espainiako Federazioko presidenteak esana du hitz egiteko prest dagoen pertsona dela, eta ziur nago, hala bada, Euskadiko Federazioak egingo dion negoziazio epea onartuko duela.
Espainiako Federazioarekin akordiorik ez balego, nazioarteko epaitegietara jo beharko litzateke? Zein bide daude hor?
Ikusteko dago hori. Pausoz pauso joan gaitezen. Abokatuoi auzibideak gustatzen zaizkigu, baina ni akordioa lehenestearen aldeko naiz, auzibideek beti dutelako bere arriskua. Futbolaren bidean ikusi behar da instantzia bakoitzak zer arrazoi ematen duen. Ezezkoa jasoz gero, agian beste kasu batzuekin aldera dezakezu, diskriminazioa egon den ala ez aztertu, TASen beste laudo batzuk aztertu… Futbolean baino argiago ikusten dut balizko pauso hori surfean. Hor bai, nire ustez, nazioarteko federazioaren ezezko batek nazioarteko epaitegietan helegitea ezartzeko aukera hobea emango liguke. Eta, bide batez, aurrekari bat ezartzeko aukera emango liguke beste kirol batzuetarako, futbola barne. Nire ustez, futbolean goiz da gaiaren judizializazio bati buruz hitz egiteko.
Gibraltarren onarpenaren ondoren egoera asko aldatu dela esaten da. Zer pasatu zen zehazki?
Euskadiko eta Kataluniako federazioek Gibraltar ate joka hasi zenean [1997an] hasi behar zuten bidea. Iraganari buruz hitz egitea ez da ona, baina gogoratu behar da EFFk orduan hasi izan balitz, selekzioaren partidek jendetzak biltzen zituztenean, orain barruan geundeke. Zer pasatu zen? Bada, Gibraltarrek bere eskaera egin ondoren, UEFA eta FIFAko estatutuak aldatu zituztela. FIFA placet estatala [estatuko federazioaren baimena] eskatzen hasi zen, eta UEFA NBEk onarturiko nazioa izatea. Gibraltarrek 20 urteko epaibidea egin zuen TASek arrazoia eman zion arte, sarrera eskaera estatutuak aldatu aurretik hasi zuelako. Arrisku horren aurrean, Espainiako federazioa izan zen estatutuen aldaketa gehien bultzatu zutenetako bat. Gibraltarren hor zegoen, eta Euskadi eta Katalunia zituen buruan. Kosovorekin gertatu zaio, eta azkenean onartu du, NOBk mehatxu egin dionean.
Ofizialtasuna eskatu arren, Euskadiko Futbol Federazioak ez du zertan Espainiako Federaziotik irten. Azaldu ezazu hori.
Alde horretatik ez dago ezer aurretik ezarria. EFFk uste badu ez duela Espainiako Federazioa utzi behar, ez du zertan oztopo izan eserleku bat lortzeko UEFAn eta FIFAn. Bi aldeak ados badaude, ez. Ez da planteatzen Espainiako Federazioarekin haustea. Eta ligekin berdin, federazio ofizialek ez dute zertan liga propiorik osatu. Ligak elkarte pribatuak dira. Galesko taldeek Ingalaterrako liga jokatzen dute, eta Eskoziakoek ez. Zergatik? Hala erabaki zutelako. Baina hori bihar alda daiteke, eremu pribatuko akordioak direlako.
Hori da Olinpiar Jokoekin dagoen aldea?
Hori da, eta ondo dago aldea ulertzeko. Jokoetan parte hartzeko Olinpiar Batzorde propioa izan behar duzu, eta batzorde hori NBEk onarturiko estatuei bakarrik aitortzen zaie. Eskoziak eta Galesek nazioarteko federazioen antolaturiko ia lehia guztietan jokatzen dute, baina Olinpiar Jokoetan Britainia Handiaren izenean parte hartzen dute. Olinpiar eremua NBEk onarturiko estatuei mugatzen da, beraz, surfa olinpiar kirola izango den honetan, eta Nazioarteko Surf Federazioak Euskal Herrikoa onartuko balu ere, euskal surflariak ezingo lirateke Euskal Herriaren izenean lehiatu jokoetan.
Futbolaren bide honetan, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria zein tokitan gelditzen dira?
Ez dut arazo handirik ikusten. Euskal selekzioak, Euskal Herrikoak, betidanik izan ditu Iparraldeko eta Nafarroako jokalariak. Hori ez da aldatuko. Selekzioa lehiaketa ofizialetan sartzen bada, lurralde horietako jokalariak deitu ahal izango ditu, eta haiek erabakiko dute onartzen duten ala ez.
Futbolaren eskaerak beste kirol batzuk erakar al ditzake?
Nazioarteko federazio askoren estatutuak ikertu, eta estatu ez diren nazioek sartzeko aukera gehien non duten bilatu dugu. Boxeoan eta surfean aurrera egin dugu. Aurki beste pare bat iritsiko dira. Futbola ez da ofizialtasuna lortzeko errazena, agian zailenetakoa da, baina badu eredu izateko aukera. Baikorra naiz futbolean hau gertatu delako, atzean desinformazio asko egon baita, eta beldur asko zabaldu baitira. Ez da gai bat hertsiki politikoa dena, askotan ulertarazi den bezala. «Independentziarik gabe ez dago selekziorik», diote, eta ez da horrela, badaude aurrekariak. Aurrekoan, Ainhoa Tirapu eta David Zurutuzarekin hizketan, oso inplikatuak daude gaian biak, esaten zidaten harrigarria dela zenbat gauza sinetsarazi dizkieten: hau guztia itxia zegoela, fitxa kenduko zietela… Ez dira egia. Gauzak argitu behar dira eta beldurrak uxatu.
UEFAk eta FIFAk ezartzen duten placet-a eta halako baldintzak ohikoak dira nazioarteko federazioetako estatutuetan?
Bai. Halere, estatutuak aztertzen, uste baino gehiagotan aurkitu dugu ez dela halakorik eskatzen. Are gehiago, askotan elkartekide moduko figurak onartzen dituzte. Normalean, Eskozia eta Gales izaten dira horiek. Bigarren Mailako kide zara akordioak egiteko, baina lehiatzeko eskubidea duzu, eta horregatik bakarrik merezi duzu estatus horrekin sartzea.
[IX.EHTxapela] Osasuna – Alaves, abenduaren 8an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren laugarren partida izango da
[IX.EHTxapela] Reala 0-2 Osasuna
Osasunak irabazi du aurtengo IX.Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren bigarren partida
[IX.EHTxapela] Athletic – Reala, azaroaren 24an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren hirugarren partida izango da