E-KIROLA/FUTBOLA
FIFA21 e-kirol Euskal Liga aurkeztu da Bilbon
Game Erauntsia Elkarteak, Gu ere Bai! ekimenak eta Hamaika Telebistak FIFA 21 Euskal Liga aurkeztu dute Bilbon. PlayStation 4 plataformaz baliatuz, martxoaren 1ean hasiko da txapelketa, etxetik euskal kirolarien eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egiteko, Euskal Herritik mundura.
Gu ere Bai ekimenak, euskal selekzioen ofizialtasunaren manifestuaren sinatzaileak eta Game Erauntsia Elkarteak, euskal bideo-jokozaleen komunitateak bat egin dute Hamaika Telebistarekin FIFA21 Euskal Liga berriro antolatzeko. Izen-ematea otsailaren 25erarte dago irekita eta apirilaren 4ean Aberri egunarekin bat eginez amaituko da txapelketa.
Hiru antolatzaileen ordezkariak Bilboko San Mames estadioan bildu dira txapelketaren nondik-norakoak azaltzeko. Gu ere Bai! ekimenaren ordezkaria, Patxi Gaztelumendik, bideo-jokoak ere gure selekzioek nazioartean parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko baliagarriak direla azpimarratu du. Game Erauntsiaren partetik, Garikoitz Larrañagak FIFA21 Euskal Liga euskara eta bideo-jokoak uztartzeko aukera bikaina dela adierazi du. Ainhoa Jauregi, Hamaika Telebistaren ordezkari bezala, txapelketaren finala zuzenean jarraitzeko bide anitz eskainiko dituztela zehaztu du, LTD Lurreko Telebista Digitalaren bidez, Euskalteleko Telebista zerbitzuaren bidez eta webgunetik. Horiekin batera, finala kontatuko duten Olatz Foruria eta Beñat Zarrabeitia kazetariak egon dira aurkezpenean.
Euskal Liga izanik, Alaves, Athletic Club, Eibar, Reala eta Osasunaren gizonezkoen taldeak erabiliko dira norgehiagoketan, izan ere, Electronic Arts-en bideo-jokoak ez ditu emakumezko taldeak eskaintzen, selekzioak salbuespen.
Txapelketa osoa euskara hutsez antolatu eta jokatuko da. Finala Hamaika Telebistaren Bilboko egoitzan jokatuko da Aberri egunarekin bat eginez apirilaren 4an. Hamaika Telebistan zabaltzeaz gain, finala Game Erauntsiaren Twitcheko kanalean ere jarraitu ahal izango da, Euskal Herri osoan ez, baizik eta mundu guztian ikusgai izateko. Irabazleak hainbat sari jasoko ditu.
Izen-ematea Game Erauntsiaren webgunearen bitartez gauzatu behar da, bertan jadanik araudi osoa eskuragarri dagoelarik. Izena emateko epea martxoaren 16tik 25era da. Parte-hartzeko PlayStation 4-ko FIFA21 jokoa eta Internet konexioa beharrezkoak dira.
Aurrekariak
Pasa den urtean FIFA20 Euskal Liga antolatu zuten Game Erauntsia Elkarteak eta Gu ere Bai! ekimenak. Guztira 150 lagun inguruk izena eman zuten FIFA20ra PlayStation 4ean jokatzeko. Guztira 100 norgehiagoka baino gehiago jokatu ziren eta 800 gol baino gehiago sartu. Hamaika Telebistak finala igorri zuen eta emanaldia gertaera gogoangarria izan zen, historian lehenengo aldiz telebista batek euskaraz eta zuzenean e-kirol txapelketa bat eman baitzuen.